Lan erreforma

PSOEren estrategian aldaketa sakon bat iradokitzen hasi da erreformaren lokarria

EAJ eta ERC estu hartzen jarraitzen du Espainiako Gobernuak, eta testua aldatu nahi gabe. Erreforma eskuinetik onartzeko aukera ez du baztertu,

Pedro Sancghez, Moncloan, telefonoz hitz egiten, Ukrainari buruz. BORJA PUIG DE LA BELLACASA / EFE
xabier martin
2022ko urtarrilaren 26a
19:14
Entzun

Zortzi egun falta dira otsailaren 3ra arte, Espainiako Kongresuak lan erreformaren dekretua baliozkotu edo atzera botako duen E egunera arte. Mundu bat da politikan, eta gaur ezinezkoa ematen duena egia izan daiteke bihar, betiere realpolitik izeneko eltzean egosi ondoren. Baina gaur-gaurkoz lan erreformaren lokarriak   askaezina ematen du aintzat hartzen bada Espainiako Gobernuak ez duela koma bat ukitu ere egin  nahi Espainiako sindikatu eta patronalak adostutako testuan, eta bere ohiko bazkideek, hain zuzen, aurkakoa exijitzen diotela beren oniritzia emateko.
EAJk garbi utzi du berriro lan hitzarmenen prebalentzia aldatu behar dela legean, eta erkidegoetako sektore itunek behar dutela nagusitasuna estatukoen aurrean. ERCk ere aspaldian finkatu du posizio hori bera. PSOEk, ordea, prest ematen du erreforma eskuineko bidetik aurrera ateratzeko, Ciudadanosen babesarekin, eta, akaso, PPren azken orduko abstentzio batekin. Ez alferrik CEOE bera eskatzen ari zaio erreforma onartzen laguntzeko.

Sanchezen exekutiboak legegintzaldiko lege garrantzitsuena onartzeko bazkideak aldatzea lan erreformaz harago joango litzatekeen mugimendua litzateke Espainiako taula politikoan, eta legegintzaldiaren eboluzioa baldintzatuko luke, haren iraupenetik hasita beharbada. Ikusteko dago zenbatekoa den PSOE CEOErekin lotu duen soka horren indarra, eta batez ere gai ote den Sanchezen estrategia osoa baldintzatzeko, edo Sanchez bera ez ari ote den eragiten norabide aldaketa bat sustatzen lan erreforma baliatuta, datozen hauteskundeei begira. Ez alferrik Ferrazen oso zuhur dabiltza Yolanda Diaz Lan ministroarekin, erreforma haren munizio bihurtzeko bidean dagoelako datozen hauteskundeetan. Lan legedia eskuineko bidetik onartzeak bolbora bustia eramango luke Diazen balizko plataforma horretara.

EAJ: «Legez eta orain»

Batera edo bestera, EAJk inoiz baino argiago utzi du ez duela onartuko orain erreformari bidea zabaltzea eta gero euskal itunen prebalentzia negoziatzea Langilearen Estatuan aldaketak eginez: «Ez bada onartzen orain eta legez erkidegoen itunen nagusitasuna, gure bozka ezezkoa izango da. Ez digu balio etorkizuneko promesarik: legez eta orain. Otsailaren 3an bozkatuko dugu dagoeneko idatzia dagoenaren arabera eta lege kategoria duenaren arabera».

Bistan da: PSOEk ez du lortu Sabin Etxea mugiaraztea, ezta IMV gutxieneko bizitzeko diru sarreraren transferentzia bete gabe dagoen honetan ere. Baina Espainiako Gobernuak mezu bakarra helerazten jarraitzen du aho batez: erreforma dagoen moduan onartu behar da eragile sozialek horrela adostu dutelako. Eragile horiek Euskal Herrian ez direla ordezkaritza handienekoak alde batera uzten du PSOEk, euskal gehiengo sindikala eta euskal lan harremanen esparrua baztertuz.

Presio horrek ez du inolako eraginik izan EH Bilduri dagokionez. Haren exijentziak ez du zalantzarako tarterik utzi, eta itunen prebalentziaren aldaketari kaleratze errazen eta merkeen araudi aldaketa gehitu dio bere ezezkoa saihesteko baldintza gisa. Sanchezek oso zaila du euskal diputatu abertzaleen ezezkoari izkin egitea, beraz, eta egoeraren gordinean Diaz Lan ministroa Katalunian da, ERCren hamahiru diputatuak erakartzeko. ERCk, ordea, garbi esan dio «ezkerreko gehiengo bat alferrik galtzen» ari dela gobernua, eta ez dela «nahikoa mugitu» lan erreforma onartu dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.