Enpresak

Basauriko Sidenorren lan ituna adostu dute, eta KPItik behera igoko dituzte soldatak

LSB-USO, Senda de Ugarte, UGT eta CCOO sindikatuek 2026. urte arteko lan hitzarmena egin dute zuzendaritzarekin, eta soldatak %2,5 igoko dira aurten.

Sidenorreko behargin bat, lanean, Basauriko fabrikan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
xabier martin
2022ko urtarrilaren 20a
11:11
Entzun

KPI erreferentzia gisa erabiltzeari uko egin diote LSB-USO, Senda de Ugarte, UGT eta CCOO sindikatuek, eta lan ituna adostu dute zuzendaritzarekin, %6,5eko inflaziotik oso behera. 2026. urte arteko soldata igoerak jasotzen ditu akordioak, eta KPIa alde batera utzita ezarri dituzte. 2021. urtean, %2,5eko igoera izango dute Basauriko Sidenorreko beharginek, baina 1.000 euroko sari berezi bat izango dute. Datozen hiru urteean (2023, 2024, 2025) ez da izango horrelako saririk, eta %2koa izango da soldata igoera. Eta 2026. urtean %1,5ekoa baizik ez da izango. 2027. urtean, berriz, KPIarekin batera doan gaurkotze bat izango dute.

Horrez gain, lau eta bost txandetan jarduten duten beharginek plusak izango dituzte gauez, jaiegunez eta asteburuan lan egiten dutenean. Txanda horietakoek, gainera, bi opor egun gehiago lortu dituzte.

Joan den abenduaren 15ean, UGT-Fica, CCOO-Industria eta FI-USO sindikatuek esparru akordio bat egin zuten Sidenorreko matrizarekin bost urterako, eta orain jakinarazi dituzte itun horren edukiak. Soldatak ez dira, beraz, inflazioa adina igoko, baina 2023. urtetik aurrera enpresaren emaitza ekonomikoen araberako lansari bat edukitzeko aukera zabaldu dute aldeek. Horrez gain, 200 kontratu berri eta erretiro aurreratu ere lotu dituzte sindikatuek Sidenorrekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.