Lehen mailako arretaren aldeko protestetara batu da Bizkaiko Medikuen Elkargoa

Lehen mailako arreta «hondoratzeko zorian» dagoela ohartarazi du elkargoak, eta instituzioei eskatu die auzian esku hartzeko.

Lehen mailako arreta indartzeko pasaden urtean egindako manifestazioa. MARISOL RAMIREZ/FOKU
jone arruabarrena
2022ko urtarrilaren 19a
13:53
Entzun

Osakidetzako lehen mailako arretak bizi duen egoerak bultzatuta, aurten ere sektore hori indartzeko urtarrilaren 23an egingo diren protestetara batzea erabaki du Bizkaiko Medikuen Elkargoak. Hori adierazi du, komunikatu baten bidez. Joan den urtean ere bat egin zuen protestekin, baina aurtengo egoera are larriagoa dela azaldu du.

Komunikatuan esan duenez, orain arte koronabirusaren eraginez ospitaleetan zegoen presioa «lehendik ere guztiz zukututa» zegoen lehen mailako arretara bideratu du omikron aldaera berriak, eta «kolapsatzeko zorian» dago orain: «Presazkoa da lehen arreta salbatuko duen estrategia bat sortzea».

Izan ere, elkargoa beldur da sektore hori «atzera-bueltarik ez den puntu batera» helduko ote den. Adierazi duenez, oraintxe «hondoratzeko zorian» dago, eta, hori gertatuz gero, «osasun sistema osoak» behea joko du: «Hori gertatuz gero, gure gizarteak daukan funtsezko oinarri bat galduko genuke: osasunaren babesa».

Lehendik ere, egoera latza

Elkargoak, gainera, salatu du lehen mailako arretaren egoera pandemiaren aurretik ere latza zela: «Lan asko izan dute, eta sektore honetan inoiz konpondu ez den prekaritateak are gehiago okertu du egoera». Koronabirusaren omikron aldaerak, ordea, «jasanezina» bihurtu omen du egoera: «Pazienteek kontsultak, jarraipenak, tratamenduak eta kudeaketa administratiboak behar dituzte. Lan hori osasun etxeetako langileen gain erortzen da; lehendik ere goia jotzeko zorian zeuden langile horien gain, hain zuzen».

Azaldu duenez, langileek lanordu gehiago egin behar dituzte; ez daukate ordezkorik, eta lan karga handiagotu behar izaten dute beste lankide bat falta denean.

«Deiak eta web bidez egindako eskaerei erantzuteko denborarik ez, zita bat lortzeko desesperazioz ospitaleetara jotzen duten pazienteak, beraiek egin beharko ez lituzteken kudeaketak egiten dabiltzan administrazioko langileak, horrek guztiak pazienteetan eragiten duen mesfidantza... hori da osasun langileen egunerokotasuna», salatu du elkargoak.

Bukatzeko, instituzioei eskatu die esku hartzeko: «Ezer egin ezean, ez da pandemia hau izango gure osasun sistema deuseztatuko duena, sistema kudeatzen dutenen utzikeria baizik».

Manifestazioa, urtarrilaren 23an

SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deitu dute urtarrilaren 23an osasungintzako lan baldintza «duinen» alde egingo den protestara. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan antolatu dira deialdiak: Andre Maria Zuriaren plazatik Gasteizen, Jesusen Bihotza plazatik Bilbon, eta Bulebarretik Donostian.

Nik bai sinesten dut osasungintza publikoan izango da protestaren lema, eta beste hainbat eragile ere protestetara batzen ari dira. Satorralaia Donostiako bizilagunen mugimenduak, esaterako, metroa egiteko dirua osasungintzara bideratzeko eskatu du: «Osasungintza publikoaren arloan oinarrizkoak eta lehentasunezkoak diren zerbitzuak gain behera doazen bitartean, baliabide publikoak Donostiako Metroa bezalako obra behargabekoetan xahutzen dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.