Celta 2-0 Osasuna

Zalantzati jarraitzen du oraindik

Osasuna bigunegi aritu da Celtaren zelaian, eta esku hutsik gelditu. Ongi ekin dio lehiari, baina ez da gai izan Mallo eta Minaren golei erantzuteko.

jarraia208554.jpg
enaut agirrebengoa
2022ko urtarrilaren 19a
21:50
Entzun

Osasuna ez da oraindik erabat suspertu. Airean jarraitzen dute txakalaldiak eragindako zalantzek, Celtaren zelaian agerian gelditu denez. Gorritxoak oso sendo nagusitu zitzaizkion Cadizi azken jardunaldian, baina okerreko bidera itzuli dira Balaidosen. Asmo onak zituzten, eta borondate onez jokatu dute; lehiatzeko gaitasuna falta izan zaie, ordea. Aurkaria baino askoz gutxiago izan gabe, bi gol sartu dizkiete lehen zatian, eta gero, ez dira gauza izan markagailuko aldea murrizteko. Ahaleginak eta bi egin dituzte, baina hortzak kamustu egiten zaizkie kontrarioak atzean gotortzen zaizkienean.

Koronabirusak jota egon eta azken hiru partidak galdu ostean, gaur aulkira itzuli da Jagoba Arrasate. Aridane, Unai Garcia eta David Garcia ez zeuden jokatzeko moduan, eta, hala, harrobiko Unai Dufurren alde egin du apustu teknikari gorritxoak, defentsaren erdigunean Juan Cruzekin batera joka zezan. Bada, hauskor agertu da Osasunaren atzeko lerroa, eta ezin izan dio eutsi Celtaren kalitateari eta eraginkortasunari. Etxekoek bi atzaparkada aski izan dituzte atsedenaren aurretik bi goleko errenta hartu eta, hala, garaipena ondo bideratuta uzteko.

Gehiegizko zigorra izan da Osasunarentzat, zeinak indarrez eta anbizioz ekin baitio neurketari. Erritmo oso bizia ezarri du lehen ordu laurdenean, presio estuen eta jokaldi azkarren bitartez. Erasoan, jarraibide garbi bat zuten nafarrek: jokoa albait azkarren zabaldu behar zuten, gero areara erdiratzeko, Ante Budimirren bila. Kroaziarraren mehatxua etengabea izan da lehiaren hastapenean, eta oso gertu izan du gola bederatzigarren minutuan: Vidalen pasea aurreneko ukituan errematatu du, baina langarekin egin du topo.

Apurka, apaldu egin da gorritxoen grina, Celta jokaldiak luzatzen hasi ahala. Galiziarrek baloia mugituz orekatu dute lehia. Gehiegizko arriskurik ere ez zitzaizkion sortzen Osasunari, baina 29. minutuan kolpe gogorra eman die Hugo Mallok. Hegaletik barrura sartu da Celtako kapitaina, eta, area ertzeraino iritsita, ondo baliatu du Cervik bizkarrez emandako pasea. Sergio Herrerak kale egin du atepean. Bigarren golean, ordea, ezer gutxi egin zezakeen, ateko zuloan errematatu baitu Santi Minak. Suarezek orpoz jokatu du Aspasekin, eta haren paseak gainditu egin ditu erdiko bi atzelariak.

Min egin dio Osasunari Minaren golak, eta burumakur iritsi da atsedenaldira. Gero, berriz ere neurketan sartzen ahalegindu da, ekimena hartu eta erasora joz. Celtaren zelaian jokatu du ia bigarren zati osoan; alta, argitasuna eta jokaldiak bukatzeko gaitasuna falta izan zaizkio. Nahia ezinarekin nahastu da minutuek aurrera egin ahala. Arrasatek aldaketa erasokorrak egin ditu, eta debuta egiteko aukera eman zion Iker Benitori. Alabaina, ez da golik iritsi, eta etsi egin behar izan dute nafarrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.