Hara!

Zergatik senidetu du Euskal Herria Greziako autobide batekin hango umorezko aldizkari batek?

Asteburuan Grezian pairaturiko elur ekaitzak ehunka bidaiari blokeatu zituen errepide batean, eta agintarien utzikeria kritikatu dute, Euskal Herria erabilita.

Tokoulouri aldizkariaren albistea: «Euskal Herriak Katehaki estatu independentearekin senidetzea iragarri du».
Edu Lartzanguren.
2022ko urtarrilaren 27a
15:26
Entzun

«Atzo iluntzean Bilbon egin zen ekitaldi labur baten ostean, Euskal Herria eta Katehaki errepidea senidetuta daudela deklaratu zuten, errepide horrek Greziako Estatuarekiko duen independentzia ontzat emanda». Hala zabaldu du Greziako Tokoulouri agerkariak gaur. Noski, halako ekitaldirik ez da gertatu, eta inork ez du Euskal Herria errepide batekin senidetu. Aldizkari satirikoa da Tokoulouri, eta, kasu honetan, umorea kontu serio bat jorratzeko erabili du.

Afera igande gauean hasi zen. Elurra mardul bota zuen Grezian, 30 orduz, eta Atenasko kaleetan 30 zentimetroko geruza pilatu zen. Ez da ohikoa horrenbeste elur botatzea Mediterraneoko herrialdean, eta fenomenoak arazo handiak eragin zituen herritarren eguneroko jardunean.

Autoak harrapatuta, Atenas inguratzen duen errepideetako batean, atzo.ALEXANDROS VLACHOS / EFE/EPA

Esaterako, ehunka bidaiari geratu ziren, ez atzera ez aurrera, hiriburua inguratzen duten Katehaki eta Marathonos errepideetan. Bidaiarietako askok 20 orduz itxaron behar izan zuten mugitu ahal izateko, hotz handiaren erdian. Hainbatek autoak errepidean abandonatu behar izan zituzten, eta oinez abiatu ziren tren geltokiren batera, edo inguruko etxeetara jateko bila. Elurra jan behar izan zuten askok, uraren faltan.

Astelehen gauean armadako kideak zebiltzan oraindik bidaiariei mantak eta bestelakoak banatzen.

Greziako Babes zibileko ministro Christos Stylianidesek barkatzeko eskatu zien bidaiariei, baina Giannis Oikonomu Gobernuaren bozeramailearen adierazpenek are gehiago sutu zituen egoeraren biktimak, haien senideak eta herritar asko. Gobernuaren erantzukizuna ukatu zuen eledunak: «Katehaki eta Marathonos etorbideak ez daude Greziako Estatuaren ardurapean».

Izan ere, konpainia pribatu batek kudeatzen ditu Athenaseko saihesbideak. Gobernua eta konpainia elkarri ardura pasatzen aritu dira azken egunotan. Gobernuak esan du zigorra ezarriko diola enpresari, eta 2.000 euro inguru eman beharko dizkiola bidaiari bakoitzari, kalte ordain gisa.

Umorezko salaketa

Tokoulouri aldizkaria hemengo Izparringia edo Beranduegi agerkarien baliokidea da [gosaltzeko jaten den opil bat da tokoulouri-a], eta honako izenburu hau duen albistea zabaldu du gaur: «Euskal Herriak Katehaki estatu independentearekin senidetzea iragarri du». Horretan kontatzen du Euskal Herriko agintariek ontzat eman dutela Katehari errepidearen independentzia. Bi entitateen arteko senidetzeak ondorio praktikoak edukiko dituela iragarri dute: errepideko seinaleak euskaraz ere egongo dira aurrerantzean, eta «trafiko arduradunak Katehaki errepidean edo Euskal Herrian jaiotako pertsonak izango dira». Horrez gain, Bilboko kale nagusiari Kathehaki etorbidea izena jarriko diote. Aldizkariak gaineratzen duenez, zurrumurruak leudeke «KATE izeneko erakunde terrorista» bat sortu izanari buruz.

Juan Etxenike Xare nafarrak lotura estua du Greziarekin, besteak beste senideak dituelako herrialde hartan bizitzen, eta testuinguruan jarri du umorezko artikulua. Herritarrek Atenasko gobernuarekin duten haserrea umorez adierazten hasi ziren udan, abuztuaren hasieran Eubea uhartean pairaturiko suteen harira.

«Mitsotakis izorra zaitez leloa sortu zuten eubearrek aurreko udan, haien uharteko iparraldea sutan zegoela», adierazi du Etxenikek. Kyriakos Mitsotakis Greziako lehen ministroa suaren aurkako borrokaren ezinaren erantzuletzat jo zuten herritarrek. «Etxeak salbatzen ari ziren bitartean, hainbat telebistatako kanalen zuzeneko loturetan mikrofonoetara hurbiltzen ziren, Mitsotakis gamiesai [Mitsotakis izorra zaitez] oihukatzera; hortik gutxira, nazio mailako oihua bilakatu zen, Interneten ere milaka meme izateraino».

Sua dela, edo elurra dela, umorea kritika tresna gisa erabiltzen jarraitzen dute Greziarrek, oraingoan Euskal Herria tartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.