Nazioartea

NDFk aurtengo hazkunde aurreikuspenak apaldu ditu

Kezka agertu du AEBetako eta Txinako ekonomien bilakaeraren eta inflazio tasa handien inguruan.

Shangaiko portua, edukiontziz beteta. ALEX PLAVEVSKI (EFE)
jokin sagarzazu
2022ko urtarrilaren 25a
17:27
Entzun

Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) munduko hazkundearen aurreikuspena apaldu du, %4,9tik %4,4ra, batez ere AEBetako eta Txinako ekonomien bilakaerengatik. Eurogunean %3,9koa izango da batez beste. Espainiarena %5,8an mantendu du, eta Frantziarena 0,4 puntu jaitsi, %3,5eraino. NDFren ustez, koronabirusaren omikron aldaerak eragin ekonomiko handia izango du urteko lehen hiruhilekoan. Horri gehitu dio inflazio handia, bereziki AEBetakoa, eta Txinako etxebizitza merkatuaren krisia. «Hazkundea moteldu egin da, ekonomiek hornidura arazoei, inflazio handiari, errekorreko zorrari eta ziurgabetasun iraunkorrari aurre egin behar dietelako», adierazi du Gita Gopinathek, NDFko ekonomialari buruak.

2023rako hazkunde txikiagoa aurreikusten du erakundeak: %3,8koa, baina iaz iragarritakoa baino bi hamarren handiagoa da hori. 2022an gertatzen ez den hazkundearen zati bat hurrengo urtera atzeratuko dela uste du. Hala ere, NDF zuhur agertu da aurreikuspen horrekin, eta osasun krisiaren bilakaeraren araberakoa izango dela azpimarratu du.

AEBetako ekonomiarako % 3,9ko hazkundea aurreikusten du, urrian baino 1,2 puntu gutxiago. Arrazoi nagusiak: inflazioa, pandemian emandako pizgarrien amaiera, eta hornidura kateetan izandako arazoak. Halaber, NDFk kontuan hartu du Senatuak ez duela onartu Jode Biden presidenteak bultzatutako gizarte gasturako eta klima aldaketaren aurkako plan handinahia.

Txinari dagokionez, hazkundea % 4,8koa izango da, aurreikusi baino 0,8 puntu txikiagoa. Osasun eta hornidura arrazoiei higiezinen merkatuaren krisia gehitu die NDFk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.