BETIS 4-0 ALAVES

Alavesek astindu handia hartu du Betisen aurka

Ezerezean gelditu zaio Mendilibarrekin izaten ari zen hobekuntza, Villamarinen 4-0 galdu ondoren. Arabarrek akats larriak egin dituzte atzean, eta neurketa erabakita zegoen atsedenera iristerako

Betiseko jokalariak, hirugarren gola ospatzen. JOSE MANUEL DIAZ / EFE
enaut agirrebengoa
2022ko urtarrilaren 18a
22:23
Entzun

Mailari eusteko kapaz izango den talde bat eraikitzeko helburua du Jose Luis Mendilibarrek Alavesen. Erronkari bide onetik ekin zion, Realaren eta Athleticen kontrako derbietan puntu bana lortuta. Abiapuntu egokia zen, pixkanaka emaitzaz eta jokoz gora egin, eta egitura sendo eta lehiakor baten zutabeak finkatzeko. Gainera, teknikari bizkaitarrak taldearen lanketan sakontzeko aukera izan du azken aste eta erdian, Alaves Kopatik kanpo egonik. Bada, arabarrak gaur itzuli dira lehiara, Betisen zelaian, eta karta-gaztelua balira bezala amildu dira: azkar eta erraz. Putz egin die Manuel Pellegriniren taldeak, eta ezerezean gelditu dira gasteiztarren hobekuntza zantzuak. Astindu handia jasota itzuli dira etxera, eta berriz ere hutsetik hasi beharrean. 

Javi Callejaren aroko partidarik txarrenetan bezala jardun du Alavesek. Ikaragarri hauskorra izan da defentsan, eta sekulako zailtasunak izan ditu aurkaria estu hartu eta jokaldi arriskutsuak sortzeko. Betis, ordea, hanpatuta zegoen, Sevillari polemikaz blaitutako derbian irabazi ondotik. Eta nahieran aritzeko aukera eman diote Mendilibarrenek. Hasi eta buka gailendu dira etxekoak, eta lau goleko aldearekin irabazi duten arren, markagailua motz gelditu zaie. Bere egin dute baloia epaileak txistua jo orduko, eta hankapean ibili dute Alaves. Aurkariari segika pasa du partida Arabako taldeak, erabateko ezintasunez. 

Lehen kolpea 11. minutuan jaso du, Fekirrek motzean ateratako falta batean. Canalesek erdiraketa zehatza bidali du areara, eta Bojar Iglesiasek burukada itzel batekin sareratu du baloia. Ezer gutxi egin zezakeen Pachecok. Ordea, atzelariek gehiago egin zezaketen errematea, eta batez ere, erdiraketa oztopatzeko. Erraztasun handiak eman dituzte arabarrek, eta bigarren gola ere horren erakusgarri izan da. Canalesek deabrukeriak egin ditu baloia ukitu duen ia aldi bakoitzean, eta Pachecoren ateko armiarma sareak kendu ditu 28. minutuan. Lerro artean oso bakarrik jaso du baloia, eta gero, erdiko pasabidea hutsik topatu du area ertzera iritsi, eta atearen goiko iskinara jaurtiketa zoragarria egiteko. Oso gol plastikoa izan a, eta guztiz apurtu du Alavesen kristalezko egitura. Ate barruan bukatu dute atera egin dizkioten lehen bi jaurtiketek. 

Beste hainbat egin ditu gerora Betisek, eta norgehiagoka atsedenera iristerako utzi du erabakita, Miazgaren hanka sartze handi bat baliaturik. Atzelariak atezainarekin jokatu nahi izan du, tartean Iglesias zegoela jakin gabe. Oparia jaso, eta ez du hutsik egin Betiseko aurrelariak. Juanmi laugarrena egitear izan da lehen zatiko azken aukeran, baina ez du lortu baloia Pachecoren gainetik loratzerik. Amesgaizto hutsa ari zen bizitzen Alaves. Ahal izan balu, atsedenean bukatuko zuketen norgehiagoka.

Haatik, bigarren zati osoa gelditzen zitzaion aurretik. Eta zigorra handitu besterik ez zen egin. Mendilibarrek Manu Garcia, Pina eta Tachi zelairatu ditu aldageletatik bueltan, eta berehala Javi Lopez atera behar izan du zelaia ohatilan utzi zuen Duarteren ordez. Aldaketak aldaketa, Alavesek ez du suspertzeko imintziorik egin, eta 54. minutuan 4-0ekoa jaso; orduan bai, Juanmik asmatu egin du baloia Pachecoren gainetik bidaltzen. 

Etxekoek hanka altxa dute hortik aurrera. Fekir txapelketako goletako bat egitear izan da, bolea ikusgarri batekin, baina baloiak langa jo du, eta, gainera, frantziarra jokoz kanpo zegoen. Alaves, berriz, uneoro izan da neurketatik at, eta golez eta kezkaz josita hartu du etxerako bidea. Igandean, Bartzelona hartuko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.