Yemengo Gerra

NBEk ikerketa bat eskatu du Saudi Arabiak gidatutako koalizioaren bonbardaketen gainean

Migratzaileentzako zentro bat bonbardatu zuten atzo, Saada hirian. Huthi matxinoen arabera, gutxienez 82 dira hildakoak.

Huthien aldeko yemendarrak, atzo, Saudi Arabiak gidatzen duen koalizioaren azken bonbardaketak salatzeko manifestazio batean, Sana hiriburuan. YAHYA ARHAB, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko urtarrilaren 22a
16:38
Entzun

Ikerketa «eraginkor eta gardena» galdegin du Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, Yemengo Saada hirian atzo izan ziren bonbardaketen gainean. Saudi Arabiak gidatzen duen nazioarteko koalizioak migratzaileak hartzeko zentro bat suntsitu zuela salatu dute hiria kontrolpean duten matxino huthiek eta giza eskubideen aldeko hainbat gobernuz kanpoko erakundek.

Huthien esanetan, hildakoak 82 dira gutxienez. Gurutze Gorriak adierazi du ehun baino gehiago direla hildako eta zaurituak, eta, Mugarik Gabeko Medikuen arabera, berrehun inguru dira zaurituak bakarrik. «Oraindik gorpu asko daude bonbardaketen tokian, jende askok jarraitzen du desagertuta», azaldu du Ahmed Matah erakundeak Yemenen duen misioaren buruak.

Huthiek salatu dute nazioarteko koalizioak «jakinaren gainean» egin duela eraso zibilen kontra. Nazioarteko erakundeak esku hartzera deitu ditu Taha al-Motawakel huthien gobernuko Osasun Ministroak. «Gizateriaren kontrako gerra krimentzat jotzen dugu». Sendagaiak lortzeko laguntza eskatu du baita ere.

Riad buru duen koalizioak, aldiz, ukatu egin du Saada bonbardatu duenik. Onartu du Hodeidah hiriari egin ziotela eraso, atzo, mendebaldeko kostaldean dagoen hiri horretako portua armen kontrabandorako gunea dela argudiatuta. Zehazki, Iranek huthiei bidalitako armentzako sarbidea dela esan du Saudi Arabiako Gobernuak. Hodeidahen «bonbardaketa zehatzak» egin dituela gaineratu du, «miliziaren azpiegiturak» suntsitzeko helburuarekin. Koalizioak jaurtitako lehergaiek telekomunikazio zentro bat kaltetu zuten, Yemenen Interneterako konexioa bermatzeko oinarrizkoa dena. Erasoak sarearekiko lotura eten du herrialde osoan.

Huthien kontrako bonbardaketak ugaritu egin ditu Saudi Arabiak gidatutako aliantzak, matxinoek Abu Dhabi Arabiar Emirerri Batuetako hiriburuari eraso egin ziotenetik, joan den astelehenean, misil eta bonba drone bidez —Arabiar Emirerri Batuak Yemenen huthien aurka borrokan ari den nazioarteko aliantzaren kide da—. Koalizioak beste eraso batekin erantzun zuen, asteartean, eta gutxienez hamalau herritar hil zituen Sana Yemengo hiriburuan.

Segurtasun Kontseilua, «lerratuta»

NBEren Segurtasun Kontseiluak huthiek Arabiar Emirerri Batuetan egin dituen erasoak gaitzetsi zituen atzo, eta giza eskubideen aldeko hainbat elkartek kontseiluaren adierazpena kritikatu dute, alde bakarraren erasoak salatu dituelako, Riadekin «lerratuta». Gordin mintzatu da Jamal Benomar NBEren Yemenerako misioaren buru izandakoa. Nabarmendu du nazioarteak ez dituela Yemenen gertatu diren gerra krimenak zigortu, eta NBEren Segurtasun Kontseiluko kideei egotzi die horren ardura. «Errealitatea da [Segurtasun Kontseiluko] bost kideak Saudi Arabia Yemenen gerra amaitzera bultzatu eta Yemengo aldeak prozesu politiko batean engaiatzera bideratu beharrean, elkarren artean lehian aritu direla Saudi Arabiarekin eta Arabiar Emirerri Batuekin irabazi handiko kontratuak lortzeko».

Gerra 2014an lehertu zenetik, 130.000 herritar baino gehiago hil dituzte Yemenen, ACLED elkartearen arabera. Gobernuz kanpoko hainbat erakundek salatu dute gerrak munduko krisi humanitario larriena eragin duela, eta gerra krimenen ardura leporatu diote, bereziki, Saudi Arabiak gidatutako koalizioari, bonbardaketetan milaka zibil hiltzeagatik eta Yemenentzat oinarrizkoak diren azpiegiturak suntsitzeagatik. Huthiak ere egin dituzte gerra krimenen erantzule, eta haurrak soldadu gisa erabili izana egotzi diete.

AEBetako Gobernuak «kezka» adierazi du Yemenen gatazka laztu dela eta. Antony Blinken Estatu idazkariak tentsioa baretzera deitu ditu bi aldeak. Joe Biden AEBetako presidenteak asteazkenean adierazi zuen bere gobernua aztertzen ari dela huthiak «terroristen» zerrendan berriz sartzeko aukera. Huthien kontrolpeko lurraldean, manifestazioak egin zituzten atzo, «AEBen erasoak» arbuiatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.