Finantzak

Elkargik uste du enpresa batzuek zailtasunak izango dituztela COVID maileguak itzultzeko

Zor berregituraketak aurreikusten ditu berme sozietateak. Industria enpresentzako «produktu historikoa» atera du, Europako funtsak baliatuta; milioi eta erdi euroren maileguak interesik eta komisiorik gabe, hazkundea sustatzeko.

Josu Sanchez eta Zenon Vazquez, Elkargiko presidentea eta zuzendari nagusia, gaurko agerraldian. ELKARGI
Irune Lasa.
2022ko urtarrilaren 28a
15:18
Entzun

Pandemiak euskal enpresa sarean izan duen eragina zuzenean ezagutzen du Elkargik, elkarrekiko berme sozietateak. Eta pandemiaren eraginez enpresa batzuk oraindik ere estualdian daudela azaldu dute sozietateko buruek, 2021eko ekitaldiaren eta 2022ko asmoen berri emateko agerraldian.

«Informazioa biltzen ari gara, gure enpresen egoera eta behar finantzarioak ezagutzeko», azaldu du Josu Sanchez Elkargiko presidenteak. Aurrez jokatu nahi du Elkargik, batez ere, kredituen lehen amortizazioak maiatzean iritsiko zaizkielako COVID maileguen luzapenari heldu zioten enpresei, bi urteko gabealdia amaituta. Dirua itzultzeko lehen epea iritsi aurretik banan banako irtenbideak aztertu nahi dituztela azaldu dute Elkargiko arduradunek.

Pandemiak gogor jo zuenean, 2020an enpresei likidezia errazteko maileguak eman zituen Elkargik, Eusko Jaurlaritzarekin batera. Bost urtean itzultzeko maileguak ziren, urtebeteko gabealdiarekin. Estualdian, 10.000 enpresa inguruk baliatu zuten finantzaketa bide hori. Birusak, ordea, uste baino luzeago jo du, eta Elkargik COVID maileguentzako baldintza berriak eskaintzea erabaki du igaro den urtean. Mailegua zortzi urtean itzultzeko aukera eman die enpresei, bi urteko gabealdiarekin.

Hasierako 10.000 enpresa haietatik erdiek, 5.000 enpresak heldu diote aukera horri. 530 milioi ingururen maileguak dira guztira, 2020an hasiera hartan sinatutako diru guztiaren %70 inguru.

Baina enpresa batzuek estualdian jarraitzen dutela azaldu du Zenon Vazquez Elkargiko zuzendari nagusiak, arazoak izan ditzaketela gabealdia amaitzen zaienean. «Krisia ez dago erabat gainditua, eta oraindik badaude sektore edota enpresa jakin batzuk kalte handia izan dutenak. Ari gara enpresekin, hilabete gutxi barru etor daitekeen egoera buruan, zailtasunei aurrea hartzeko. Egongo baitira zorren berregituraketak beharko dituzten enpresak. Enpresak ospitaleko gela arruntean edo larrialdietan artatu nahi ditugu, behin ZIUetan zailagoa delako haiei laguntzea». Brrehun bat enpresarekin dabil hitz egiten Elkargi.

Dena den, Vazquezek azaldu du mailegu horiek itzultzeko zailtasunak ez direla orokorrak. «Krisiaren inpaktua oso heterogeneoa izan da, sektore bakoitzaren barnean ere». Sanchezek, berriz, gogoratu du COVID maileguak jasotako enpresen ia erdiak, luzapena hartu ez zutenak, hasiak daudela dirua itzultzen, eta ez dutela berandutze nabarmenik detektatu. «Baina ezkorregiak izan behar ez dugun bezala, ez gaitezen baikorregiak ere izan. Zailtasunei aurrea hartu behar diegu, maiatza baino lehen; egongo baitira, zalantzarik gabe, ordaindu ezinean izango diren enpresak. Eta horri ez dio soilik Elkargik heldu behar, enpresek eurek ere aurreikusi behar dute, eta gobernuak berak ere bai».

Sanchezek, hori bai, alarmismoa baztertu du. «Ekonomiaren parametro batzuek erakusten dute gauzak hoberantz doazela, hala nola enpleguaren datuak eta ogasunen diru bilketak».

Industriarako «produktu historikoa»

Eta jarduera ekonomikoaren goranzko erritmo horretan, hain zuzen, finantzaketa lerro berri bat eskaintzen hasi da aste honetan Elkargi, Europako Next funtsen ekarpena baliatuz. Industriako enpresek hazkunderako inbertsioak laguntzeko 1,5 milioi eurorainoko maileguak eskainiko ditu Elkargik, %0ko interesekin, komisiorik gabe eta zortzi urtean amortizatzeko. Arriskua Elkargik hartzen du bere gain, eta Europako funtsen kontura doaz interesak eta komisioak.

«Ekintzailetzara bideratutako finantzaketa da; sendotutako industria enpresentzat, negozio lerro berri bat zabaltzekotan badaude, edo hazkunde eremu berriak aztertzen. Mailegu hauek ez dira birfinantzaketarako», azaldu du Vazquezek, eta gaineratu du «produktu historikoa» dela.

Elkargiko buruen arabera, dena den, agian pixka bat itxaron beharko da halako proiektuak abian jartzen ikusteko, pandemiaren gorabeherekin inbertsioetako asko atzeratu egin direlako 2021. urtean, eta seigarren olatuarekin, urte berriaren hasiera ez delako oso indartsua izan. «Bigarren eta hirugarren hiruhilekoa giltzarriak izango dira inbertsiorako», uste du Zenon Vazquezek.

Parte hartzea enpresetan

2021. urtean, Elkargik enpresen kapitalean sartzeko funts baten sorrera bultzatu du Finecorekin batera. Aste gutxi barru abiatu nahi dute, «betiere epe luzerako begiradarekin, balioekin», zehaztu du Vazquezek; «errentagarritasuna izango duena helburu, ez pagotxa».

Funts hori non sar daitekeen galdetuta, Vazquez familia enpresen adibidea jarri du. «Iritsi zaizkigun kasu batzuetan, oinordekotzaren auzia ez daukate behar bezala lotua, baina badute proiektua. Eta sustengua nahi dute, ez soilik finantza ikuspegitik, baita smart capital ikuspuntutik ere».

Zuzendari nagusiaren arabera, «Elkargik ezin die ez ikusiarena egin kanpotik datozen arrisku kapitaleko funtsei». Baina gaineratu du enpresaren %51 saltzeak agian ondorioak izan ditzakeela gauzak horren ondo ez doazenean. «Enpresek argi izan behar dute funts guztiak ez direla berdinak, eta erabakiak hartzerakoan ondorioetan pentsatu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.