Enpresak

Gasteizko Mercedes datorren astean egun batzuez ixtea aztertzen ari da zuzendaritza

Aldi baterako enplegu erregulazioa luzatzeko baldintzei ezetz esan diete sindikatuek, aurrekoaren baldintzak okertzen dituelako.

Langile bat, Gasteizko Mercedes Benzen lantegian. Artxiboko irudia. RAUL BOGAJO/FOKU
aitor biain
2022ko urtarrilaren 26a
16:11
Entzun

Gasteizko Mercedes-Benz lantegiko langileen ordezkariek eta zuzendaritzako kideek bilera izan dute goizean, enpresak martxan jarri asmo duen aldi baterako erregulazioa negoziatzeko. Hornidura arazoak direla eta, enpresaren nahia da ekainera arte luzatzea erregulazioa, eta tarte horretan langile bakoitzari gehienez 30 egunez aplikatzea.

Sindikatuek, ordea, ezetz esan diote zuzendaritzaren proposamenari, aurreko erregulazioaren baldintzak okertzen dituelako. Izan ere, lehen indarrean zegoen erregulazioan langileek soldataren %80 kobratzea adostu zuten, eta orain, aldiz, %70 kobratzea proposatu die zuzendaritzak. 

Enpresak argudiatu duenez, ekoizpen programa murriztu egin behar izan dute piezen hornidurarekin izandako arazoengatik, eta, horrez gain, beste kostu batzuk ere handitu egin dira, logistikarena kasu. Hori dela eta, ezinezkoa da baldintza berberei eustea.

Negoziatzen jarraituko dute bi aldeek datozen egunetan. Otsailaren 4 arteko epea dute horretarako, halere; izan ere, adostasunik ez balego «langileentzako konpentsaziorik gabe» aplikatuko luke enpresak aldi baterako enplegu erregulazioa. Sindikatuek aurreratu dute beste proposamen bat aurkeztuko dutela. 

Ekoizpenari eusteko «arazoak»
Gainera, zuzendaritzak adierazi du datorren asteko ekoizpenari eusteko «arazoak» izan ditzazkeela. Urte hasiera ona izan bada ere, osagai falta izan dezakeela aitortu du enpresak, eta horregatik, datorren astean lantegia egun batzuez ixtea aztertzen ari dela. Bihar jakinaraziko dute zer egingo duten.

Aurrez ere itxi behar izan dute lantegia osagaien eta, bereziki, mikrotxipen faltagatik. Azken geldialdi garrantzitsua joan den urtearen amaieran izan zen; abenduaren 17tik urtarrilaren 3ra, bi astez, itxi zuten lantegia. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.