Ricardo Gamaza

«Ur hornidura kontrolatuta, lurraldea kontrolatzen da»

Gamazak dokumental bat egin du, uraren negozioaz. Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak "irizpide pribatuekin" jokatzen duela dio. Uruguain ura pribatizatzen saiatu zirela kontatu du, eta giza eskubidetzat jo zutela han.

jarraia208943.jpg
Natalia Salazar Orbe.
2022ko urtarrilaren 28a
12:30
Entzun

Bilbon eta Gernika-Lumon aurkeztu ostean, datorren eguenean Bermeoko Kabidxen eskainiko dute Monopolia. Agua: negocio y poder político dokumentala (Monopolia. Ura: negozioa eta botere politikoa). Ecoperiodismo ekoiztetxeak ondu du lana, Ricardo Gamazaren (Sevilla, Andaluzia, Espainia, 1971) zuzendaritzapean. Karrantzan eta Bakion ere emango dute, hilaren 11n eta 18an.

Dokumentalaren izenburuak iradokitzen du denen ondasun bat negozio iturri bilakatzen dela. Hori azaldu nahi al duzue?

Denon ondasuna baino gehiago, ura giza eskubidea da. NBEk giza eskubide izendatu zuen uraren eta saneamenduaren eskubidea, 2010ean. Guk 2017an ekin genion urarekin lotutako gaiak ikertzeari. Trileros del agua dokumentala [Uraren trile jokoaren gidariak] egin genuen. Bertan salatu genuen herritarrei eta demokraziari zer kalte egiten dion oinarrizko zerbitzu horren pribatizazioak. Giza eskubidea da. Dokumentala erakusten ibili ginen. Euskadira ere joan ginen. Leku bakoitzean urari lotuta zituzten arazoen berri ematen ziguten.

Eta zer aurkitu zenuten?

Hemengoa pribatizazioa baino maltzurragoa da: enpresa publiko batek irizpide pribatuekin jokatzen du. Enpresa horren helburua izan beharko litzateke herritarren ongizatea, eta zerbitzua eman beharko lieke, baina egiten duena da dirua eta negozioa sortu. Urari lotuta egin dugun bigarren dokumentala da hau.

Bilbo Bizkaia Ur partzuergoak herriak eta Busturialdekoa bezalako beste partzuergo batzuk bereganatzeko prozesuak negozio pribatuak sortzeko baliagarriak izan direla adierazi duzue. Zertan oinarritu zarete?

Partzuergo honetan kudeatzen duten diruaren erdia baino gehiago esku pribatuetara bideratzen da, azpikontratatutako enpresen bidez. Enpresa horietako gehienak multinazionalak direnez, diru hori ez da geratzen ez eskualdean, ez lurraldean. Kanpora doa. Enpresak publikoak direnean, dirua partzuergo horietan geratzen da; udaletan. Lurraldeen aberastasun eta garapen gaitasun handia ere galtzen da. Horrez gain, azpikontratatutako enpresek eragiten dute ekoizpen ehuna galtzea. Busturialdean —jada barnean hartu du Bilbo Bizkaikoak bertako partzuergoa— galdu egingo da ekoizpen ehunaren zati handi bat, enpresa txiki askok partzuergoarentzat egiten zutelako lan. Enpresa horiek desagertu egingo dira, aurrerantzean azpikontratatutako enpresek egingo dutelako dena. Azken horiek egoitza ere ez dute bertan. Lurralde honetan hirugarren sektoreari indar handiagoa ematearen aldeko apustua egin beharko litzateke, baina kontrakoa gertatuko da: indarra galduko du.

Hori horrela bada, zergatik egin eredu horren aldeko apustua?

