Albistea entzun

UKRAINA

Lavrov: «Gure esku badago, ez da gerrarik egongo»

Bidenek Zelenskiri esan dio «aukera argiak» daudela otsailean Errusiak Ukraina inbaditzeko. Moskuk ohartarazi du, hori bai, ez duela baimenduko bere interesak «zakarki zapalduak izatea».

Gerraren aurkako protesta bat, atzo, Etxe Zuriaren parean
Gerraren aurkako protesta bat, atzo, Etxe Zuriaren parean JIM LO SCALZO / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2022ko urtarrilak 28

Joe Bidenen ustez, «aukera argiak» daude datorren otsailean Errusiak Ukraina inbaditzeko. Etxe Zuriak sare sozialetan zabaldu duenez, AEBetako presidenteak hori adierazi zion atzo Volodimir Zelenski Ukrainako gobernuburuari, auziaz hitz egiteko telefonoz eduki zuten hizketaldian. Horri buruz galdetu diote gaur Sergei Lavrovi, eta Errusiako Atzerri ministroak nabarmendu du Kremlinek ez duela gudarik nahi. «Gure esku baldin badago, ez da gerrarik egongo», adierazi die Errusiako hedabideei, telebistaz zuzenean emandako elkarrizketa batean. Kontrakoa ere ez du baztertzen, ordea: «Ez dugu baimenduko gure interesei jaramonik ez egitea, edo horiek zakarki zapalduak izatea».

Errusiak ez du atseginez hartu segurtasun eskaerei AEBek eta NATOk emandako erantzuna, egindako proposamena. Vladimir Putinen Errusiako presidentearen ustez, horretan ez dituzte aintzat hartu Errusiaren «kezka nagusiak». Telefonoz hitz egin du gaur Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin, eta, Kremlinek ondoren kaleratutako oharraren arabera, herenegun jaso zuten dokumentua «arretaz» aztertuko dute, eta, gero, «zer pauso» eman erabaki. Bileraz galdetuta, Eliseoko iturri batek hedabideei adierazi dienez, Macronen eta Putinen arteko auziari buruzko desadostasunak «handiak» dira.

Hain zuzen, NATOk eta AEBek argi utzi diote Putini ekialderantz hedatzen jarraituko dutela, eta, gainera, ez diotela atea ixten ez Ukraina ez Georgia —Sobietar Batasuneko errepublikak izandakoak biak ala biak— aliantza militarreko kide bilakatzeari. Moskuk nahi du NATOko tropak, armak eta ekipamendua erretiratzea 1997an kide ez ziren herrialdeetatik: besteak beste, Errumaniatik eta Bulgariatik. Horrekin guztiarekin lotuta, NATO osatzen duten estatuetako Defentsa ministroak otsailaren 16an eta 17an bilduko dira.

Lavrovek zehaztu nahi izan du, ordea, segurtasun eske horiek ez direla «ultimatum bat» bere horretan, eta gaineratu du Mendebaldearen proposamenak «nahiko nahasiak» direla. Moskuk bide diplomatikoak ibiltzeko asmoa du oraindik ere. Ohartarazpen bat egin du, gainera: «Aitortza [Donetsk eta Luganskeko herri errepublikarena] aintzat hartu behar da, Mendebaldeak Kiev behartu dezan Minskeko akordioak betetzera. Horrela, dena zuzen egongo da». Inoiz ez dira ezarri ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeak babestuta Donbassko gerra bukatzeko 2014an sinatutako akordioak.

Txinaren esku hartzea

AEBek eskatu dute Txinak «modu eraikitzailean» parte hartzeko Ukrainaren bueltan sortutako krisian. Estatu departamentuaren bozeramaile Ned Pricek atzoko prentsaurrekoan gogorarazi zuenez, Pekinek eta Moskuk gertuko harremana dute, eta, konfrontazioa saiheste aldera, «harreman» hori baliatzera deitu zuen. Hain zuzen, Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak Txinako Atzerri ministro Wang Yirekin hitz egin zuen, herenegun. Lik bi aldeei eskatu die mezuak baretzeko, «lasaitzeko», baina Washingtoni adierazi zion errespeta ditzala Moskuren «kezka legitimoak». Kremlinek iragarri du Putin eta Xi Jinping Txinako presidentea datorren otsailaren 4an bilduko direla Pekinen, han otsailaren 4tik 20ra egitekoak diren Neguko Olinpiar Jokoen irekiera ekitaldian.

