Greba mugagabea deitu du ELAk bihartik aurrera Zamudioko DHL enpresan

ELAk greba mugagabea deitu du bihartik hasita Zamudioko DHL Supply Chain enpresan; Euskaltel eta DHL enpresei eskatzeko langile guztien enplegua eta lan baldintza duinak bermatu ditzala.

ZTE enpresako langileen mobilizazioa. ELA
Miren Mujika Telleria.
2022ko urtarrilaren 24a
14:03
Entzun

ELAk deituta, Zamudioko (Bizkaia) DHL Suplly Chain enpresan –Euskaltelen zentro logistikoan– greba mugagabea hasiko dute bihartik aurrera. DHL enpresak Euskaltelen zerbitzu logistikoan esklusiboki jarduten duten 20 langile ditu, eta DHLk langileei jakinarazi dienez, Euskaltelek zerbitzu logistikoarekin lotzen dituen kontratua bertan behera uztea erabaki du. Deslokalizatzea eta zerbitzua Guadalajarara eramatea da Euskaltelen helburua, eta horrek, ELAren arabera, «Zamudioko langile guztien enplegua suntsitzea ekarriko luke».

Sindikatuak irmoki salatzen du Euskaltelen jarrera: «Aspaldi pribatizatutako enpresa batez ari gara, espekulatzaileentzako produktua izan dena, eta orain ikusten dugu nola aurreztu nahi dituen kostuak, prekarizatu lan baldintzak, eta gure herrialdean enplegua suntsitu nahi duen bere zerbitzu logistikoa deslokalizatuz». Hori guztia, MAS MOVIL akziodun berriaren irabaziak maximizatzeko logikaren baitan egingo dutela dio sindikatuak.

Beraz, ELAk greba mugagabea deitu du bihartik aurrera, eta Euskalteli eta DHL enpresari eskatzen die langile guztien enplegua eta lan baldintza duinak bermatu ditzala.

ZTEren greba, bertan behera

Akordioa sinatuta, ELAk jakinarazi du bertan behera geratu dela Euskaltelen sarea instalatzeaz eta mantentzeaz arduratzen den ZTE enpresako langileek antolatutako hamar eguneko greba. Soldata-igoerak, lanaldi-murrizketa, aplikatu beharreko gutxieneko soldatak eta telelanaren oinarriak jasotzen ditu sinatu berri duten hitzarmenak. Izan ere, hainbat mobilizazio egin izan dituzte ZTEko langileek, «2018tik soldatak izoztuta zituztelako eta lan baldintzak egunetik egunera okertzen zizkietelako».

Hala, langile guztiei soldatak igotzea, gutxieneko soldata 19.000 eurokoa izatea eta urtean 20 lanordu libre gehiago izango dituztela sinatu dute gaur. Gainera, ELAk ohartarazi du muga ezarri diotela aldi baterako laneko enpresa bidez kontratatzeari: «Langilegoaren %5a baino gehiago ezingo da aldi baterako laneko enpresa bidez kontratatu, eta gehienez 16 asteko kontratuak izan ahalko dira». Horrez gain, telelana arautzeko oinarriak eta gehiegiko lanaldia ekiditeko bideak adostu dituzte gaur sinatutako hitzarmenean. Beraz, greba bertan behera uztea adostu dute eta akordioa Lan Harremanen Kontseiluan berretsi beharko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.