Irakaskuntza

Jaurlaritzak «ikastetxe pribatuen alde» egiten duela salatu du Steilasek

Txosten bat aurkeztu dute, sindikatuaren ustez «Hezkuntza Sailaren utzikeria, kontrol eza eta ikastetxe pribatuen aldeko tratua eta konplizitatea» agerian uzten dituena

Ainhoa Astigarraga eta Juan Zubia, agerraldian. MONIKA DEL VALLE
gotzon hermosilla
2022ko urtarrilaren 18a
16:14
Entzun

Steilas sindikatuak Hezkuntza ez dago salgai izeneko txostena aurkeztu du, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sistemaren ezaugarriak eta bilakaera aztertzen dituena. Sindikatuaren ustez, ikerketak argi uzten ditu Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren «utzikeria, kontrol eza eta ikastetxe pribatuen aldeko tratua eta konplizitatea», eta, horren ondorioz, eskola publikoa ikastetxe pribatuen  «subsidiario» bilakatzen da.

Sindikatuko kide Juan Zubiak aletu ditu txostenaren puntu nagusiak. Azaldu duenez, ikastetxe pribatu batean ikasgela bat ituntzeko prozesu bati jarraitu behar zaio: ikastetxe horrek baimen administratiboa behar du, planifikazio bat egiten da, eta, horren arabera, onarpen prozesu bat zabaltzen da, betiere bete beharreko baldintza batzuk ezarrita. Zubiak esan duenez, zenbait kasutan baldintza horiek ez dira betetzen eta, hala ere, ikasgela horiek onartu egiten dira.

Adibidez, baldintza horien artean dago doakotasunaren derrigortasuna, baina, hala ere, itunpeko ikastetxeek kuotak kobratzen dizkiete familiei,  «batzuetan borondatezkoak direlako itxurak eginez eta beste batzuetan zuzen-zuzenean derrigortasuna adieraziz». Erlijio ekintza guztiak borondatezkoak izatea da beste baldintza bat: Steilasek salatu duenez, ikastetxe pribatu batzuetan hau ez da betetzen. Azkenik, arautegiak zehazten du irakasleen kontratazioa «merezimenduan eta gaitasunean» oinarrituta egin behar dela; hala ere, mutikoak baino onartzen ez dituzten ikastetxe pribatu batzuetan ez dute maistrarik kontratatzen.

Irregulartasunak

Txostenean ageri denez, «iruzur eta irregulartasunak» atzeman dituzte prozeduretan. Zubiak salatu du badirela «baimen administratibo nahikorik izan gabe planifikazioan sartzen dituzten gelak», eta zenbait adibide eman ditu. Gasteizko Presentacion de Maria ikastetxeak, esaterako, 146 ikaspostu edukitzeko baimena du Haur Hezkuntza bigarren ziklorako: txostenean agertzen denaren arabera, 2012tik 2021era urtero gainditu dute edukiera hori: «Hori irregulartasuna da, baina administrazioak utzi egin die, eta beste alde batera begiratu du», azaldu du Zubiak; «guk ikusi badugu, beraiek ere ikusiko zuten».

Eskaintza nahikoa egon arren ikastetxe pribatuei unitate berriak planifikatzeari baiezkoa ematea da Steilasek salatutako beste «irregulartasun» bat. Normalean, eskaintza nahikoa duen eskualde batean itunpeko ikastetxe batek planifikazioa aldatzeko eskatzen duenean, lurralde ordezkaritzako funtzionarioek ezezkoa ematen diete. «Baina gero, erreklamazioa aurkezten dutenean, hori Lakuaren erabakia izatera pasatzen da, eta Lakuan beti dago esku magiko bat eskaera horiei baiezkoa ematen diena».

Eskola mapak aintzat hartzen ez dituzten planifikazioak, eraikin batean ikastetxe bat baino gehiago egotea -Donostiako Karmelo ikastetxea aipatu dute horren adibidetzat- eta beste «azpijoko, irregulartasun eta arau hauste» batzuk ere aipatzen dira txostenean.

Orain, 2022-28 eperako hezkuntza eskaintza finkatu behar da. Steilasek esan duenez, egungo egoera urtebetez luzatzea erabaki da, baina beldur dira behin-behineko aterabide hori 2028ra arte luzatzea erabakiko ote duten. Kontuan izanik 2011tik 2020ra Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jaiotze tasa %30,3 murriztu dela, beldur dira egungo eskaintza «puztuari» eustea eskola publikoaren kaltetan izango ote den.

Steilaseko Ainhoa Astigarragak esan duenez, «sistema birpentsatzeko» hautua egin den honetan «erabakiak hartzeko unerik egokiena» dute, eta erabaki horiek «hezkuntza publikoa sendotzeko norabidean» hartu beharko lirateke: «Gure proposamena argia da: hezkuntza sistema publikoa indartu, eta horretarako sare publiko bakarrerantz pausoak ematea». Ikastetxe pribatuak publiko bilakatzen joateko «legezko esparrua» proposatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.