Lan gatazka

Hiru urteko zigor eskaera zuen metalgintzako langilea ez da kartzelan sartuko

Fiskaltzarekin akordio bat lortu du, eta hamabi hilabeteko zigorra onartu. Beste bi akusatuen aurkako frogarik ez dute aurkeztu.

Bizkaiko metalgintzako greban eginiko manifestazio bat. Ertzaintza langileei oldartu zitzaien. M. T. / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko urtarrilaren 25a
15:05
Entzun

Hiru urteko zigor eskaera jaso zuen Bizkaiko metalgintzako langilea ez da kartzelan sartuko. Gaur zen haren aurkako epaiketa egitekoa, Bilbon, baina aurretik akordio bat lortu zuen fiskaltzarekin, eta hamabi hilabeteko zigorra onartu. Ondorioz, ez da espetxean sartuko, baina isun bat ordaindu beharko du. Beste bi langileren aurkako bi urteko eskaera ere egina zuen fiskaltzak, eta horiek epaitu dituzte, baina, haien defentsaren esanetan, akusazioak ezin izan du aurkeztu haien aurkako frogarik.

Hiru akusatuak 2019ko ekainean Bilbon eginiko manifestazio batean atxilotu zituzten. Greba egunera deituta zeuden Bizkaiko metalgintzakoak, lan hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta zegoelako. Ia urte osoa iraun zuen gatazka izan zen. Manifestazio hartan, istiluak egon ziren Bilboko erdigunean, eta sindikatuek Ertzaintzak erabilitako indarkeria salatu zuten. Egun hartan bertan, ELAk, LABek, UGTk eta CCOOk idazki bateratua atera zuten Poliziaren jarduna deitoratzeko.

Epaibidea asko luzatu da, eta hiru akusatuak gaur zeuden deituta Bilboko Justizia Jauregirako. Hiruetako baten aurkako hiru urteko zigor eskaera egina zuen fiskaltzak, desordena publikoak eta hiri altzariei kalteak egitea egotzita. Bi urtetik gorako eskaera zenez, espetxean sartzeko arriskua zuen, baina akordio bat lortu zuten epaiketaren aurretik. Akusatuak ekintzetako batzuk onartu zituen, baita urtebeteko zigorra ere. Isun ekonomikoa ere ezarri diote, sei hilabetean ordaindu beharrekoa.

Beste bi atxilotuei desordena publikoa egotzi zieten, eta bina urteko zigor eskaera zuten. Biak ala biak epaiketa aretoan sartu ziren atzo, baina, haien defentsaren gertuko iturrien arabera, akusazioak ezin izan zuen frogatu egozten zitzaizkien ekintzak. Manifestazio hartan edukiontzi batzuk erre zituzten. Akusatuen defentsa LAB sindikatuko zerbitzu juridikoek egin zuten, eta orain epailearen ebazpena itxaron beharko da zigorrik duten jakiteko.

Bizkaiko metalgintzako sindikatuek babesa adierazi diete akusatuei. Duela bi aste eginiko agerraldi batean esana zuten langile horien aurkako akusazioak faltsuak zirela. ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk elkarretaratzea egin dute gaur epaitegiaren kanpoan. Ertzaintzak lan gatazketan izandako jarrera salatu dute, eta lan sindikala «kriminalizatzeko» asmoa egotzi zioten Jaurlaritzari.

Hitzarmen berria

2019ko istiluak Bizkaiko metalgintzako aurreko lan hitzarmeneko negoziazioen testuinguruan gertatu ziren, eta, bi urte geroago, berria negoziatzeko epea hasi da. Tamara Yague FVEM patronaleko buruak atzo aurreikusi zuenez, ez da erraza izango akordiorik lortzea, batez ere KPIarengatik. Negoziazio berrian bi bilera egin dira dagoeneko.

Aurrenekoan negoziazio mahaia osatu zen, eta bigarrenean sindikatu bakoitzak bere plataforma aurkeztu zuen. Hurrengo bilera otsailaren 3an izango da. Hitzarmen horrek 48.000 langileri eragiten die.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.