ZIUetan «presioa» dagoela onartu du Txibitek

Intzidentzian beherakada bat ikusten bada ere, erietxetako «okupazioan» hamabost bat egunean ez dela igarriko esan du.

arantxa iraola
2022ko urtarrilaren 22a
17:59
Entzun

Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibitek hizpide izan du gaur COVID-19aren izurria. ZIU Zainketa Intentsiboetako Unitateetako «presioaren» harira adi jarraitu behar dela onartu du. Hala ere, hobekuntza erakusten duten datuak ere badirela argudiatu du: «Aste honetan, aurrekoarekin alderatuta, kasuak %30 apaldu dira». Erietxeetako «okupazioan», ordea, hamabost bat egun beharko dira hobekuntza horren ondorioak igartzen hasteko.

Hilaren amaiera bitartean, bederen, izurriaren eragina apaltzeko prebentzio neurriak indarrean egongo direla esan du Txibitek. Hortik aurrera zer egin ez dutela argi adierazi du: «Astearen erdialdera erabakiko dugu zer egin neurriekin». Gaueko aisialdia mugatuta dago, eta neurrien ondorioak, batez ere, alor horretan lanean dihardutenek «pairatzen» dituztela onartu du.

Kexu dira osasun profesional asko izurriaren ondorioz duten lan zamarengatik, eta horien aldarrien muinean dauden arrazoibideak ulertzen dituela esan du Txibitek.«Ia bi urte daramatzate atsedenik hartu gabe». Adierazi du ezinbestekoa dela pandemia mendean hartzea lehen mailako osasun arretan-eta lehengo martxara itzultzeko, eta arta hobetzen hasteko.

Ostiralean zazpi pertsona hil ziren COVID-19aren ondorioz Nafarroan, eta 29 eraman behar izan zituzten erietxeetara. 1.864 kasu positibo atzeman zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.