Artea

Sistiagaren atzera begirakoa ireki du Kubo Kutxa aretoak

Jose Antonio Sistiagak laurogei urtean ondutako obra aztertzen du Donostiako erakusketak, artistaren naturarekiko begiradan jarrita arreta. Hortik jarri dioten izena: 'De rerum natura'.

Bisitari bat, Jose Antonio Sistiagaren koadro bati so, 'De rerum natura' erakusketan. MAIALEN ANDRES / FOKU
itziar ugarte irizar
2022ko urtarrilaren 27a
17:00
Entzun

Ibilbidearen errepaso hutsa bakarrik egin beharrean, bide horri begiratzeko helduleku berri bat proposatu nahi izan du Donostiako Kubo Kutxaren urteko lehen erakusketak: Jose Antonio Sistiagaren (Donostia, 1932) laurogei urtetako obra biltzen duen De rerum natura. Guztira, ehundik gora pieza jarri dituzte ikusgai, margolanak, lan grafikoak eta filmak, eta izenburuak aurreratzen duen hori da erakusketa taxutzeko baliatu duten ildo nagusia: artistak naturarekiko eta paisaiarekiko izandako begirada, zeinak «hari eroale gisa» funtzionatzen duen Sistiagaren obra guztian, Jean-Michel Bouhours komisarioaren esanetan. Maiatzaren 22ra bitartean bisitatu ahalko da.

Sistiaga bera aurkezpenean egongo zela iragarria zen arren, Ane Abalde Kutxa Fundazioko Arte eta Ondareko zuzendariak eta Ander Aizpurua Kutxa Fundazioako zuzendariak penaz azaldu dute azken orduan ezin izan duela joan. Pozik azaldu dira, ordea, Sistiagaren itzala duen norbaiten lana beren gunean zabal erakutsi ahal izateagatik. Abalde: «Legezkoa zen Sistiagari erakusketa hau egitea eta bere lanaren berrirakurketa bat antolatzea, gure artista garrantzitsuenetariko bat izateaz gain, euskal panorama kulturalaren protagonista eta eragile erabakigarria izan delako». Gehitu du, gainera, Kutxak urteetan harreman estua izan duela artistarekin, «Gaur taldeko beste artista batzuekin bezala», eta erakundearen arte bilduman haren presentzia nabaria izan dela beti. «Harreman estu horren isla ere bada erakusketa-omenaldi hau», esan du.

Urteak dira Bouhours komisarioak gertuko harremana duela artistarekin, eta, besteak beste, Parisko Pompidou zentroko zinema saileko kontserbazio burua eta Monakoko Museo Nazionaleko zuzendaria izan da, baita Sistiagari eskaini zaizkion beste erakusketa batzuen komisarioa ere. Hau da, hala ere, haren obrarekin egin duen proiekturik handiena, eta Lukrezio poeta klasikoaren De rerum natura lanetik hartu du izena. Azaldu duenez, urteetan artistarekin izan dituen solasaldietan ohartu baita hark asko oinarritzen dituela bere gogoetak Epikuroren tradizioan —filosofo greko horri egiten dio gorazarre Lukrezioren lanak—.

Hala garatu du: «Epikurok eta geroago Lukreziok atomoz eta hutsaz osatutako materia eta haren mugimendua deskribatu zituzten, zentzu intuitibo baina partekatutako bati segika eta zientziari aurrea hartuz. Jose Antonio Sistiagak modu ikaragarrian jorratu zuen materiaren errepresentazio hori, betiere artista irudimenean oinarrituta. Pinturarekin eta, batik bat, margotutako filmekin berehalako zentzumenek harrapatu ezin dutena adierazten du, eta, batez ere, ikusmenari ihes egiten diona. Hor dagoela dakigun hori, baina hauteman ezin duguna adierazten du».

Zazpi sekuentzia

Ordena kronologikoari jarraituta egituratu dute erakusketa, zazpi ataletan. 1955-1964 urteen arteko margolanek osatzen dute lehena, eta inoiz erakutsi gabeko zenbait lan jarri dituzte bertan, erakusketa prestatzean topatu dituztenak —Gorka Sistiaga artistaren semeak, batik bat; aurkezpenean egon da—. «Natura hilak daude, paisaiak, eragin ezberdinak... bila ari den artista bat erakusten dute», nabarmendu du komisarioak.

Lehen atal horretatik hasita eta beste guztietara hedatuz, paisaiaren errepresentazioa figurazioaren eta abstrakzioaren artean agertzen da erakusketa osoan, eta etengabekoak dira, hala, argiari, mugimenduari, abiadurari eta natura hautemateko beste alor batzuei egindako keinuak haren obran.

