Albistea entzun

Alderdiak

Anduezak adierazi du ez duela proiekturik partekatuko EH Bildurekin, ETA gaitzetsi arte

Anduezak uste du bi alderdiek zenbait herritan dituzten akordioak «puntualak» eta positiboak direla, baina ez du uste egoera egokia denik «pisuzko akordioak» egiteko.

EH Bildu eta PSE-EE bildu dira gaur, Bilbon
EH Bildu eta PSE-EE bildu dira gaur, Bilbon Amaya Diaz-Emparanza Tamaina handiagoan ikusi

Oihane Puertas Ramirez -

2022ko urtarrilak 19

PSE-EEko eta EH Bilduko zuzendaritza politikoak batzartu dira gaur goizean, EH Bilduren Bilboko egoitzan. Eneko Andueza idazkari nagusi izendatuz geroztik sozialistak eragile politiko eta sindikalekin egiten ari diren bilera sortaren barruan elkartu dira, eta, adierazi dutenez, «normaltasun politikoko giroan» egin dute bilera. Besteak beste, «herritarren bizi kalitateari eragiten dioten gai guztiei buruzko iritziak» alderatu dituzte.

Koalizio abertzalearen izenean, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, Garikoitz Mujika EH Bilduko zuzendari nagusia eta Maddalen Iriarte EH Bilduko Legebiltzar taldeko bozeramailea izan dira bileran; eta, sozialisten izenean, Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusi izendatu berria, Miguel Angel Morales antolakuntza idazkaria eta Ekain Rico politika autonomikoko idazkaria. Ordu erdiko bilera egin dute.

Akordio puntualak

Anduezak baztertu egin du EH Bildurekin akordio «handiak» lortzea, bereziki koalizio abertzaleak ez duelako «ETAren terrorismoaren gaitzespen zehatzik» egin: «Hori gertatzen ez den bitartean, PSE-EEk ez du parte hartuko EH Bildurekin partekatutako proiektu batean ere». Hala ere, zehaztu du bi alderdiek «unean uneko proiektuetan akordio puntualak» dituztela, eta «positibotzat» jo du hori.

«Beti esan dut EH Bildurengandik urruntzen gaituen kontu bat dagoela: ETAren terrorismoa gaitzestea eta eragindako mina onartzea», zehaztu du Anduezak: «Eta, hori gertatzen ez den bitartean, PSEk ez du parte hartuko EH Bildurekin partekatutako proiektu batean, eta are gutxiago mahaiaren gainean arazo identitarioa, nazionala, jartzen bada. Inoiz ez dugu parte hartuko sezesionismoa eta independentzia oinarri dituen proiektu batean».

Horrez gain, PSE-EEk nabarmendu egin du EH Bilduk Eusko Jaurlaritzaren 2022ko aurrekontuei emandako babesa, eta koalizio abertzaleari eskatu dio «ez dadila izan argazkirako keinu puntual bat». Zehaztu du aukerak badirela arlo sozialean bi alderdiek akordioak egiteko. Lan erreformaren gaia ere jorratu dute bileran, eta Anduezak «argi» utzi nahi izan du «funtsezkoa» dela inbestidurari bide eman zioten talde politikoek lege aldaketa babestea, horrek «langileen eskubideetan aurrera egitea» ekarriko duelako.

EH Bilduk ohar labur batean adierazi du bilera «normaltasunez» egin dutela, eta herritarren «bizi kalitateari» eragiten dioten hainbat gai aztertu dituztela, eta instituzioetan egiten ari diren lanaz aritu direla.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Etxeraten batzarreko irudi bat. ©Aritz Loiola / Foku
Bozkaleku bat 2019ko maiatzaren 26ko hauteskundeetan, Donostian. ©GORKA RUBIO / FOKU

BOTO PAPERAK, HITZAURREAN

Jon O. Urain

Udaletako, foru aldundietako eta Nafarroako Parlamentuko agintaldiak azken hilabeteetan sartuak dira, urtebete falta baita hauteskundeetarako. Oro har, alderdiak udazkenean sartuko dira bozen dinamikan, baina horien bilakaerak eta portaerak arrasto batzuk ematen dituzte bozketan jokoan egongo denaz.
<b>Maria Txibite idazkari nagusi izendatu zuten urrian, PSNren kongresuan.</b> ©IÑIGO URIZ/ FOKU

Beste behin PSNren eskuetan

Joxerra Senar

Nafarroako Gobernu barruko tirabirak, PSNren eta UPNren arteko gerturatzea zenbaterainokoa den, nola egituratuko den eskuina, gainerako alderdien urratsak... Legealdi amaierako giltzarriak aletu dituzte Ricardo Feliu NUPeko soziologoak eta Juan Kruz Lakasta Euskalerria Irratiko koordinatzaileak.

Gorka Urtaran, Gasteizko alkate izendatu berritan, Miren Etxebarriarekin (PSE-EE) batera. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Abertzaleen indarrak neurtzeko plaza

Edurne Begiristain

Arabak aspaldi utzi zion PPren gotorleku izateari. Alderdi abertzaleen eragina sendotuz doa lurralde horretan, eta EAJren eta EH Bilduren artean lehia «estuagoa» espero da 2023. urterako.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.