Enpresak

Neguriko familien bi funtsek Bizkaia dorrea erosi dute

165 milioi eurotik gora ordainduko dizkiote oraingo jabeari. Solarpacken salmentari esker, 445 milioi euro patrikaratu zituzten.

Bizkaia dorrea, Bilboko Plaza Biribilean. JUANAN RUIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2022ko urtarrilaren 19a
12:26
Entzun

Bilboko Bizkaia dorreak jabe bizkaitarrak izango ditu berriro ere. Beraunberri eta Onchena funtsek 165 milioi eurotik gora ordainduko dizkiete oraingo jabeei, Angelo Gordon AEBetako funtsari eta Talus Real Estate Espainiako funtsari.

Beraunberri Jose Galindez enpresaburu bizkaitarraren inbertsio adarra da, eta Onchena, berriz, Ibarra Kareaga familiarena. Neguriko burgesiako kide dira biak ala biak, eta hainbat negozio dituzte elkarrekin. Esaterako, haiek sortu zuten Solarpack eguzki energiako parkeak instalatzeko enpresa, 2007an, Getxon (Bizkaia). Suediako EQT inbertsio taldeari saldu berri diote Solarpack, 881 milioi euroren truke. Galindeztarrek eta Ibarra Kareagatarrek 445 milioi euro patrikaratu dituzte operazio horren bitartez.

Dorre handiena, 2011 arte

Bizkaia dorrea Bilboko erdiguneko Plaza Biribilean dago, eta Banco Vizcayak eraikiarazi zuen, 1969. urtean. 88 metroko altuera du, eta 21 solairu, eta hainbat urtez Euskal Herriko eraikinik garaiena izan zen, Donostiako Atotxako dorrearen gainetik (76 metro). Bizkaian sortutako beste enpresa baten egoitza berriak hartu zuen eraikin garaienaren titulua, Iberdrola dorreak: 2011. urtean amaitu zuten, eta 165 metro garai da.

Banco de Vizcaya lehenik BBV eta gero BBVA bilakatu zenean, garrantzia galdu zuen Bilboko erdiguneko dorreak, gero eta zerbitzu gehiago Madrilera eraman zituelako entitate berriak. BBVAk 2018 saldu zuen dorrea, 40 milioi euroren truke, baina oraindik baditu han bulego batzuk.

Jabe berriak hainbat moldaketa egin ditu; horietako handiena, Irlandako Primark saltoki handiari lekua egiteko beheko solairuetan. 30 urterako alokairua sinatuta dauka Primarkek Bizkaia dorrearekin.

Bizkaiko Foru Aldundia, berriz, dorrean biltzen ari da Bilbon sakabanatuta dauzkan hainbat bulego. Gainera, proiektu handinahi bat dauka dorrerako, han kokatu nahi baitu ekintzailetza sustatzeko zentroa, BAT B Accelerator Tower izenekoa. Astelehenean bertan aurkeztu zuen, eta han azaldu zuen lau solairu betetzeko asmoa duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.