Albistea entzun

Martin Ugalde Foroa

«'Euskal Herria' kontzeptua galdu da ikasleen hizkeratik, eta hedabideetan ere lausotzen ari da»

Hedabideek Euskal Herria nola irudikatzen duten aztertu dute Martin Ugalde Foroan. BERRIAk zuzenean zabaldu du.

Edu Lartzanguren -

2022ko urtarrilak 27 09:11

Izan ala ez izen? Euskal Herriaren irudikapena euskal hedabideetan liburua ondu du Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko ikus-entzunezko komunikazioko irakasle eta ikertzaile talde batek, Martin Ugalde Bekari esker.

Eneko Bidegain Aire, Ainhoa Larrañaga Elorza eta Zuriñe Maguregi Sanchezen lanak hiru ardatz ditu: alde batetik, Euskal Herriaren irudikapenaren eta tratamenduaren argazkia egin dute. Horretarako, hedabideek sortzen eta erabiltzen dituzten mapak, terminoak, grafikoak eta datuak aztertu dituzte. Bestetik, hedabide bakoitzak osagai horiek zergatik aukeratzen dituen azaldu dute. Azkenik, herrialdea irudikatzeko osagaien batasun faltak sortzen dituen distortsioa eta arazoak nola konpondu proposatu dute.

Egindako lana azaldu dute gaur Larrañagak eta Maguregik Martin Ugalde Foroan, Andoaingo (Gipuzkoa) Martin Ugalde kultur parkean.

Ikasleen artean ikusi dute Euskal Herria kontzeptua desagertu egin dela haien hizkeratik, eta hedabideetan ere «lausotzen» ari dela. Larrañagak ohartarazi du arazoaren funtsa politikoa dela, eta eragile politiko gehienek erabaki dutela Espainiak eta Frantziak ezarritako banaketa administratiboak.

Maguregik azaldu du Euskal Herriaren lurraldetasunaren desitxuraketa atzeman dutela, eta horien arrazoiak aurkitu dituztela. Bederatzi arrazoi dira: EAEra mugatzen diren albiste gehienak erakundeetatik edo elkarteetatik datozela. Espainiako datuak jasotzen dira, eta horiek autonomia elkartez banaturik daude. Bateragarritasun faltaren arazoa azaldu du: nahasmendua dago erredakzio askotan Euskadi, EAE, Euskal Herria terminoak erabiltzean, irizpideak ez daudela bateratuta.

Kazetaritza azkarra da beste arrazoietako bat, eta kazetarien burujabetza falta. Euskal albiste agentziarik ez egoteak ere laguntzen du horretan. Maguregik adierazi du Eusko Jaurlaritzari bere ikuspegia azaltzeko eskatu diotela ikerketarako, baina erakundeak uko egin diola parte hartzeari.

Besteak beste, lurraldetasuna zaintzeko batzordea sortzea proposatu dute adituok.

Mahai ingurua

Ondoren, gaiaren inguruko mahai-ingurua egin dute Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak (iragarrita zegoen Eider Goenaga ordezkatzen), Gure Irratiako Arantxa Idiederrek eta Tokikomeko Iban Arantzabalek. Eneko Bidegainek bideratu du solasaldia.

Gure Irratietan beste herrialdeetako informazioa nola lantzen duten azaldu du Idiederrek, Baztangoa (Nafarroa), esaterako.

Arantzabalek nabarmendu du hedabide handiek markatzen dutela agenda, eta euskarazko hedabideok «masibo» bihurtzeko erronkari heldu beharko lioketela.

Otamendiren arabera, hedabide guztiek bilatzen dute agenda propioa sortzea, eta hori dela zailena.

Arrosa sareak eta Tokikomen garrantzia nabarmendu du Idiederrek. «Hegozentrismotik ateratzeko aukera ematen dugu guk, baina Iparraldeko kuota bat izan gabe, han zer gertatzen den jakiteko. Ez gara kuota bat, baizik eta Euskal Herriaren parte».

Tokiko hedabideek «komunikazio talde bat osatzera» egin behar dutela adierazi du Arantzabalek.

Egunkari nazionalaren eta tokikoen arteko dikotomiaz harago joateko beharra nabarmendu du Martxelo Otamendik. Joseba Sarrionandiaren itzuleraren adibidea jarri du: Anboto tokiko hedabidearekin edukiko elkarlana nabarmendu du. Halere, hori gutxiegi egiten dela adierazi du. Kontrako norabidean ere gehiago egin beharko litzateke lan, BERRIAko zuzendariaren arabera. Orain, bakarrik «oso larriak diren gauzekin egiten dugu».

Datuen gaia jarri du mahaiaren gainean Eneko Bidegainek. Aipatu du BERRIAk genero indarkeriako kasuak jarraitzeko duen grafikoa, eta halako zer gehiago egin daitekeen galdetu du. «Nola da posible eraikuntza nazionalaz hitz egiten duen herri batean Gaindegia bezalako erakunde bat ixten uztea», adierazi du Otamendik, hura baitzen datu nazionalak ematen zituen bakarra.

Erreferente hura galdu izana deitoratu du Arantxa Idiederrek ere, lagun zuelako ezinbesteko informazioa lortzen.

«Datu gordinak falta ditugu hemen», adierazi du Iban Arantzabalek, demokraziak hori eskatzen duelako. Beste herrialde batzuetan halako datu gordinak kazetarien esku egoten direla nabarmendu du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Euskara Aurrera egitasmoaren aurkezpena, apirilaren 5ean, Donostian. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Mugarri bat jarriko dute gaur Donostiako kaleetan, gehiago sortzeko

Julen Aperribai

Antiguako tuneletik aterako da manifestazioa, 17:30ean. Euskara Aurrera-k gaurko antolatutako mobilizazioan parte hartzera deitu dituzte «etorkizuna euskaraz irudikatzen duten guztiak». Egitasmoak 2.200 sinadura pasa jaso ditu

Biriatuko ordainlekua, artxiboko irudi batean. ©Andoni Canellada / Foku

21 urteko bi gazte hil dira errepide istripuan A-63an

Berria

Goizean gertatu da ezbeharra, Biriatuko ordainlekutik gertu.

 ©BERRIA

Oinazea hileroko konpasean

Arantxa Iraola

Emakumezkoen bizitzako hamarraldi asko zedarritzen ditu hilekoak; sarri, minak jota. Abortuaren arautzea berritzeko Espainian egin duten testuaren harira, lehen lerroan da gaia

Idoia Torregarai, Kepa Sarasola eta Jose Ramon Etxebarria, UEUko hiru belaunaldi. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Mende erdia utopiaren xerka

Gotzon Hermosilla

UEU Udako Euskal Unibertsitateak gaur ekingo die Udako 50. Ikastaroei. Mende erdi honetan lan handia egin du goi mailako jakintza euskaraz garatzeko. Ikerkuntza da etorkizuneko ildoetako bat

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...