Abeltzaintza

Esne kooperatibek 100 milioi inbertituko dituzte isuriak murrizteko

Hego Euskal Herriko, Kataluniako eta Kantabriako 603 etxaldek parte hartuko dute egitasmoan. Europako funtsak erakarri nahi dituzte.

Agintari politikoak, asteazken honetan Karrantzan eginiko ekitaldian. BERRIA
jokin sagarzazu
2022ko urtarrilaren 19a
18:28
Entzun

Hego Euskal Herriko, Kataluniako eta Kantabriako 25 erakundek parte hartuko dute behi esneen ekoizpena «modu jasangarriagoan» kudeatzeko proiektu batean; horretarako, 100 milioi eurotik gorako inbertsioak aurreikusi dituzte 2026ra arte. Guztira 603 etxaldek hartuko dute parte, zeinak urtean 337 milioi litro esne baino gehiago ekoizten dituzten. Egitasmoaren helburua zera da, esnearen ekoizpen prozesuan eta logistikoan ingurumen aztarna murriztea. Zehazki, 2027an karbono dioxidoaren isuriak %60 gutxitzea, eta %50 gainerako hondakinen kasuan. Uraren kontsumoa %45 murriztea ere espero dute.

Proiektuaren sustatzaile nagusiak hauek dira: Euskal Herriko Kaiku korporazio kooperatiboa, Kataluniako Llet Nostra Més (hango merkatuko liderretako bat da, %15eko kuotarekin) eta Kantabriako AGC Agrocantabria Sostenible. Euskal Herriko Iparlat eta Kataluniako Lactics Masachs esne industriek ere bat egin dute. Eta Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako, Kataluniako eta Kantabriako gobernuen babesa jaso dute. Baliabide propioez gain, diru laguntzak erakarri nahi dituzte; bereziki, Europako Next Generation funtsetik. Horri erantzuten dio, hein handi batean, lau gobernuak bat egin izanak.

Asmoa da esne ekoizpenaren katebegi guztietan eragitea eta etxalde guztientzat aplikagarria den sistema bat sortzea, produkzioa eta kudeaketa modu jasangarriagoan egin dezaten. Hala, esne ekoizleez gain, I+G ikerketa eta garapeneko zentro teknologikoak eta elikadura kudeaketa zentroak ere batu dira proiektura. Besteak beste, Euskal Herriko Neiker, AZTI eta INTIA.
Sektorearen eraldaketa digitalari ere helduko diote, azpiegitura teknologiko berrien, automatizazioaren eta adimen artifizialeko eta datu aplikazioen bidez «ekoizpenen eraginkortasuna eta egitura guztien errentagarritasuna» hobetzeko.

Proiektu batzuk azterketa fasean daude, eta beste batzuk, martxan. Besteak beste, Gipuzkoan biometanizazio planta bat eraiki nahi dute, inguruko ustiategietako hondakinak eta mindak kudeatzeko. Horrez gain, ekoizpen instalazioetan eta etxaldeetan eguzki panelak instalatzea aurreikusten dute, garraio sistemak eta produkziorako tresnak berritzea, eta ontzi birziklagarriak egiteko materialak bultzatzea, besteak beste.

Bi eredu aurrez aurre

Abere etxalde handien inguruko polemikaren testuinguruan egin dute egitasmoaren aurkezpena, Karrantzan (Bizkaia). Euskal Herrian abeltzaintza estentsiboa da nagusi, baina ez dago halako azpiegituretatik salbu: Caparroson (Nafarroa) dago behi esnetarako ustiategirik handiena Europan; 5.200 buru ditu (beste 2.000 batzeko asmoa du).

NBE Nazio Batuen Erakundearen IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen txostenek diote planetarentzat kaltegarriak diren gas emisioen %25 sortzen dutela abeltzaintzak eta abereen bazka ekoizteko nekazaritzak, ziklo osoa kontuan hartuta —produkzioarekin eta garraioarekin loturiko guztia —, eta horri irtenbide bat emateko neurriak bilatzen ari dira gobernuak.

Aurkeztutako proiektuan biltzen diren familia enpresek eta kooperatibek azpimarratu dute haien jardunak eragin positiboa duela ingurumenean; haien lanak biodibertsitatea zaintzen eta paisaiaren oreka mantentzen laguntzen duela, «suteak saihestuz eta baso masaren kontrolik eza geldiaraziz». «Gureak, negozioa izateaz gain, landa eremuan populazioa finkatzen du, eta ingurunea zaintzen», azpimarratu du Felix Aras abeltzainak.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak adierazi du egitasmoa «estrategikoa» dela eta bi ezaugarri nagusi dituela: «berrikuntza eta trakzio gaitasuna». Gaineratu du familia abeltzaintzaren ereduaren aldeko apustua «aspaldikoa» dela. Era berean, sektore «errentagarri» bat eta ekoizpen eta merkaturatze sistema «bidezko» bat izatea ahalbidetuko duten mekanismoak ezartzeko beharra azpimarratu du, «sektorea erakargarria eta etorkizunekoa izan dadin», ekoizleek azken asteetan egin dituzten eskaerekin bat eginez. Itziar Gomez Lopez Nafarroako Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak nabarmendu du horrelako egitasmoak ezinbestekoak direla «herrien bizitza bermatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.