Burkina faso

Burkina Fasoko presidentea atxilotu du matxinatutako militar talde batek

Matxinatuek Roch Marc Christian Kabore herrialdeko estatuburuaren dimisioa eta baliabide gehiago eskatu dituzte jihadisten aurka borrokatzeko. Gobernuak ukatu egin du presidentea preso hartu dutela.

jarraia208745.jpg
Mikel O. Iribar.
2022ko urtarrilaren 24a
14:31
Entzun

Tokiko hedabideen arabera, Burkina Fasoko presidente Roch Kabore atxilo hartu du bart militar talde batek, zenbait base militarretan izandako matxinaden ostean. Jauregi presidentzialetik eta kuarteletik gertu entzun dira tiroketak, Uagadugun. Matxinatuek hiriburuko Sangoule Lamizana kanpamentuan dauzkate preso atxikita herrialdeko presidentea eta gobernuko beste zenbait ministro.

Gainera, militarrek RTB telebista kate publikoaren egoitza inguratu dute, BBC hedabide publikoak jakinarazi duenez, eta ehunka lagun atera dira soldaduei laguntzera, nahiz eta etxeratze agindua indarrean egon. Herritar batzuek su eman diote Kaboreren alderdi politikoaren egoitza nagusiari.

Edonola ere, gobernuak ukatu egin du kolpe militar bat egon dela, baita presidentea atxilotu dutela ere. Aldiz, Radio France International hedabideak baieztatu egin du herrialdeko estatuburuaren atxiloketa, eta ofizial batek aditzera eman du «datozen orduetan» agerraldia egingo dutela.

Matxinatuek hainbat eskari egin dituzte: Kaborek dimisioa ematea, armadaren burua eta inteligentzia zerbitzuko burua kargutik kentzea, mugan tropa gehiago hedatzea, eta baldintza hobeak ezartzea zaurituentzat eta soldaduen familientzat. Horrez gain, baliabide material gehiago ere eskatu dituzte jihadisten aurka egiteko.

Bestalde, base militar batean preso zegoen Gilbert Diendere jenerala aske utzi dute. Diendere Blaise Compaore presidente ohiaren kabineteburua izan zen, eta kondenatuta zegoen 2015ean estatu kolpe saiakera bat egiteagatik eta Thomas Sankara gobernuburu ohi eta iraultzailearen hilketarekin ustezko lotura izateagatik.

Egoera horren aurrean, Mendebaldeko Afrikako Ekonomia eta Diru Batasuneko presidente Jean-Claude Kassi Brouk «lasaitasunerako» deia egin du ohar baten bidez, eta herrialdeko gobernuari eta herriari elkartasuna adierazi die. Era berean, Brouk matxinatu ziren militarrei eskatu die «errepublikanoen jarrera hartzeko eta agintariekin elkarrizketa bultzatzeko».

Gobernuaren aginduz eta ustez estatu kolpe bat antolatzeagatik 11 soldatu atxilotu eta astebetera gertatu da matxinada. Dena dela, atsekabea gero eta handiagoa da Burkina Fasoko herritarren artean, Kaboreren gobernuak 2015etik jihadisten aurka borrokatzeko duen ezintasunagatik. Erasoak asko areagotu dira, eta joan den urteko azaroan, esaterako, 53 pertsona hil zituzten ustezko jihadistek. Larunbatean, gobernuaren aurkako manifestazio batera deitu zuten, baian gobernuak debekatu egin zuen, eta hainbat manifestari atxilotu.

Lassina Zerbo lehen ministroak urtarril hasieran aitortu zuen egoera «oso kezkagarria» dela herrialdearen segurtasun aldetik. Era berean, adiskidetze nazionala, bakea eta segurtasuna berrezartzearen aldeko jarrera erakutsi zuen. Herrialdearen ezegonkortasun horrek 1,5 milioi desplazatu baino gehiago utzi ditu 2015etik. Kaborek bigarren agintaldia du jarraian presidentetzan, 2015eko eta 2020ko hauteskundeetan irabazi ostean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.