Gaurtik, 18 urtetik gorakoek hirugarren dosia jartzeko ordua har dezakete Euskal Herri osoan

Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, gaur eman diete aukera 18 eta 29 urte artekoei. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, berriz, posible da azarotik.

Gazte bat Arangurenen, txertoa jartzen, iazko abuztuan. IDOIA ZABALETA, FOKU
jon ordonez garmendia
2022ko urtarrilaren 19a
16:14
Entzun

Gaurtik aurrera, 18 eta 29 urte bitarteko gazteei ere hasiko zaizkie bidaltzen COVID-19aren hirugarren txertoa jartzeko SMS mezua Hego Euskal Herrian. Iparraldean, berriz, aukera hori zabalik da azaro bukaeratik.

Multzoka jasoko dute txertatzera joateko deia. Hirugarren txertoa jartzeko, aurrekotik 150 eguneko tarte bat utzi behar da. Positibo eman dutenek, berriz, gutxienez 27 eguneko tarte bat utzi behar dute txertatu aurretik.

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, hiru bide daude txanda hartzeko: webgunearen bidez, posta elektronikoz edo telefonoz, 948-37 01 30 zenbakira deituz Iruñeko eremuan, 948-37 01 35 zenbakira Lizarrakoan, eta 948-37 01 40 zenbakira Tuterakoan. Mutiloan, Aranguren ibarrean, txandarik eman gabe jarraitzen dute lehen dosiak jartzen, astelehenetik igandera, 08:30etik 19:00etara.

Ikusi gehiago: koronabirusa Euskal Herrian.

Gobernuak jakinarazi du 80 urtetik gorakoen artean %94,21 daudela txertatuta hirugarren dosiarekin, 70-79 adin tartean %91,07, 50-59koan %79,4, 40-49koan %27,05, eta 30-39koan %7,67 (aste honetan hasi dira azken horiek txertatzen). Janssen txertoa hartu zutenen artean, %81,84k jarri dute hirugarren txertoa, eta AstraZeneca jarri zutenen artean, %86,73k.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.