Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Lesakako Mairu taldeak 'Intxaurra' lana sortuko du Arnasguneak bekarekin

Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Uemak sortu dute deialdia, arnasguneetan euskara sustatzeko. Antzezlana azaroan estreinatuko dute, Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan.

Aitor Elexpuru, Bingen Zupiria, Ana Ollo, Mikel Arregi eta Gaizka Sarasola, gaurko agerraldian.
Aitor Elexpuru, Bingen Zupiria, Ana Ollo, Mikel Arregi eta Gaizka Sarasola, gaurko agerraldian. IƱigo Uriz / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2022ko urtarrilak 27 18:41

Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Lesakako (Nafarroa) Mairu antzerki tailerrari emango diote Arnasguneak antzerki beka. Taldeak 23.000 euro jasoko ditu Intxaurrak izeneko antzezlana sortzeko eta ekoizteko. Manex Fuchsek zuzenduko du obra; euskararen arnasguneen garrantzia jorratuko du, eta azaroan estreinatuko dute, Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan (Gipuzkoa).

Lanaren inguruko xehetasunak eman dituzte gaur Iruñean Ana Ollo Nafarroako Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Aitor Elexpuru Uemako ordezkariak eta Gaizka Sarasola Mairu Antzerki Tailerreko kideak.

Sarasolak gogora ekarri duenez, Lesakako Mairu taldeak 20 urte baino gehiagoko ibilbidea egin du, eta, hain zuzen ere, euskarari lotutako ekimen batetik abiatuta sortu zuten: «Bortzirietako Euskara Mankomunitateak antolatutako ikastaro baten inguruan izan zen sorrera, eta euskarak eta kulturak beti izan dute eragina taldean». Antzerki «herrikoia» egiten dute, komunitateari eragiten dioten gaiei begiratuz eta tradiziotik elikatuz. Hala, arnasguneen gaiak ere izaten du tokia haien lanetan: «Kontziente gara gure inguruan euskara osasuntsu dagoela, baina kezkak edo sintomak nabaritzen ditugu».

Bada, kezka edo sintoma horiei begiratuz onduko dute Intxaurra lana. Sarasolak kontatu duenez, laneko protagonista, Terexa, gaixorik egongo da, baina ez du bere osasun egoerak arduratuko, etxeko intxaurrondoaren osasunak baizik: arbolak ere gaitza izango du, eta kezka, gaixotasunarekin batera, Terexa itoz joango da. Antzezlanaren «enborra» biziberritzearen beharra izango da, baina beste «adar» batzuk azalduko dira: «Herri txikien ezaugarriak, kezkak eta premiak agertuko dira; mugaren kontzeptua; iragana, etorkizuna, oraina; zauriak, minak… eta umorea ere bai, beharrezkoa delako».

Formari dagokionez, errealismo magikoan oinarrituko dira, eta «irudi poetikoa» landuko dute: «Testuaren musikaltasunari eta poetikotasunari garrantzia emango diogu, baita soinuari eta argiari ere». Egin beharreko bideari begira, «ardura» dutela dio Sarasolak, «baina batez ere ilusioa».

Arnasguneen garrantzia

Arnasguneak beka Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Uemak 2019an sortutako Arnasa Gara programaren barruan dago. Egitasmo horren helburu nagusien artean daude udalerri euskaldunek eta arnasguneek euskarari egiten dioten ekarpena nabarmentzea, eta herritarrak kontzientziatzea.

Ollo kontseilariak esan du Nafarroako Gobernuaren Euskararen Plan Estrategikoaren helburu nagusietako bat dela, hain zuzen ere, euskararen arnasgunetzat hartzen diren udalerrien garrantzia aitortzea, eta haien hizkuntzaren egoera hobetzea. Halaber, euskarak duen balio «kohesionatzailea» nabarmendu du: «Horregatik, eta gutxituta dagoenez, mimatu, babestu, erreserbatu eta, batez ere, espazio publikoetan sustatu behar dugu».

Bestetik, Zupiriak Arnasa Gara kanpainak 2019tik egindako urratsak ekarri ditu gogora: «Hainbat kanpaina egin ditugu arnasguneek euskara biziberritzeko prozesuan duten garrantzia azpimarratzeko, eta eremu horietan bizi diren herritarrak kontzientziatzea eta ahalduntzea bilatu dugu». Udalerri horiek txikiak izan ohi direnez, Zupiriak garrantzizkotzat jo du haien proposamenekin hirietara ez ezik herri txikietara ere iristea.

Azkenik, Uemaren izenean, Aitor Elexpuru Berako alkateak adierazi du arnasguneen aitortza eta sendotzea izan dela beti Uemaren aldarrikapen nagusietako bat, eta poza adierazi du erakundeek horrekin bat egin izanagatik. Euskararen aldeko elkarlanaren garrantzia nabarmendu du: «Kasu honetan, Azpeitiko Udalarekin eta Dinamoa zentroarekin elkarlanean aritu gara; antzezlana Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan estreinatuko da, eta Mairu taldeko kideek Dinamoa erabiltzeko aukera izango dute».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©Bertsozale Elkartea

Nerea Ibarzabal irabazle Baionan

Olatz Enzunza Mallona

671,5 puntu lortu ditu Ibarzabalek, eta bigarren egin du Sustrai Colinak, 668 puntu eskuratuta. Ondotik geratu dira, hurrenez hurren, Beñat Gaztelumendi, Julio Soto, Unai Agirre eta Eñaut Martikorena.

<b>Amurrioko saioa.</b> Joan den larunbateko saioa, Amurrioko Bañueta kiroldegian. ©GARI GARAIALDE

Iristen aurren, eta joaten azken

Miren Mujika Telleria

Baionan jokatuko da gaur Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren itzuliko bigarren saioa. Ohi bezala, 17:00etan hasiko da. Aulki, soinu eta foku; pronto izango dira den-denak ordurako. Bertsozale Elkarteko ekoizpen taldeak du horren ardura. Zein da, baina, horren atzean dagoen inurri lana?
Indar Trabesen lehen kontzertua fikzioan irudikatzen, herenegun, Mutrikuko Venezia diskotekan. ©JON URBE / FOKU

Itoiz taldearen lehen printzak

Jone Bastida Alzuru

Doxa ekoiztetxea eta Larraitz Zuazo zuzendaria Itoiz taldeari buruzko pelikula bat prestatzen ari dira, dokumentalaren eta fikzioaren artean mugitzen dena. Mutrikun izan dira filmatzen.

Ekoetxea Urdaibaik hizkuntza indigenen erakusketa bat jarri du ikusgai. ©Monika del Valle / Foku

Hizkuntza jasangarriak

Amaia Igartua Aristondo - Bizkaiko Hitza

Busturiko Urdaibaiko Ekoetxeak erakusketa batean bildu ditu 11 hizkuntzatan emandako testu batzuk eta haien euskarazko itzulpenak: 'Hizkuntza indigenak, Ama Lurra zaintzen'. Abenduaren 18ra bitartean bisitatu ahalko da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.