sexu abusuak

EH Bilduk, ERCk eta Unidas Podemosek eskatu dute Eliza Katolikoaren pederastia kasuak argitzeko

Espainiako Kongresuan eskatu dute ikerketa batzorde bat sortzeko. Adierazi dute batzordeak biktimen aldeko erreparazioa «erraztu» beharko duela, «justizia errestauratiboko» prozeduren bidez.

Sustatzaileak, eskaera erregistratzen. @EHBILDUCONGRESO
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko urtarrilaren 26a
14:10
Entzun

EH Bilduk, ERCk eta Unidas Podemosek ikerketa batzorde bat sortzeko eskatu dute Espainiako Kongresuan, Eliza Katolikoko kideek haur eta nerabeei egindako sexu erasoak argitzeko. Adierazi dutenez, Eliza Katolikoaren barruan adingabeei egindako sexu erasoak «arazo historikoak» izan dira nazioartean.

Horrekin batera, salatu dute Eliza Katolikoaren zein botere politikoaren «egitura patriarkalek» eraso horiek eta, beraz, biktimak «ikusezin» bihurtu dituztela. Nabarmendu dute batzordeak biktimen aldeko erreparazioa «erraztu» beharko duela, «justizia errestauratiboko» prozeduren bidez.

Azaldu dutenez, Frantzisko aita santuak 2019an dekretu bidez agindu zuen Eliza Katolikoak pederastia kasuak «estaltzeari» utz ziezaiola. Hala ere, Jaume Asens Unidas Podemosen talde parlamentarioko presidente eta diputatuak azaldu du proposamena egiteko erabakia hartu dutela, besteak beste, «Espainiako Eliza Katolikoaren kupulak jarrera oztopatzailea» izan duelako. Gaineratu du gertaera «higuingarriak» direla, eta biktimak ez ezik, gizarte guztia «interpelatzen» dutela.

Bel Pozueta EH Bilduko diputatuaren arabera «egia jakiteko garaia» da, eta PSOEri eskatu dio «ausartzeko» eta tramitazioa «aurrera eramateko». Izan ere, nabarmendu du «garrantzitsua» dela ikerketa batzorde hori sortzea, besteak beste, sexu erasoak jasan dituztenek ikusteko kontatzen zutena «aitortua dela», kontzientziazio bat «aurrera eramateko», eta «berriro ez gertatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.