Espainiako Superkopa

«Atletico Madril-Athletic partidak ez lituzke harmailak beteko Kordoban ere»

Albert Luque Espainiako Futbol Federazioko kideak adierazpen iraingarriak eta matxistak egin ditu Espainiako Superkopan Saudi Arabian gertatu zena arrazoitzeko.

Albert Luque, artxiboko argazkian. RODRIGO JIMENEZ, EFE
jon ordonez garmendia
2022ko urtarrilaren 19a
17:24
Entzun

Espainiako Superkopa jokatu berritan, Albert Luque Espainiako Futbol Federazioko presidentetzaren kabineteko kideak adierazpen eskandalagarriak egin ditu. Txapelketa kritiken jomugan izan da Saudi Arabian jokatu delako, eta, horiei erantzutean, Athleticen eta emakume futbolzaleen aurka egin du Luquek, adierazpen iraingarri eta matxista batzuekin.

Joan den astean jokatu zen txapelketa, eta Athleticek finalerdia eta finala jokatu zituen, hurrenez hurren, Atletico Madrilen aurka eta Real Madrilen aurka. Lehen finalerdian ez bezala (Bartzelona izan zuen aurkari Real Madrilek), bigarrengoan harmailak hutsik egon ziren. EFE albiste agentziak Luqueri egin dion elkarrizketa batean, horri erantzunez esan du Athleticen eta Atletico Madrilen arteko partidak ez lituzkeela harmailak beteko Kordoban (Espainia) jokatuta ere. «Azken finean ikusle gehiago erakartzen ditu Bartzelona-Real Madril partidak, Atletico Madril-Athelticek baino».

Hori esateaz gain, Bartzelona eta Real Madril ez dauden partidak jokatzeak arazo gisa jarri ditu Luquek elkarrizketan, eta horren aurrean zer egin erabaki beharko luketela esan du. «Ez da erraza, Espainian edo inguruko herrialde batean ere gertatuko litzatekeelako, baina saiatuko gara hori hobetzen», gaineratu du.

Aurreko egunetan zale askok kritikatu dute txapelketa Saudi Arabian jokatuta beren taldeak ikustera joateko aukera kendu diela Espainiako Federazioak zaleei. Espainiako Federazioak, baina, bere asmoarekin jarraitu du, eta zaleak partida horietara joan ezinik geratu dira. Horren gainetik, baina, Athleticen kasuan Saudi Arabian jokatzea aukera ezin hobea dela adierazi du Luquek, «bere marka Europatik kanpo zabaltzeko aukera» ematen diolako.

Emakume futbolzaleen kontra ere mintzatu da Luque elkarrizketan. Harmailetan emakume gutxi zeudela galdetuta, erantzun du Espainian zale gehienak gizonak direla: «Gizonari beti gustatu izan zaio futbola emakumeari baino gehiago. Normala da emakume gutxiago egotea», esan du. Saudi Arabia irekitzen ari dela esan du Luquek, eta Espainiako Federazioa bide horretan laguntzeko prest dagoela «muga batera arte». Gaineratu du emakumeak estadioetan arazorik gabe sartu ahal izatea zela txapelketa Saudi Arabian jokatzeko baldintza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.