Lan erreforma

Sukaldaritzaren sektoreak agerian utzi du itunen lehentasunaren garrantzia

Patronalak ez du sektoreko negoziazio mahaia ireki nahi Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hura estatuan egin behar delakoan. Erreformaren inguruan, jarrera desberdinak argiago marrazten hasi dira alderdi abertzaleen artean, Urkulluk lan legea onartzeko «beste mekanismo batzuk» daudela aipatu eta gero. EH Bilduk berretsi egin dio bere ezezkoa gehiengo sindikalari.

Sindikatuetako ordezkariak, EH BIlduko parlamentariekin. BERRIA
xabier martin
2022ko urtarrilaren 28a
17:02
Entzun

Madrilen, Bilbon eta Bartzelonan Espainiako Gobernuaren azken urteotako lege garrantzitsuenaren patua negoziatzen ari diren bitartean, sektore batek agerian utzi du lan erreformaren funtsezko eduki baten garrantzia. Sukaldaritza kolektiboko patronalak —Euskal Ostalaritza Federazioak, Food Service Espainiako patronalak eta enpresek— uko egin dio sektoreko ituna berritzeko negoziazio mahaia zabaltzeari. ELA eta LAB sindikatuek sektoreko ordezkaritzaren %83 dute, Araban Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, mahaira deitzea haiei dagokien arren, patronalak dio negoziatzeko eta aplikatzeko lehentasuna estatuko hitzarmenarena dela, indarrean dagoen lan erreformak —eta onartzeko bidean dagoenak— horrela jasotzen duelako.

Euskal gehiengo sindikala alderdiei lan erreforma ez onartzeko eskatzearekin batera azaltzen ari den kalteetako bat erakutsi du sektore horrek: Estatuko itunen nagusitasuna ekar dezake sektore horretan milaka euskal langilerentzat Espainian negoziatutako itun batek ezartzea soldatak; askoz apalagoak lirateke bertan negoziatuko balira baino. Pedro Sanchezen gobernuak ez du erakarri oraindik babes nahikorik erreformaren dekretua baliozkotu dadin Kongresuan, datorren ostegunean, baina koma bakar bat ere aldatu gabe aurrera atera dadin bultza eta bultza ari dira gobernuan, Espainiako sindikatuetan, CEOE patronalean eta hedabideetan. EAJ eta ERC dituzte miran estu hartzeko saio etengabe horiek, EH Bilduk dagoeneko garbi utzi baitu itunen lehentasuna bakarrik ez, kaleratze errazen eta merkeen araudia ere aldatu egin beharko litzatekeela beren babesa lortzeko.

Hain zuzen, horixe bera eskatu zioten atzo koalizio abertzaleari, bilera batean, ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek. Ainhoa Beolak eta Oskar Matutek hartu zituzten sindikatuen ordezkariak (argazkian). Kaleratzeen edukian eta euskal esparruaren defentsan duen «jarrera mantentzeko» eskatu zieten, «eta orain arte izandako jarrera eskertu». Beolak iragarri zuen koalizioak parte hartuko duela urtarrilaren 30erako sindikatuek deitutako mobilizazioetan, erreformaren aurka. «Lege proposamen gisa bidera dezala erreformaren proiektua gobernuak, haren gainean zuzenketak egin ahal izateko. Lan hitzarmen autonomikoak eta probintzialak, biek, nagusitasuna edukitzea proposatu nahi dugu zuzenketen bidez. Eta, kaleratze merkeen inguruan, ezinbestean zuzendu behar da araudia; urteotan hainbestekoa izan da milaka langilek jasotako kaltea».

Oztopoak gaindi daitezke

Astelehenean, berriz, EAJko ordezkariekin biltzekoa da gehiengo sindikala, horiei ere esateko 2010. eta 2012. urteetako lan erreformak baliogabetu eta aurreko baldintzetara itzuli behar dela lan araudia. EAJk berretsi du euskal itunen lehentasuna bermatu gabe ez duela erreformaren alde egingo edo abstentziora joko. Baina azken orduetan Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk formula berriak topatzeko ahaleginak eskatu ditu, modu horretan Madrilen sei diputatu dituen alderdiaren jarrera leunduz.

Urkulluk garbi utzi du euskal itunen lehentasuna jaso behar dela nola edo hala legez, baina denborak esango du Espainiako Gobernuak espero duen flotagailua izan daitekeena iradoki ote duen «beste mekanismo batzuk» erabil daitezkeela helarazi duenean. «Dekretuari lotutako beste mekanismo batzuk» badirela esan du itunen lehentasunaren arazoa gaindi dadin, eta ez luketela «ezertan» aldatuko erreforma. Oraingo blokeo egoera eta «oztopoak» gainditzea espero du Urkulluk, euskal esparrua errespetatzeak ez duelako zertan aldatu erreforma, haren ustez.
EAEko lehendakariak adierazi du EAJk negoziatu egin nahi duela. Berritasuna da «beste mekanismo batzuk» aipatu dituela, «dekretuari lotutakoak», eta beharbada dekretuari lotuta egoteak ez duela zertan izan dekretuan jasota egotea. Edonola ere, orain arteko baldintzak indarrean ditu EAJk: erkidegoko sektore hitzarmenak estatukoen gainetik egotea. 2017ko Lanbide arteko euskal esparru akordioari nola eman lege kategoria, hori izan daiteke gakoa EAJk erreforma onartzen laguntzeko.

Confebask ere ahoan hartu du Iñigo Urkulluk, orain arte soluziorik izan ez duen auzian bide berriak zabaltzeko eragile gisa. Duela egun batzuk, Urkulluk patronalari esan zion itunen nagusitasunaren lokarria beste mekanismo batzuekin gaindi daitekeela. Euskal patronala CEOEren kide da, eta CEOE da koma bat ere ez aldatzea exijitu duena. Erreformaren ituna utziko lukeela ohartarazi du idatzia aldatuko balitz. «Estatuko eragile sozialen nahia partekatua izan dadin aukera bat» badela esplikatu du Urkulluk, «nahikoa den lan erreforma bati» bidea irekitzeko «eta, aldi berean, euskal lan esparrua errespetatzeko».

Pentsiodunak ere kalera erreformaren aurka

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarri du bat egin duela euskal gehiengo sindikalak urtarrilaren 30erako deitutako protesta egunarekin, «erreforma ez delako baliogabetu». Hilean 1.200 euroko gutxieneko soldata eskatzen du EHPMk, «eta 2010eko eta 2012ko lan erreformak indargabetzea». Gogorarazi dute Espainiako Estatua dela «prekaritaterik handiena duena, behin-behinekotasunik handiena duena eta gazteen langabezia tasarik handiena duena». Txarrena emakumeek pairatzen dutela erantsi dute. «Bertakoak edo emigranteak, gizonek baino langabezia tasa handiagoa dute: %30 gutxiago kobratzen dute batez beste, eta haien pentsioak % 37 apalagoak dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.