TXILE

Boricek eskatu du Txileko eztanda sozialean atxilotutakoen kartzelaldia bukatzeko

Senatuko batzorde batek onartu du 2019ko udazkenetik atxilotuta daudenei indultua edo amnistia ematea. Piñera presidentea kontra agertu da. Aurrera egiteko, kongresuko bi ganberek onartu beharko dute.

Txileko Poliziako agente bat manifestariei tiro egiten, 2019ko urriko mobilizazio batean. EFE
Igor Susaeta.
2022ko urtarrilaren 19a
16:38
Entzun

Txileko Senatuaren Konstituzio Batzordeak ekinbide bat onartu zuen atzo, proposatzen duena herrialdean 2019ko udazkenean gertatutako eztanda sozialean atxilotutakoak askatzea, indultua edo amnistia emanda. Estatu indarrek ia 9.000 bat lagun atxilotu zituzten 2019ko urritik 2020ko martxora artean gobernuaren aurka egindako protestetan, eta, iturri ofizialek diotenez, oraindik 211 pertsona daude kartzelatuta. Horietatik 67 zigortu egin dituzte, eta 144 epaituak izan zain daude. Behe ganberako batzordeak hartutako erabakiaren harira, Gabriel Boric presidente hautatuak adierazi zuen, atzo gauean, «zauriak ixteko irtenbide onena» hartu behar dela, izan indultua, izan amnistia. «Bukatu dadila hainbeste jendek nozitutako kartzelatze bidegabe eta luze hori».

Kongresuko bi ganberetan onartu behar da, eta, horrenbestez, eskuineko diputatu eta senatarien babesa beharko du. Oraindik ere Frente Amplioko diputatua denak alde bozkatzeko eskatu die. Oposizioko senatari batzuek aurkeztu zuten proposamena, 2020ko abenduan, eskatuz «arrazoi humanitarioengatik» aske utz zitzatela 2019ko urriaren 7a eta 2019ko abenduaren 9a artean atxilotutakoak. Mobilizazio haietan kalitatezko eta doako hezkuntza eta osasungintza, eta pentsio sistemaren egiturazko aldaketa bat aldarrikatu zituzten, besteak beste, eta Sebastian Piñera presidentea zegoen jomugan. Martxoaren 11ra arte karguan jarraituko du, eta atzo nabarmendu zuen indultu batek ez liokeela «onik egingo» Txileri. «Uste dut seinale oso eskasa dela poliziei molotov koktelak jaurti dizkietenak, elizak eta metroa erre dituztenak, txiletar guztion ondarea zena suntsitu dutenak indultatzea».

Boric da, hain zuzen, Piñerak utziko duen kargua hartzekoa, eta gaur Chile Vamos koalizio ofizialistaren lau alderdietako liderrekin bilduko da. Udazkenean egin zituzten Txileko presidentetzarako bozak, eta Sebastian Sichel ofizialista boto gehien bildutako hautagaietan laugarrena izan zen.

Salbuespen egoera luzatuz

Araucania eskualdean, maputxeen lurraldean salbuespen egoera zazpigarren aldiz luzatzea onartu zuen atzo Txileko Senatuak. Joan den urriaren 12tik dago indarrean, eta, oraingoz, otsailaren 9ra arte. Istiluak izan ziren, eta Barne Ministerioak jakinarazi zuenez, bi pertsona hil zituzten, tiroz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.