Ukrainarentzat, baina, AEBek hartu dute lidergoa «Errusiaren erasoa» eragozteko ahaleginean. Hori adierazi zuen Zelenskik atzo, Bidenekin bildu ondoren. Kieven prentsa ohar baten arabera, hori dela eta «eskertuta» daude Washingtonekin; batik bat, defentsa arloan, militarki, eskaini dion laguntzarekin. Zelenskik ere bide diplomatikoa ibiltzeko beharra nabarmendu du, eta jakinarazi ez duela baztertzen laster Normandiako laukoaren formatuaren (Errusia, Ukraina, Frantzia eta Alemania) bileretan berak, pertsonalki, parte hartzea. Herrialde horietako ordezkaritza diplomatikoa asteazkenean bildu zen, Parisen —Moskuk eta Kievek Ukraina ekialdeko Donbass eskualdean 2014tik duten gatazka izan zuten hizpide—, eta bi aste barru berriro batzartuko da, Berlinen.

Errusiako Gobernua prest agertu da Zelenskirekin biltzeko. Lavrovek gaur esan duenez, prest daude Ukrainako presidentearekin «aldebiko harremanen normalizazioaz» hitz egiteko. «Etor dadila Moskura, San Petersburgora, Sotxira... adosten den lekura». Hori bai, Atzerri ministroak zehaztu du harreman horiek Ukrainaren «aldebakarreko ekintzengatik» daudela dauden moduan.

Eta, paraleloki, sortutako krisiak gas hornikuntzari ere eragiten dio. Errusia da Europaren gas hornitzaile nagusia, eta Alemaniak atzo azpimarratu zuen Nord Stream 2 gasbidea blokeatzeko prest dagoela —Errusiatik Alemaniara gasa eramateko eraiki zuten azpiegitura hori, Itsaso Baltikoaren azpitik—. Horregatik, EB Europako Batasuna Qatarrekin harremanetan jarri da, beharko balitz gas hornitzaile bihur dadin. Charles Michel Europar Kontseiluko presidenteak jakinarazi du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Niinisto Finlandiako presidentea, Biden AEBetakoa eta Andersson Suediako lehen ministroa, atzo. ©OLIVER CONTRERAS / EFE

NATOko idazkari nagusiak esan du Turkiaren kezkak aztertuko dituela

Mikel O. Iribar

Stoltenberg ziur da arazoari konponbidea emango diotela. Ukrainak adierazi du ez duela nahi su etenik, Errusia erretiratzea baizik
 ©BERRIA

«Planak frogatzen du bi estatuen irtenbidea posible dela oraindik»

Gorka Berasategi Otamendi

Palestina eta Israel konfederazio batean biltzeko proposamenaren xedea da «hogei urteko blokeoaren ostean» erantzun «berriak» ematea bakea eragotzi duten auziei, «horren kostu handikoak» izan ez daitezen.
Andre bat bere bi haurrekin, Kongoko Errepublika Demokratikoan. ©P.MORAGA / EFE

Barne desplazatuen kopurua inoizko handiena izan zen 2021ean

Igor Susaeta

Bi GKEren arabera, barne desplazatuak 59,1 milioi izan ziren iaz; horietatik 53,2 gatazkek eraginda
Errusiako militarrak Azovstal altzairutegitik irten diren Ukrainako soldaduak arakatzen, Mariupolen. ©ERRUSIAKO DEFENTSA MINISTERIOA / EFE

Errusiaren arabera, Azovstalen Ukrainako 1.730 soldadu «errenditu» dira astelehenetik

Mikel O. Iribar

Finlandiak ere ez du nahi NATOren base militar iraunkorrik herrialdean. Ukrainako negoziatzaile buru Mikhailo Podoliakek uko egin dio su etena negoziatzeari.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...