Martin Ugalde foroa

Euskal Herriaren irudikapena hedabideetan aztergai, gaur, Martin Ugalde foroan

Lehenik, hitzaldi bat emango dute, eta, gerora ,mahai inguru bat egingo dute zenbait hedabidetako kazetariekin. BERRIAk zuzenean emango du, 19:00etatik aurrera.

Ainhoa Larrañaga eta Eneko Bidegain Huheziko irakasleak, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean. MAIALEN ANDRES / FOKU
2022ko urtarrilaren 27a
12:15
Entzun

Euskarazko hedabideek zenbateraino indartzen duten nazio kontzientzia eta zenbateraino islatzen zatiketa administratiboa. Gai horren inguruko ikerketa egin dute Eneko Bidegain, Ainhoa Larrañaga eta Zuriñe Maguregi Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasleek. Martin Ugalde bekaren laguntzaz ondu dute ikerketa, eta liburu batean bildu: Izan ala ez izen? Euskal Herriaren irudikapena euskal hedabideetan. Azaroan aurkeztu zuten, eta gaur Martin Ugalde foroan izango dira. Euskal Herriak hedabideetan duen irudikapena aztertuko dute, Herri zatitu bat josteko bideen bila. Zer egin hedabideetan? lelopean.

Foroak bi zati izango ditu: lehenik, hitzaldi bat emango dute Ainhoa Larrañaga eta Zuriñe Maguregi Huheziko irakasleek, eta, gerora, mahai inguruan landuko dituzten gaien inguruan arituko dira, testuinguru bat sortzeko. Ondoren, Eneko Bidegainen galderei erantzungo diete Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak, Arantxa Idieder Gure Irratiko esatariak eta Iban Arantzabal Tokikom toki komunikabideen sareko presidenteak. Hala, norbere gogoeten eta ikuspegien berri emango dute, eta irtenbide posibleak xehatzen eta proposatzen ere ahaleginduko dira.

Ohi bezala, BERRIAk zuzenean emango du saioa. Streaming bidez jarraitu ahal izango da berria.eus webgunean, 19:00etatik aurrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.