Ez dago frogatuta komisioak ordaintzen dituztenik. Hala ere, batetik, udalen autonomiari ez diote jaramonik egiten. Udalek dute uraren eskumena. Busturialdean partzuergoak integrazio osoa bozkatzeko modua egin dute. Eskumenak, ordea, udalenak dira. Udalak berak bakarrik ezin badu kudeatu ura, beste batzuekin ados jartzen da, eta denen artean eskaintzen dute zerbitzua. Hainbat udalek bozkatu dute ez zutela integratu nahi Bilbo Bizkaikoan. Hala ere, barruan daude. Ez diote jaramonik egin demokrazia lokalari, eta integratu egin dituzte. Karrantzako kasuari ere aipamen egin diogu. Raul Palacio alkate independentea dago bertan. Erakunde publikoek —aldundiak, Ura agentziak zein Eusko Jaurlaritzak eta, noski, Bilbo Bizkaia partzuergoak— presioa egiten zieten Bilbo Bizkaia Ur partzuergoan sartzera behartzeko.

Zer lortzen dute horrekin?

Oraingoz, hautetsontzietan bozkatutakoa hondatzea. Ur hornidura kontrolatuta, lurraldea benetan kontrolatzen duzu ekonomikoki. Izan ere, zuk faktura garestitu dezakezu; inork ezin dio utzi faktura ordaintzeari, eta herri baten ekoizpen ehuna eta ekonomia suntsi ditzakezu. Karrantzan hori gertatuko litzateke integratuko balira. Kontrol politiko hori bidegabeki erabiltzen da, udalen eta herritarren borondatearen aurka presio egiteko, lekuotan boterea lortzeko.

Zer beste arrazoi dago eredu horri eusteko?

Bestetik, negozioa dago. Ura kontrolatzea negozioa kontrolatzea da. Inork ezin dio uko egin urari. Argindar konpainia alda dezakezu; oligopolioari buruz ere berba egin genezake, baina konpainia aldatzeko aukera daukazu. Urari dagokionez, ez. Ur zerbitzua enpresa horrek ematen dizu. Faktura garestitzea erabakitzen badu, ordaindu egin behar duzu. Ezin da bizi urik gabe. Egoera korapilatsua da. Eta Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak eratuta duen egiturak ez dio jaramonik egiten uren zuzentarau markoak ezartzen duenari.

Zer dio zuzentarauak?

Gertuko ur bilketak nabarmentzen ditu; lurraldean eragin handirik egon ez dadin saiatzeko eskatzen du; eta ibaien arroaren batasuna errespetatzeko esaten du. Zuzentarauak dio ura arroan kudeatu behar dela. Bizkaian, ibai arroak ia erabat bat datoz eskualdeekin. Ordea, arro ikuspegia bertan behera uzten duzunean eta eskala ekonomia gauzatzen duzunean, azpiegitura handiekin, ura Uribarri-Ganboatik ekarrita, lurraldeko ura abandonatzen duzu, kaptazio horiek abandonatzen dituzu, eta, azkenean, galdu egingo dira.

Horrek ondorioak izango ditu.

Kanalizazio berriak egin behar dira. Kostu handia dakar horrek, ingurumenari eta energiari dagokienez. Azkenean, horrek faktura garestitzen du. Eta dirua herritarrek ordaintzen dute.

Kontatu duzue Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak negozio pribatuak izan dituela Uruguain. Zer dakizue negoziooi buruz?

Uruguain uraren pribatizazioaren aurkako mugimendu sozialaren buru izan zen ekintzailea ageri da dokumentalean. Bilbo Bizkaiko Ur Partzuergoko inork ez du azaldu zergatik sartu ziren Amerikako abentura hartan ura pribatizatzen. Inork ez du azaldu ere, handik bota zituztenean, zenbateko kostua izan zuen; zergatik bota zituzten, eta zenbat diru irabazi eta galdu zuten; eta zertan ari ziren han; nork esan zuen operazio hura errentagarria zela, eta nork ezartzen du zer den errentagarritasuna. Inori ez dizkiete kontuak ematen, ez dagoelako inongo parte hartzerik. Ezta kontsumitzaileena ere. Arrabola darabilte: EAJk agintzen du, eta kito. Uruguain erreferendum bat egin zuten, eta, ondorioz, euren konstituzioan jaso zuten ura giza eskubide gisa. Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoa hara joan zen euren ura arpilatzera, eta uruguaitarrek ura giza eskubide legez jaso zuten konstituzioan, berriro halakorik gerta ez zedin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.