Lan erreforma

LABek Adegiren egoitza «okupatu» du, lan erreformaren aurka

Sindikatuko kideak ordubete inguru izan dira barruan. LABek «lan harremanen esparru propioa» galdegin du, eta azpimarratu horretarako «ziklo mobilizatzaile berri bat» ireki behar dela Euskal Herrian.

jokin sagarzazu
2022ko urtarrilaren 27a
12:29
Entzun

LAB sindikatuak lan erreformaren aurkako «aldarrikapen eguna» antolatu du gaurko, Hego Euskal Herriko lantokietan. Protestarik deigarriena Adegi Gipuzkoako enpresarien elkartean egin du. Patronalaren egoitzaren «okupazio» sinbolikoa egin dute sindikatuko kideek.

Hogei bat lagun sartu dira, eta afixak bota dituzte sarrerako gelan; kanpoan dozenaka lagun bildu dira. Ordubete inguru egon dira barruan: lan erreformaren aurkako oihuak egin dituzte. Erreformarekin bat egin izana leporatu diote Adegiri, eta lan baldintzen «prekarizazioaren» erantzule egin dute.

Protestan tentsio une batzuk izan badira ere, ez da istilurik egon. Ertzaintzak, bertaratu eta sindikatuko eta patronaleko arduradunekin hitz egin ondoren, modu baketsuan hustu dute eraikina. Protestak iraun duen denbora guztian sindikatuko kideekin batera izan dira Jose Miguel Aierza Adegiko zuzendari nagusia eta patronaleko beste arduradun batzuk. Poliziak iritsi arte ez diete egoitzatik irteten utzi. Identifikaziorik ez da izan, eta mobilizazioa desegin dute.

Dena den, Adegik jakinarazi du salaketa jarriko duela. Haren ustez, protestan parte hartu dutenek «larderia eta indarkeria» erabili dute, eta han zeudenen lana «oztopatu». Halako ekintzak ezin direla onartu azpimarratu du, eta «beste garai batzuetako» jarrerak gogorarazten dituztela. «Badirudi batzuek ezin dituztela tik totalitarioak utzi».

Patronala, sortu zenetik, «elkarrizketarako eta akordiorako gaitasuna» erakutsi duela gaineratu du, eta demokrazian lan arloko aldarrikapenak beste bide batzuetatik jorratzen direla. «Gipuzkoak beste sindikalismo bat merezi du; elkarrizketarako irekia, bere aldarrikapenen defentsan sendoa eta adostasun batzuk lortzeko gai dena: XXI. mendeko jarrera bat duena, alegia. Gaurkoa oso urrun dago hortik».

Eskaera zehatzak

Donostiako Miramongo parke teknologikoan eginiko mobilizazioan parte hartu du Igor Arroio LABeko idazkari nagusiaren ondokoak. Greba orokor batera deitzeko asmoak «zapuztu» ondoren, Euskal Herrian «ziklo mobilizatzaile berri bat» irekitzeko beharra azpimarratu du.

Arroioren arabera, Madrilen hartzen diren erabakiez haratago, Euskal Herriko erakunde eta eragile politiko eta sindikalei dagokie hori gauzatzea. Horri begira, gogoratu du LABek bi lege proposamen helarazi dizkiola Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuari: bata, enpleguaren esparrua arautuko lukeen Euskal Lan Kodea, eta bigarrena, Gizarte Segurantzako Lege Propioa.

Hego Euskal Herriko eragileek adostu ditzaketen bost neurri aipatu ditu LABeko kideak: 1.400 euroko gutxieneko soldataren bidean urratsak egitea; gehienez ere 30 orduko lan astea lortzeko bideari ekitea; genero arrakala gainditzea; enplegu suntsiketa amaitzea; lanaldi partzialak mugatzea; eta enplegu publikoa egonkortzea dira sindikatuaren aldarrikapenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.