Sexu esplotazioa

Emakume txinatarrak sexualki esplotatzen zituen sare bateko 50 kide atxilotu dituzte Bilbon

Txinan atzematen zituzten emakumeak, Euskal Herrira eta Espainiara ekarri eta prostituzioan erabiltzeko.

Espainiako Poliziako arduradunak operazioaren nondik norakoak azaltzen, gaur, Madrilen. FERNANDO VILLAR / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko urtarrilaren 18a
16:40
Entzun

Espainiako Poliziak 50 lagun atxilotu ditu Bilbon, egotzita emakume txinatarrak Euskal Herrira eta Espainiara ekarri eta haiek sexualki esplotatzen zituen sare bateko kide izatea. Denera 63 lagun atxilotu dituzte Goliat-Boga operazioan: hirurogei txinatar, pakistandar bat eta Espainiako nazionalitatea duten beste bi. Bi fasetan egin dute operazioa, Zaragozan (Espainia) eta Bilbon.

Sarearen burua azken hamalau urteetan Espainian bizi izan den emakume bat zen, lehendik ere delitu beragatik atxilotuta egondakoa Bartzelonan. Poliziaren arabera, beste gizon txinatar bati esker izan dute sarearen berri. Hark jarri zuen lehen salaketa. Babestutako testigua da, eta informazio gehiago eman ez duten arren, argi utzi dute ez zela sarearen bezeroa.

Carlos Rio-Miranda Iglesias da legez kanpoko migrazioez eta dokumentu faltsuez arduratzen den Espainiako Poliziaren adarraren komisarioburua. Hark azaldu duenez, bi taldetan egiten zuen lan sareak, baina koordinatuta zeuden. Bilboko adarra (han atxilotu dituzte 50 lagun) emakumeen legezko egoera erregulatzeaz arduratzen zen, lan kontratu eta erroldatze faltsuen bidez. Zaragozakoa, berriz, Txinan emakumeak atzeman eta ekartzeaz.

Ia esklabo bihurtuta

Emakume bakoitzak 8.000 eta 10.000 euro artean ordaintzen zituen etorri ahal izateko, eta, denera, legez kanpoko erakundeak bost milioi euro inguru irabazi dituela kalkulatu dute. Zaragozan, hamabi lagun atxilotzeaz gain, bost emakume askatu dituzte. Azken atxiloketa Madrilen egin dute; ustez, sarea hara zabaldu nahian zebiltzan, eta jada alokatua zuten pisu bat.

Denera zortzi etxebizitza erregistratu dituzte, eta, Poliziaren arabera, bakoitzean bizpahiru emakume erabiltzen zituzten prostituziorako. Tarteka etxez aldatzen zituzten, baina beti egoera oso txarrean: eguneko 24 orduetan egoten ziren bezeroen zerbitzuan, inongo osasun edo higiene neurririk gabe. «Oso egoera txarrean zeuden, janariz eta arropa zikinez betetako kamainetan», azaldu du Espainiako Poliziak: «Merkantzia gisa tratatzen zituzten».

Azaldu dute Txinan atzematen zituztela emakume horiek, 40 urte ingurukoak, Europan bizimodu hobea izango zutela hitzemanda. Erakundea arduratzen zen bidaiaz, bisaz eta ostatuaz, eta behin Europan zeudela gaizkileek esaten zieten 30.000 euroko zorra zutela eurekin.

Prostituitzera behartzeaz gain, drogak hartzera ere behartzen zituzten. Miaketetan heroina, haxixa eta ketamina aurkitu dituzte, baita 115.000 euro ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.