UKRAINA

AEBen erantzunak ez du Errusia asebete

Moskuren arabera, Washingtonek eta NATOk segurtasun eskaerei egindako proposamenak ez du «baikortasunerako motibo askorik» ematen. Halere, «elkarrizketarako perspektibak» badaude.

Errusiako armadaren tanke bat atzo, maniobrak egiten, Rostov inguruan. EFE
Igor Susaeta.
2022ko urtarrilaren 27a
14:10
Entzun

Errusiak jaso du egindako segurtasun eskaerei erantzunez AEBek eta NATOk ondutako proposamena, eta Kremlinek uste du horri erreparatuta ez dagoela «baikortasunerako motibo askorik». Nolanahi ere, «elkarrizketarako perspektibak» badaudela uste du Moskuk. Hori bai, iruditzen zaio Washingtonek eta aliantza militarrak «modu argi batean» adierazi zutela atzo Errusiaren eskaera nagusiak baztertzen dituztela. Horietako bi dira NATOren hedatzea geldiaraztea Europa ekialdean, eta Ukraina NATOko kide bihurtzeko aukera baztertzea. Baina Jens Stoltenberg aliantzako idazkari nagusiak prentsaren aurrean jakinarazi zuen Vladimir Putin Errusiako presidenteari idatziz adierazi diotela ez batari, ez besteari ez diotela uko egingo.

Dokumentazio guztia Putinen esku dago. «Denbora beharko da hori aztertzeko, eta ez gara presaka ibiliko ondorioekin», nabarmendu du Dmitri Peskov Kremlinen bozeramaileak, gaur, egunero egin ohi duen prentsa agerraldian. Sergei Lavrov Atzerri ministroak ohartarazi du litekeena dela dokumentuan jasotakoak bide ematea «elkarrizketa serioei» ekiteko, «baina bigarren mailako auziez». Izan ere, «gai nagusiei» dagokienez, ez da «erreakzio positiborik» egon. Lavrovek gogorarazi du zein den gai nagusia: «NATOren ekialderanzko hedatzearen onartezintasuna eta Errusiaren lurrak mehatxatu ditzaketen armen kokapena».

Aliantza militarrak eta AEBek ez dute publiko egin Errusiari emandako erantzunaren edukia. Antony Blinken AEBetako Estatu Idazkariak atzo esan zuenez, espero du Errusiak gauza bera egitea. Moskuk konpromiso hori hartu du. AEBen arabera, uneotan Errusiako armadaren 100.000 bat soldadu daude Ukrainako mugan maniobra militarrak egiten. NATO, gainera, Europa ekialdean duen indar militarra handitzen ari da.

Eta, Errusiari erantzun bat bidali eta gero, Blinkenek Txinako Atzerri ministro Wang Yirekin hitz egin zuen, telefonoz. Yik adierazi zion Errusiaren «kezka legitimoak» errespetatu behar direla. Bide batez, «lasaitzeko eta eusteko» eskatu zien alde guztiei. Pekinek Washingtoni eta NATOri esan die, gainera, «hedatze militarrak» ez duela «segurtasuna bermatuko».

Ukraina, konforme

Ukraina, berriz, konforme dago AEBen eta NATOren erantzunarekin. «Eragozpenik ez dago«, idatzi zuen Dmitro Kuleba Atzerri ministroak Twitterreko bere kontuan. «Errusiarekin edukitako kontaktu guztiak eta gero, inportantea da AEBek harreman estua edukitzea Ukrainarekin. Hori da urrezko araua». Tentsio handia dago Errusiaren eta Ukrainaren artean, eta Putin eta Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea 2019ko abenduan batzartu ziren azken aldiz. Bi herrialdeetako ordezkaritza diplomatikoa, ordea, atzo bertan bildu zen Parisen, Frantziako eta Alemaniako gobernuetako ordezkariekin batera, Normandiako laukoaren formatuan. Moskuk eta Kievek Ukraina ekialdeko Donbass eskualdean 2014tik duten gatazka izan zuten hizpide, baina baliteke elkarrizketa horiek termometro gisa balio izatea ikusteko bide diplomatikoak zer aukera dituen. Bi aste barru Berlinen biltzekoak dira.

Alemania, hain zuzen, Ukrainari eraso eginez gero izango dituen «ondorioez» mintzatu zitzaion atzo Moskuri, eta Annalena Baerbock Atzerri ministroak azpimarratu zuen prest dagoela Nord Stream 2 gasbidea blokeatzeko. Errusiatik Alemaniara gasa eramateko eraiki zuten azpiegitura —Itsaso Baltikoaren azpitik—, eta baimenen zain dago zerbitzua ematen hasteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.