Pirinio Garaia eta Araneko herritarrek kontsulta batean erabakiko dute Olinpiar Jokoetarako hautagaitza aurkeztu edo ez

Kataluniako 3/24 telebistak aurreratu duenez, udaberrian bozkatuko dute 2030eko Neguko Olinpiar Jokoak antolatzeko aurkeztu edo ez.

Anna Caula Katalunako kirol idazkaria gaur, kontsultaren berri ematen. ENRIC FONTCUBERTA, EFE
jon ordonez garmendia
2022ko urtarrilaren 21a
17:35
Entzun

Kataluniako Pirinio Garaia eta Aran eskualdeko herritarrek galdeketa batean erabakiko dute 2030eko Neguko Olinpiar Jokoak antolatzeko hautagaitza aurkeztu edo ez. Kontsulta hori udaberrian egingo da, Kataluniako 3/24 telebista publikoak aurreratu duenez. 2030eko Bartzelona-Pirinioak hautagaitza ERCk eta JxCatek bultzatu dute, PSCren babesarekin. CUP kontra dago.

Zehazki, 77 herritako bizilagunek bozkatuko dute kontsulta horretan, Aran, Pallars Jussa, Pallars Sobira, Ribagorza Garaia, Urgell Garaia eta Cerdanya eskualdeetakoak. Olinpiar Jokoak antolatzea erabakiz gero, zenbait proba Bartzelona hiriburuan jokatuko lirateke, baina Generalitateak baztertu egin du hiriburuko bizilagunek kontsultan parte hartzea.

Kataluniako Gobernuaren inkesta baten arabera, katalanen %73,3rentzat interesgarria litzateke 2030eko txapelketa antolatzea Pirinioetan, eta Pirinio Garaia eta Aran eskualdeko herritarren artean %74,6 da portzentaia. Kontrakoak %20,7 lirateke.

Inkesta abenduan egin zuten, 1.500 herritarren artean —300 ziren Pirinioetako eskualde horietakoak—. Interesa agertu dutenen laurdenentzat, eskualde horietan dauden azpiegiturak hobetzeko aukera bat dira Neguko Olinpiar Jokoak. Herenek esan dute, gainera, inguru hori sustatzeko eta turismoa erakartzeko aukera bat ere badela, eta lanpostuak sortuko lituzkeela horrek.

Kontra daudenek, berriz, inkestan argudiatu dute garestia dela horrelako zerbait antolatzea. Gainera, esan dute beren ustez txapelketa jokatu ondoren utzi egingo dituztela Olinpiar Jokoetarako azpiegiturak. Ingurumenean izango lukeen eragina eta elur nahikorik ez egotea ere argudiatu dute; baita sortuko diren lanpostuak prekarioak izango direla ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.