Donostian hasi zen margotzen Sistiaga; Parisera egin zuen gero 1950eko hamarkadan, eta Eivissara (Balearrak, Herrialde Katalanak) lekualdatu zen hurrengo, lanerako testuinguru aproposago baten bila. Tarte horretako (1955-1965) obra grafikoa biltzen du, bada, bigarren atalak, eta hor dator erakusketako lehen filma ere, kasu honetan, «figuratiboa»: Sistiagaren beraren autorretratu bat. Bouhours: «Krisi une bat zuen; kamera piztu, eta bere burua jarri zuen haren aurrean, krisialdi hura filmatzen uzteko».

Atal horren sarreran dator, halaber, artistak margotutako lehen koadroa, 1947koa: Amara auzoa (Donostia) ageri da, eta aldamenean dago handik hamar urtera margotu zuen beste lan bat, paisaiarekiko ikuspegian artistak egindako jauzi formalaren erakusgarri.

Etena eta eraldaketa

1965ean «ekoizteari» utzi zion Sistiagak, «Oteizaren urratsei segika» —hark ere eskultura egiteari utzi baitzion gutxi lehenago, ikerketa esperimentalean eta pentsamendu teorikoan zentratzeko—. Hiru urte iraungo zituen eten horretan, Esther Ferrer lagun zuela, Adierazpen Askeko Lantegian eta, Bouhoursen hitzetan, «aktibismoan» aritu zen Sistiaga, eta zinemarekin itzuli zen lan artistikora, 1968an. Orduko ...ere erera baleibu izic subua aruaren... filma ikus daiteke, bada, hirugarren aretoan: inoiz zuzenean zeluloidearen gainean margotutako lehen film luzea, mutua eta 70 minutu irauten dituena. Nazioarteko ospea ekarri zion Sistiagari, eta komisarioak adierazi du egun ere zinema abstraktuaren historian «parekorik ez duen lan bat» dela.

Sistiagak berriz pintzelei heltzea ere ekarri zuen lan horrek, eta, 1970eko hamarkadatik aurrera, tamaina handiko mihiseak margotu zituen —erakusketako laugarren atala hartzen dute—. Naturari eta paisaiari lotutako gaiak lengoaia abstraktu bidez irudikatuak agertzen dira, margolaria ordurako «abstrakzio informalaren figura nagusietako bat» zeneko isla. Bouhours: «Zinemako esperientziak bide original bat topatzen lagundu zion pintura informala den eremu estetiko zabalean».

Areto horretako margolanekin paraleloan, tarte horretan artistak garatu zuen obra grafikoaren lagin bat ere jarri dute ikusgai, bosgarren aretoan. Ikatz-ziriz eta argizariz egindako lanak dira, lerro kurbatuekin, eta naturaren mugimendu handi eta geldoak dakartzate gogora, besteak beste. Aipagarriak dira aldi horretako bi serie figuratibo ere: 1970eko urteetako biluziak eta 1980ko serie erotiko bat. «Biluzi horiek soilik modeloari begira egin zituen, margotzen ari zena begiratu gabe», kontatu du komisarioak. Eta Sistiaga semeak gaineratu: «Eskuak inteligentzia eta memoria dituela esaten du».

2011tik aurrera, Abiadura, argia, kolorea: keinu bakarra, hiru emaitza desberdin izeneko sorta ondu zuen artistak, eta lan emankor horri egin diote lekua azken aurreko aretoan. Kasu honetan, denak dira kartoi gainean olioz margotutako lanak.

Film kosmikoak deitu duten zazpigarren aretoan, azkenik, beste bi film margotu ipini dituzte ikusgai: Inpresioak goi atmosferan (1988-1989) eta aurrez argitara atera gabeko Han, zeina 1992an hasi baitzuen artistak, eta zazpi minutuko zeluloidearen bi minutu baino ez zituen utzi margotuta. Erakusketarako digitalizatu dute propio, eta pantaila bikoitzean proiektatzeko moldatu.

Jarduera paraleloak

Erakusketak iraun bitartean, eta hura «testuinguruan» jartzeko, bi jarduera berezi antolatu dituzte maiatzera bitartean, Artium museoarekin eta Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean. Batetik, martxoaren 10ean, Tabakalerako Kutxa Kultur plazan, mahai ingurua izango da Rocio Robles Tardio, Sergio Rubira eta Mikel Onandiarekin, Artiumen berriki ireki duten Pentsatzeko leku bat. Arte-eskola eta praktika esperimentalak Euskal Herrian, 1957-1979 erakusketako komisarioekin. Eta, bestetik, maiatzaren 6an, ...ere erera baleibu izik subua aruaren... filma proiektatuko dute Tabakalerako zinema aretoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.