Fipadoc

Fipadocen sari nagusia errezibitu du Poloniako 'The Balcony Movie' dokumentalak

Miarritzeko laugarren Fipadoc dokumental zinemaldiak sariak banatu zituen larunbatean, Gare de Midi aretoan.

'The Balcony Movie' filma. FIPADOC
Ainize Madariaga
2022ko urtarrilaren 24a
18:04
Entzun

Herenegun banatu zituen Fipadoc dokumental zinema festibalak laugarren aldiko sariak, Miarritzeko (Lapurdi) Gare du Midi aretoan. Christine Camdessus Fipadoceko arduradun nagusiak, Anne Georget Fipadoceko lehendakariak eta Brice Toussaintek aurkeztu zuten gaualdia.

Pawel Lozinskiri eman diote nazioarteko sari nagusia, The Balcony Movie lanagatik. Epaileek aitortu dute lanak ukan dituztela hautaketan, baina azkenean «dokumentalen boterea baieztatzen duen filma hautatu» dutela, eta «ikuspuntu baten hautu erradikalak gure eguneroko esperientzia eralda» dezakeela. Ororen buru, epaileen aburuz, Lozinskik «paradoxa» hau «baieztatzen» du: «intimitaterat heltzeko, behar den distantzia mantendu beharra da».

Camille Ponsini eman diote Fipadocen frantses sari nazional nagusia, Marie-josé vous attend a 16h dokumentalagatik. Epaileek halaxe laburtu dute haien hautua: «Durduzatu gaitu filma honek, argitara ekarri baitigu munduaren bertze puntan dauden emazte eta gizonak genozidioak mehatxatuak direla gure sistema politikoen konplizitateari esker».

Paraiso Sergio Trafaut zinemagilearen dokumentalarentzat izan da Fipadocen hirugarren sari nagusia, lan musikalei ematen zaiena. Brasil du protagonista obrak, eta erakusten du «bakardadeari aitzin egiteko» baliatzen duela musika.

Revolution of Our Time filmagatik eman diote Kiwi Chow egileari Fipadocek banatzen duen azken sari nagusia: inpaktuarena. «Gure garaiko filma da; estatuen botere ahalguztidunaz mintzo da, baita gureak ere badiren askatasunak defendatzen dituzten gazte kasik umezurtzak uzten ditugunen kuraiaz ere. Durduzatua ilkitzen gara hortik», laburtu du epaimahaiak.

Gainerako sariak hauek izan dira: Felix Gaedtke eta Gayatri Parameswaranek Smart saria ukan dute Kusunda lanagatik; Karim Ben Khelifak idazkera berrien saria errezibitu du Seven Grams lanagatik; Lotfi Achouren Angle mort lanak hartu du film laburren saria; sorkuntza berrien saria Zoe Brichauri eman diote Que no me roben los sueños lanagatik; Tenk saria, berriz, Joachim Michauxek jaso du Sur tes cendres obragatik; Pedro Moratoren En mis zapatos lanak Mitrani saria ukan du; Sergei Loznitsari Cine+ saria eskaini diote Babi yar Context lanagatik; komunikabideetan emazteei ematen dioten saria Marie-Pierre Jauryk eskuratu du Option éducation sexuelle lanagatik; eta Peter Triestek hartu europar gazteen saria A Parked Life lanari esker.

Azkenik, publikoaren saria Priscilla Pizzatok errezibitu du, Opera de Paris, une saison (tres) particuliere lanagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.