5.200 miliioi dolar eskatu dituzte COVAX programarako

Nazioarteko egitasmoak mila milioi dosi banatu zituen iaz herrialde pobreetan. Aurten beste hainbeste egitea dute helburu.

Erizain bat Covaxin txertoaren dosiak eskuetan dituela, Bangaloren, Indian. JAGADEESH NV / EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko urtarrilaren 19a
17:46
Entzun

SARS-COV-2 birusaren aurkako txertoak herrialde pobreetan banatu ahal izateko sortu zuten COVAX egitasmoa. Programa babesten duten erakundeen artean dago OME Osasunaren Mundu Erakundea bera, eta aurten ere lanean jarraitzeko asmoa agertu dute. Hori dela eta, 5.200 milioi dolar eskatu dizkiote nazioarteari. Online egindako konferentzia batean egin dute eskaria OMEk eta Txertoentzako Fundazioak, eta iragarri dute hainbat herrialde konprometitu direla diruz laguntzeko 500 milioi dolarrekin.

«2022 honetan lagun genezake koronabirusa desagerrarazten, nazioartearen babesari esker dosi guztiak banatzen direla bermatuz», azaldu du Seth Berkleyk, Txertoentzako Fundazioko aholkulariak. Diru laguntzak iragarri dituzten herrialdeen artean daude Herbehereak (26 milioi), Irlanda (hamar milioi), Finlandia (5,9 milioi) eta Belgika (bederatzi milioi). Adituek uste dute COVAX egitasmoak eskatutako dirua jasoko balu milioi bat-1,7 milioi bizitza inguru salbatu ahal izango lituzkeela, eta, bide batez, herrialde askotan pandemiak dituen kalte ekonomikoak erdira murriztu.

Iazko urtarrilaren 24an banatu zituzten lehen txertoak COVAX egitasmoaren bitartez, eta, orotara, mila milioi dosi inguru banatu zituzten. Kasu askotan, ordea, estatuek ez zuten eman aurrez iragarritako txerto kopurua, edota iraungitze data oso gertu zuten dosiak bidali zituzten, txertaketa kanpaina oztopatuz. OMEko idazkari nagusi Tedros Adhanomek behin baino gehiagotan ohartarazi du herrialde aberatsetan errefortzurako dosiak jartzea baino beharrezkoagoa dela herrialde pobreetan dosiak ugaritzea, soilik modu horretan lortuko dela pandemia kontrolpean hartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.