Adierazpen askatasuna

Valtonyc ez estraditatzeko erabakia berrikusteko agindu dute

Rap kantaria Espainiari entregatzeko eskaria atzera bota zuen Ganteko Apelazio Auzitegiak. Orain, Belgikako Kasazio Auzitegiak erabakia berrikusteko agindu du.

Valtonyc rap kantaria, bere abokatuetako batekin, Belgikako Kasazio Auzitegiaren atarian, joan den astean.. JAVIER ALBISU / EFE
2022ko urtarrilaren 18a
16:31
Entzun

Josep Miguel Arenas Valtonyc rap kantaria (La Puebla, Mallorca, Herrialde Katalanak, 1993) ez Espainiaratzeko erabakia berrikusteko agindu dio Belgikako Kasazio Auzitegiak Ganteko Apelazio Auzitegiari. Bere kantuetan Espainiako koroari irain egiteagatik eta terrorismoaren gorazarrea egiteagatik fiskaltzak egindako eskaera atzera bota zuen lehenik Ganteko epaitegiak, eta, ondoren, mehatxu delituengatik egindako eskaria ere bai. Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen, eta, orain, kasazio auzitegiak partzialki onartu du haren eskaera; koroari irain egitearen delituari dagokionez soilik berrikusi beharko du erabakia.

Valtonycen abokatu Gonzalo Boyek azaldu duenez, «Kasazio Auzitegiak atzera bota du terrorismoaren gorazarrea egitearen eta mehatxuen delituetan Ganteko Fiskaltzak jarritako helegitea». Haren hitzetan, «auzia Ganteko Apelazio Auzitegira berriro bidaltzeko agindu du soilik koroari irain egitearen delituaren inguruan bere erabakia birformula dezan». Efe berri agentziari iturri judizialetatik azaldutakoaren arabera, kasua Flandriako auzitegira itzuliko bada ere, aurrez auzia ebatzi zuten epaileek ez, beste batzuek hartu beharko dute orain erabakia.

Valtonyci hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten 2018ko udaberrian Espainian, bere abestietan terrorismoaren gorazarrea, mehatxuak eta Espainiako koroari irain egitea leporatuta. Urte hartako maiatzaren 24an, kartzelara sartzeko epea bukatzen zitzaion egunean, musikariak erbestera jo zuela jakin zen. Horren ondorioz, Espainiak hura atxilotzeko eta estraditatzeko euroagindua eman zuen.

Ordudanik, Belgikako justiziak mahai gainean izan du gaia, hara jo baitzuen musikariak. Urte hartan bertan, Ganteko auzitegi batek ez zuen onartu musikaria estraditatzea, kantuen hitzak adierazpen askatasunak babestuak zeudela ebatzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.