Bankuak

Sareben etxe guztien %0,3 baizik ez daude salgai Euskal Herrian: 139

Espainiako Estatuak banku txarraren kontrola hartu du.  35.000 milioiko zorra dauka oraindik kitatzeko, eta zor publikoa da 2021eko martxoaz geroztik.

Sareben etxebizitza batzuk salgai. BERRIA
xabier martin
2022ko urtarrilaren 18a
19:14
Entzun

Espainiako bankuen erreskatearekin batera PPko gobernuak sortutako banku txarrak apenas duen etxebizitzarik salgai Euskal Herrian. Banku eta kutxen jabetza toxikoekin eratu zuten Sareb, 2012an, eta 46.162 etxebizitza dauzka salgai oraindik, baina horietako 139 baizik ez Hego Euskal Herrian: %0,3. Sarebek eskaintzen dituen lurzoruekin ere antzekoa da proportzioa: 30.016 lursail saltzen ditu, eta horietatik 201 baino ez Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan, hau da, %0,7. Kopuru horiek berresten dute aspaldian ezaguna dena: adreiluaren burbuila handia izanik ere, Euskal Herrian ez zen egon aktibo toxikoek eragindako Espainiako finantza entitateen kolapso handia.

2008ko krisiak eta etxebizitza burbuilaren leherketak puztu egin zuten bankuen eta kutxen esku geratutako higiezinen kopurua, herritar, enpresa eta etxe sustatzaile asko maileguak itzuli ezinik geratu zirelako. Milaka etxebizitza, lursail, eraikuntza proiektu eta bestelako aretoekin gelditu ziren finantza entitateak. Aktibo horien balioa amildu zenez, entitate askoren bideragarritasuna auzitan geratu zen. Bankuei eta kutxei aktibo toxiko horiek gainetik kentzeko sortu zuen Espainiako Gobernuak Sareb edo banku txarra. Bada, aurrerantzean Espainiako estatuak izango du haren kontrola, akzioen erdia baino gehiago lortzeko urratsa egin baitu gobernuak.

De Guindosen promesa

Luis de Guindosek, 2012an Espainiak zuen Ekonomia ministroak eta egungo EBZko presidenteordeak, ozen esan zuen banku txarrak ez zuela diru publikoa xahutuko, baina 2021eko martxoan, Bruselak Sareben zorra zor publiko gisa zenbatzera behartu zuen Espainia; hain zuzen, aldagai horrek bultzatu du Madril Sareben kontrola hartzera.

Banku txarraren kontuak negargarriak dira hura sortu eta bederatzi urtera: banku eta kutxen 50.781 milioi euroko zorra pilatu zuen eratu zutenean; 15.863 milioi euro berreskuratu ditu salgai zituen etxebizitza onenak saldu ondoren, eskaintza osoaren %40, eta, gaur egun, 34.918 milioi euroko zorra dauka oraindik, dagoeneko zor publiko ofiziala. Luze gabe, beste 1.000 milioi kitatuko dituela zabaldu dute zenbait iturrik, baina adituek diote ezinezkoa izango dela ia 35.000 milioi horiek berreskuratzea, Sarebek oraindik salgai dituen etxebizitza eta lokal gehien-gehienak ez direlako batere erakargarriak, eta nekez lortuko dituztelako erosleak. Asko eta asko hutsik dauden eraikuntza bakartietan daude, bukatu gabe geratu ziren azpiegituren artean. Izan ere, duela urtebete, 21.000 milioi euroko balioa zuten merkatuan Sareben aktiboek, eta horien truke 31.000 milioi pagatu zituen banku txarrak.

Banku, kutxa eta aseguro etxe asko dira Sarebeko akziodun Espainiako Estatuarekin batera, eta horien artean Kutxabank eta Laboral Kutxa daude. Lehenak 100 milioi euro jarri zituen Sareb eratu zenean, eta haren %2,53a dauka; Laboral Kutxa, berriz, akzioen %0,59aren jabe da. Banco Santander (%22,21), CaixaBank (%12,24), SabadellGuipuzcoano (%6,6),Ibercaja Banco (%1,43) eta Bankinter (%1,37) dira akziodun nagusiak, Estatuaren FROB Bankuen Moldaketa Ordenaturako Funtsaren atzetik (%45,9). Mapfre, Mutua Madrileña, AXA eta Generali aseguro etxeak ere badira akziodunak. Madrilek Sareben kontrola hartzeko erabakiak ez du zertan ekarri horiek guztiak akziodun izateari utzi behar izatea, baina zerrenda laburtuko da.

Estatuak banku txarraren akzioen gehiengoa edukitzeko erabakiak diru publiko gehiagoren gastua ekarriko duen, hori ere bada herritar askoren kezka orain. Gobernuak dio ezetz, prezio sinboliko batean bereganatuko duela Sareben lema hartzeko behar duen akzio kopurua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.