Australia

Australiak aborigenen banderaren copyrighta erosi du, lehia biziaren ondotik

Orain arte, banderaren egilearenak ziren sinboloaren gaineko eskubideak, eta muga ugari zen haren erabilerarako. Gobernuak 12 milioi euro baino gehiago ordaindu du Copyright baimenaren truke. 

Herritar bat aborigen bandera eskutan, Sydneyn. DAN HIMBRECHTS, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko urtarrilaren 26a
11:44
Entzun

Aborigenen bandera libreago haizatuko da aurrerantzean Australian. Izan ere, askatu egin da 50 urte baino gehiago iraun duen korapilo legala: Australiako Gobernuak erosi egin du aborigenen banderaren copyrighta. Sinboloa Harold Thomas artista indigenak sortu zuen 1971n, protesta modura, eta, ordutik, berea zen haren gaineko eskubidea. Hala izanik ere, denboraren joanarekin batera, bandera horren erabilera nabarmen zabaldu da herrialdean, eta aborigenen sinbolo nagusi da egun, «kolonizazioaren kontrakoa», baita indigenen bandera ofizial ere. Orain, gobernuak azaldu duenez, bandera «herritar guztiena» da azkenik, baita legearen aurrean ere.

Bidea luzea eta oztopoz betea izan da orain arte. Australiako jatorrizko biztanleek hainbatetan salatu dute banderaren gaineko eskubideak artistarenak izateak franko trabatu dituela sinboloa askatasunez erabiltzeko aukerak.

Hain zuzen, muga horiei kontra egiteko aldarrikapenak aspaldi hasi ziren. Esaterako, herrialdeko zenbait kirolarik publikoki adierazi izan dute banderaren aldeko iritzirik. Nazioarteko txapelketetan partu hartu eta sinboloa erakutsita ere, uko egin diote jokabidea zigortzeko isunak ordaintzeari. Ika-mika horiek ez dira berriz gertatuko: gobernuak Copyright baimena eskuratuta, libreki ibiltzen ahalko da. Gainera, lehen ez bezala, banderaren kopiak egiteak ere ez du ekarriko inongo isun edo zigorrik.

12 milioi eurotik gora

Banderaren copyrighta eskuratzeko lehia franko gaiztotua izan da azken urteotan. Azkenik, gobernuak berak jakinarazi duenez, Australiako 20 milioi dolar baino gehiago ordaindu dute baimenaren truke. Diru kopuru hori 14 milioi dolar estatubatuarren baliokide da. Eurotan, 12 milioi euro inguru.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.