Lan erreforma

Cebeken ustez, «ulergaitza litzateke elkarrizketa sozialaren alde agertzea, eta gero akordioak auzitan jartzea»

Bizkaiko patronalak uste du lan erreformaren dekretuari dagokion «balioa aitortu» behar zaiola, EAJko presidente Andoni Ortuzarrek esan ostean norbaitek CEOE «irmo jarri» beharko lukeela. Bizkaiko Enpresaburuen Konfederazioaren arabera, herrialdeko ekonomia %5,3 haziko da 2022. urtean. 

Fran Azpiazu eta Carolina Perez Toledo, Cebekeko buruak, gaurko agerraldian. CEBEK
Irune Lasa.
2022ko urtarrilaren 31
11:53
Entzun

Lan erreformaren dekretuan aldaketarik ez du nahi Bizkaiko Enpresaburuen Konfederazioak. Patronaleko buruek mezu argia eman nahi izan dute gaur, bere horretan utzi behar dela abendu amaierako akordioa. Carolina Perez Toledo presidentearen arabera, onartutako dekretua «ez da nahiko genukeena», baina derogazio erabatekoaren mehatxuarekin eta testuinguru oso zailean «ardura ariketa» batean izan da onartua.

Cebekeko idazkari nagusi Fran Azpiazurentzat ere «oso ona da eragile sozialek postura maximalistak utzi izana, gutxieneko komun baten bilera». Hala, Azpiazuk zeharkako mezua bidali die erreformaren kontra dauden alderdiei: «Egiaz sinesten badugu kontzertazio sozialean, eragile sozialen arteko akordioetan, Cebeken uste dugu balioa eman behar zaiola akordioari».

«Ulergaitza izango litzaiguke estatuan eta Euskadin elkarrizketa sozialaren alde egitea, eta gero akordioak auzitan jartzea», esan du Azpiazuk.

EAJren jarrera

EAJko presidenteak asteburuan egindako adierazpenak ote zituzten gogoan? Andoni Ortuzarrek enpresaburuak izan ditu atzo ahotan El Correo-k egindako elkarrizketa batean, hain zuzen, gaur alderdi jeltzaleak ELA, LAB eta ESK sindikatuekin egitekoa duen bileraren bezperan.

Ortuzarren arabera, «patronalak ezin ditu (Sanchezen) Gobernua eta Kongresua bahitu». Akordioan aldaketarik egongo balitz CEOEk hura ukatzeko egindako ohartarazpena zuen jeltzaleak buruan. Ortuzarren ustez, «beharbada, norbaitek pixka bat irmo jarri beharko du patronala».

Carolina Perez Toledori galdetu diote horri buruz. Bizkaiko patronaleko buruak berretsi du balioa aitortu behar zaiela akordioei. «Nahiko genuke hemen Euskadin aukera hori izan gehiengo sindikalarekin akordioak iristeko. CEOEk, gainera, ardura ariketa bat egin du negoziatzeko, herritarren eskariari men eginez». Ardura ariketa hori azpimarratu du konfederazioko buruak, «interes politikoko adierazpenez harago».

Esparruen lehentasuna

Carolina Perez Toledok ez du «inolako kezkarik» aplikazio esparruarekin, hor dagoelako 2017. urtean Confebaskek lau sindikatu nagusiekin sinatutako lanbide arteko akordioa, «zeinak Euskadiko hitzarmenen lehentasuna ezartzen duen». Cebekeko presidenteak eta idazkari nagusiak uste dute horrekin negoziazio esparrua «nahikoa babestua» dagoela.

Azpiazuk, berriz, gogoratu du lanbide arteko akordio hori indarrean dagoela, mugagabea dela beste akordio batek ordezkatzen duen arte. «Eta Euskadiko hitzarmenen aplikazio lehentasuna ez da bermatzen horrekin bakarrik. Euskal enpresaburu eta sindikatuek asmo argia dugu akordioak Euskadin negoziatzeko eta sinatzeko».

Bizkaiko patronaleko idazkari nagusiaren aburuz, «euskal itunen lehentasuna erabat bermatua dago; ez dugu uste kontu hori arazo tekniko-juridiko bat denik. Ziurrenez, beste kontu bat izango da, ez dakit filosofikoa edo politikoa».

Bi aurpegiko urtea

Enpresen egoerari dagokionez, 400dik gora enpresen artean egindako inkestaren arabera, oro har igarotako urteak bi aurpegi izan ditu Bizkaiko enpresentzat. «Alde batetik datu onak izan dira, enpleguan, suspertzean, zerga bilketan; eta bestetik, zalantzak eta zailtasunak izan dira». Kostuak dira, Fran Azpiazuaren arabera, kezka handiena.« Lan arloko kostuak, hornidurenak, energiarenak eta inflazioa bera ere». Adibidez, Bizkaiko enpresen ia herenek (%32) hornidura kostuetan %21etik gorako hazkuntzak izan dituzte.

Oraindik pandemian, 2021. urtea %,5,5 hazkundearekin itxi du Bizkaiko ekonomiak, eta 2022an, hazkunde %5,3koa izango dela. Ziurgabetasuna oraindik ere handia denez, Bizkaiko enpresa gehienek uste dute suspertze erabatekoa iristeko 2023. urtera arte itxaron beharko dela, eta inbertsioak ez direla 2022 honetako azken hilabeteak baino lehen iritsiko.

Ildo horretan, Carolina Perez Toledok Europako funtsei aipamen berezia egin die: «Enpresen %67k uste dute ez dutela onurarik izango Next diruetatik. Kopuru handiegia dela uste dugu. Europako funtsak aukera historikoa direla uste dugu, eta sare industrialaren eraldaketarako erabili behar direla, eraginkortasunik eta gardentasunik handienarekin kudeatuta».

Enpleguaren datu onak ere azpimarratu dituzte Cebekeko buruek, besteak beste, herrialdeko langabezia tasa (%9,9) pandemia aurrekoa baino hobea delako. Patronalaren inkestaren arabera, enpresen %22k uste du langileria handituko duela 2022an zehar, eta beste %70ek enpleguari eutsiko diotela diote.

Inkestak erakutsi du absentismoa «urtetik urtera larriagotzen ari den arazoa» dela enpresentzat. Arazo inportantea da enpresen %42rentzat,«eta pandemiak larriagotu egin du arazoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.