Katalunia

Indultuen kontrako helegiteak bertan behera utzi ditu Espainiako Auzitegi Gorenak

PPk, Ciudadanosek eta Voxek errekurtsoa jarri zioten buruzagi independentista katalanak aske uzteko neurriari, baina auzitegiak ebatzi du ez dutela horretarako gaitasunik.

Kataluniako prozesu independentista sustatzeagatik Espainiako Auzitegi Gorenak espetxeratutako bederatzi buruzagi katalanetako zazpi, iazko ekainean, espetxetik irteten. QIQUE GARCIA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko urtarrilaren 20a
18:01
Entzun

Espainiako eskuinari ez dio haien gustuko albistea eman gaur estatuko Auzitegi Gorenak. Iazko ekainean, PPk, Ciudadanosek eta Voxek helegitea jarri zieten Kataluniako prozesu independentista sustatzeagatik espetxeratu zituzten buruzagi politikoen indultuei. Helegite horiek baztertzea erabaki du gaur Gorenak, auziaren muinera sartu gabe.

Auzitegiak ontzat jo ditu Estatuko Abokatutzaren arrazoibideak, eta ebatzi du helegitea aurkeztu duten alderdi politikoek ez dutela eskumenik Espainiako Gobernuak onartutako indultuaren kontra auzibide bat abiatzeko.

Ondorioz, Administrazioarekiko Auzien Aretoak ez du aztertuko indultuaren egokitasuna. Hau da, Pedro Sanchez presidentearen gobernuak legezko baldintzak bete ote zituen bederatzi buruzagi independentista katalanak indultatzeko erabakia hartzerakoan.

Gorenaren arabera, alderdi politikoek gaitasuna dute beren eskubideei eta interes zilegiei eragiten dieten erabakien kontra helegiteak aurkezteko, baina ez beste edozein erabaki politikori errekurtsoa jartzeko.

Vox eskuin muturreko indarra buruzagi independentisten kontrako prozesu judizialean parte izan bazen ere, auzitegiak adierazi du ez dituela betetzen indultuen kontra helegite bat aurkezteko baldintzak. Alderdi ultrak iragarri du Gorenaren ebazpenaren kontra joko duela Espainiako Auzitegi Konstituzionalean. Gauza bera egingo du PPk.

Konstituzionalak izango du, beraz, azken hitza. Gorenaren erabakiak, ordea, ezerezean utzi du oraingoz Espainiako eskuineko indarrek buruzagi independentisten indultua bertan behera uzteko auzitegietan egin duten saiakera. PSOEren eta Unidas Podemosen koalizio gobernuak 2021eko ekainaren 22an onartu zituen buruzagi kataluniarrak aske uzteko indultu «partzial eta baldintzapekoak». Eskuineko indarrek independentisten «konplize» izatea egotzi zioten Sanchezi. Kataluniako alderdi independentistek, berriz, ordutik nabarmendu dute indultuak ez duela konpontzen prozesu independentistagatik «errepresaliatutakoen» egoera. Gatazka politikoa gainditzeko, ezinbestekotzat dituzte amnistia eta autodeterminazio eskubidearen aitortza.

Negoziazio mahaia

Indultuek bide eman zioten Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko negoziazio mahaiari, iazko irailean. Elkarrizketekin jarraitzeko beste bilkura bat egingo dute bi aldeek «urte hasieran», Generalitateak joan den astean adierazi zuenez. Espainiako hainbat hedabideren arabera, Madrilek ez du biltzeko asmorik Gaztela eta Leongo bozak egin arte —otsailaren 13an izango dira—.

Datari baino, elkarrizketaren edukiari aitortu dio garrantzia gaur Pere Aragones Kataluniako presidenteak, TV3 telebista katean egin dioten elkarrizketan. Aragonesek ohartarazi du ez dela «argazki baterako» bilduko, eta garaia dela «proposamen zehatzetan aurrerapausoak» emateko.

Negoziazioak emaitzarik ematen ez badu, autodeterminazioa lortzeko beste aukera batzuk jorratzearen alde agertu da ERC azken asteetan. Hautu hori egitera deitu du Juntsek. Jordi Sanchez alderdi horretako idazkari nagusiaren esanetan, indar independentistak hizketan hasiak dira bide orri bat prestatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.