Indarkeria matxista

Epaileak behin-behinean espetxeratu du Sara Pinaren senarra

Tuterako Auzitegiko 2. Instrukzioko Epaitegian deklaratu du gaur goizean, eta Pina hil izana onartu du. Dozenaka herritarrek protesta egin dute, hilketa gaitzesteko.

Dozenaka herritar Tuterako Epaitegi parean eginiko protestan, gaur. EUROPA PRESS
Uxue Rey Gorraiz - Iosu Alberdi
2022ko urtarrilaren 25a
12:24
Entzun

Joan den urtarrilaren 10ean hilik azaldu zen Sara Pina, Tuterako (Nafarroan) Iruñea etorbideko bere etxean. Hilotzak indarkeria zantzuak zituen, labankada arrastoak. Gorpua aurkitu eta berehala hasi zen Polizia Pinaren senarraren bila, hark hil zuela baitzen hipotesi nagusia; biharamunean atzeman zuten, Bordeletik hurbil. Ordutik, gizonezkoa preso izan da, Parisen. Atxiloketatik bi aste igarota, Pinaren senarra Madrilera eraman zuten atzo, eta ondotik Nafarroara ekarri. Hain zuzen ere, Tuterako Auzitegiko 2. Instrukzioko Epaitegian deklaratu du gaur, eta epaileak espetxera bidali du behin-behinean, fidantzarik gabe. Auzitegiak adierazi duenez, akusatuak onartu egin du Sara Pina hil izana,,hura «lo zegoen bitartean».

Defentsak behin-behineko askatasuna eskatu du akusatuarentzat. Fiskaltzak eta akusazio partikularrak, berriz, fidantzarik gabeko espetxealdia. Azken horien alde egin du epaileak, besteak beste, akusatuak ihes egiteko arriskua dagoela iritzita, gizonezkoaren aurrekariak direla medio. Atxilotuari Sara Pinaren hilketa leporatzen diote, hamabost eta 25 urte arteko espetxe zigorra lukeen delitu bat. Nafarroako Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez, gainera, gizonak bi gutun eman dizkio epaileari. Batean, hilketa egin izana onartu du, eta bestean, «barkamena» eskatu die Pinaren familiari eta bereari.

Auzitegiak jakinarazitako informazioren arabera, Sara Pinaren hilotzak indarkeria zantzuak zituen; zehazki, «indarkeria handiz egindako hainbat labankada». Kasuaren gaineko ikerketan aritutako iturrien arabera, Pinaren eta senarraren etxebizitzako ateak ez zeuden bortxatuta poliziek gorpua aurkitu zuten egunean. Halaber, 41 urteko gizonezkoa, sortzez Gallurkoa (Espainia), ihes egina zen haiek bertaratu zirenerako, sakelako telefonoa etxean utzita. Hala, gorpua aurkitu zuten egun berean hasi zuen Poliziak Pinaren senarra aurkitzeko operazioa, hipotesi nagusia baitzen emakumea hark hil izana. Tuterako Auzitegiko epaitegiak zabaldutako informazioaren arabera, gainera, zantzu batzuek adierazten dute gizonezkoak urtarrilaren 8an edo 9an hil zuela emaztea.

Pinaren senarra hilaren 11n atxilotu zuten, Boisredongo zerbitzugune batean, Bordeletik 65 kilometro iparraldera (Okzitania); hau da, Tuteratik ia 500 kilometrora zegoen. Hedabide batzuen arabera, ibilgailuaren GPSari jarraituz atzeman zuten jendarmeek.

Ikusi gehiago:113 emakume eta 11 ume hil ditu indarkeria matxistak 2003tik

Gaitzespen irmoa

Sara Pinaren hilketak kasuaren berri izan zen egunetik bertatik piztu du sumina eta haserrea herritarrengan. Hainbat izan dira auziaren harira antolaturiko protestak. Besteak beste, azken asteotan mobilizazio jendetsuak izan dira Tuteran zein Euskal Herriko hiriburuetan. Tuterako Udalak hiru eguneko dolua ezarri zuen, baita Corteskoak (Nafarroa) ere —hangoa zen Pina—. Protestaz gainera, ezohiko batzarra egin zuten udalean, eta adierazpen bat adostu zuten alderdi guztiek. «Emakumeen aurkako indarkeriak oinarrian du plano sinbolikoan eta materialean gizonak emakumeen gainetik jartzen dituzten botere harremanak, eta emakumeek beti gizonen menpean jarraitzea dute helburu. Giza eskubideen kontrako bortxaketa larri bat da emakumeen aurkako indarkeria», adierazi zuten, besteak beste.

Protestak ez dira amaitu, baina: dozenaka lagun Tuterako auzitegi parean bildu dira gaur, Pinaren senarra deklaratzera deitua zen ordu berean. «Nazkatuta gaude indarkeria matxistaz. Justizia nahi dugu, bai Sararentzat, baita beste biktima guztientzat ere», nabarmendu dute Luchasmos por Sara plataformako kideek, irmo. Era berean, sisteman aldaketak egin beharra nabarmendu dute, «sistema patriarkalak hiltzaileei sostengua» ematen dielako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.