Lan erreforma

Beren ezezkoak garbi utzi dituzte EH Bilduk, ERCk, BNGk eta CUPek

«Erabateko zintzotasunez, negoziatzeko prest» azaldu dira alderdi subiranistak agerraldi bateratu batean, baina garbi utzita egungo erreforma ez dela nahikoa «langileei kendu zitzaizkien eskubideak berreskuratzeko».

EH Bilduko kongresukide Mertxe Aizpurua beste alderdietako parlamentariekin. CHEMA MOYA / EFE
xabier martin
2022ko urtarrilaren 27a
11:55
Entzun

Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako abertzale subiranistek agerraldi bateratu bat egin dute Espainiako Kongresuan, eta adierazi lan erreformari dagokionez fronte bateratua eratu dutela; EH Bilduk, ERCk, BNGk eta CUPek osatutako fronte horrek garbi utzi du ez dizkiola bere botoak emango Pedro Sanchezen gobernuari lan erreforma ateratzeko, ez behintzat egun idatzia dagoen moduan aurkezten badu Kongresuan.

Ez da ezezko biribila, eta aldaketak negoziatzeko prest daude alderdi horiek, «erabateko zintzotasunez». Eztabaidagai posible horien artean jarri dituzte erkidegoko sektoreko lan itunen lehentasuna eta 45 laneguneko kaleratzeen kalte ordainera itzultzea. Alegia, lan hitzarmenen nagusitasuna bakarrik ez, EH Bilduk aurreko astean jakinarazi zuen moduan; ERCk nahi du kaleratze errazen eta merkeen araudia ere aldatzea, 2012ko erreformaren aurreko baldintzetara itzultzeko. Enpresen barne malgutasuneko mekanismoen barruan sartzen da eduki hori, CEOE patronalak Madrilgo mahai sozialean atera duen garaipenik handiena, berau baita erreforma berriak aurrekoaren muina hartu izanaren arrazoi nagusia.

Astebete falta da Espainiako Kongresuan lan erreformaren proposamena bozkatu dezaten, gobernuaren dekretua baliozkotzeko edo atzera botatzeko, eta alderdiak haien kokapena zehazten ari dira. EAJk ere garbi baino garbiago utzi du azken egunetan ez dela milimetro bat mugituko itunen lehentasuna aldatzen ez bada, euskal itunek nagusitasuna ukan dezaten Euskal Herrian.

EH Bilduk eta ERCk (BNG eta CUPekin batera) ez diote uko egin nahi testua aldatzeko aukerari, eta testuinguru horretan kokatu nahi izan dute agerraldia. Argi esan dute egungo testuak ez dituela 2010eko eta 2012ko lan erreformak indargabetzen, eta langileek ez dituztela berreskuratu orduan «galdutako eskubideak». Prekaritatearen eta behin-behinekotasunaren aurka jasoak dituen neurriak «ez dira nahikoak», alderdi horien arabera, «eskubideak berreskuratzeko».

Alderdi bakoitzak modu autonomoan jokatuko du bozketari begira, nahiz eta fronte bateratu gisa azaldu diren. ERCko parlamentari Jordi Salvadorrek onartu du Yolanda Diaz Lan ministroak «saio bat» egin duela negoziatzeko: «Badira gauzak akordio bat adosteko». Eta erantsi du «eduki horiek» zehaztu egin beharko liratekeela akordio bat egiteko. Salvadorrek, dena den, azpimarratu du Diaz ez Gobernuko beste kide batzuek «betoa» jartzen ari direla negoziazioan, «koma bat bera ere» ez dela aldatuko esaten ari direlako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.