Lan erreforma

Lan itunen lehentasuna aldatzea «lor daiteke oraindik», EAJren arabera

Andoni Ortuzarrek gehiengo sindikalari esan dio haren «eskaera ia guztiekin» bat datorrela, baina «negoziatzeko ahalgin guztia» itunei begira egingo duela EAJk

Gehiengio sindikalaren ordezkariak EAJko ordezkariekin, Bilbon. BERRIA
xabier martin
2022ko urtarrilaren 31
15:34
Entzun

Gehiengo sindikalak atzo erreformaren aurka egindako martxen oihartzunpean hartu ditu EAJk, Sabin Etxean, ELA, LAB eta ESK, eta bilera horretan oso mezu argia igorri die sindikatuei: Euskal lan harremanen esparrua babesteko konpromisoari eusten dio EAJk, eta, lan hitzarmenen lehentasunak ez badira aldatzen erreformaren dekretuan, haren aurka bozkatuko du, ostegunean, Espainiako Kongresuan.

EAJko presidente Andoni Ortuzar bera elkartu da sindikatuetako ordezkariekin, eta hark helarazi die Madrilen sei diputatu dituen alderdiaren jarrera zein den: «Bat gatoz sindikatuen eskaera ia guztiekin, baina aintzat hartuta sindikatuek, patronalak eta Espainiako Gobernuak egindako akordioaren edukia eta Europako Batasunaren baldintzak, negoziatzeko ahalegin guztiak erkidegoaren esparruari eusteko egingo ditugu». Ortuzarrek erantsi du euskal itunek nagusitasuna izateko aldaketa hori «lorgarria» dela oraindik.

ELAk, LABek eta ESK-k EAJri azaldu diote 2010eko eta 2012ko lan erreformek ezarritako desorekak lehengoratu egin behar direla, aurreko ostiralean EH Bilduri azaldu zioten moduan, eta erreformaren aurka bozkatzeko eskatu diote. Euskal esparruari eustea bakarrik ez, kaleratze errazen eta merkeen araudia ere zuzentzea «oinarrizkoa» dela esan diete EAJren ordezkariei. Proposamen tekniko batzuk egin dituzte bi gaiak moldatu ahal izateko: batetik, «patronalak kaleratze objektiboak egiteko dituen erraztasunei mugak jartzeko» eta, bestetik, «euskal negoziazio kolektiboa errespetatua izateko, kanpo injerentziarik gabe».

Marra gorri bakarra

Ortuzarren erantzunak ez du zalantzarako tarterik utzi: euskal esparrua defendatuko dute jeltzaleek, eta, euskal itunen lehentasuna bermatu gabe, ezezkoa izango da EAJren botoa, baina hura izango dute marra gorri bakarra. Hau da, enpresen barne malgutasunaren mekanismoei eutsi izana, alegia, kaleratze errazei eta merkeei, ez da marra gorri bat izango Ortuzarren alderdiarentzat etziko bozketan.

Bien bitartean, PSOE eta Unidas Podemosen ordularia gero eta ozenago hasi da tik-tak egiten, lan erreformaren dekretuak ez baitu oraindik babes nahikorik lortu. ERCk ezezkoari eusten diola jakinarazi du azken orduetan, ez duelako onartzen dekretua «koma bat bera aldatu gabe» babestea, «negoziazioa ukatzea» izango litzatekeelako.

Horiek horrela, gero eta indar handiagoa hartzen ari da PSOE eskuineko bidean saiatuko den aukera, gaur arte ez baitu asmorik erakutsi dekretuan aldaketarik onartzeko, ezta txikirik ere. Ciudadanosen eta UPNren botoak bilatzea aukera erreala da, hortaz. PPk eta Voxek ezezkoa emango dute seguru, baina ERC, EH Bildu, EAJ, CUP eta BNG ez beste guztiek baiezkora joz gero, aurrera aterako luke gobernuak dekretua. Bide horretan, ordea, zalantza ugari azaltzen dira; hasteko, UPNrena. PPk beste alde batera begiratuko luke Nafarroako boto eskuindarrak baiezkora joanez gero? Ezkerreko alderdi txiki guztiek onartuko lukete baietza ematea Ciudadanosekin batera? PEdCATek besterik gabe bozkatuko luke baietz Ciudadanosekin lerrokaturik?

CEOEren betoa, irmo

Bozketa eguna iritsi arte nekez argituko diren galderak dira horiek. Edonola ere, negoziazioek aurrera jarraitzen dute, bizi-bizi, eta Unidas Podemosek hor jarraitzen du ezkerreko bidetik urratsak egiteko saioan. Bide horretan nahikoa bailitzateke EAJk eta ERCk abstentziora jotzea. Podemosek badaki Espainiako Gobernuak legegintzaldiko lege gailena bere bazkideen aurka onartzeak lan erreformatik haragoko ondorioak izango lituzkeela, eta erreforma horren ustezko ezkertiartasuna ezbaian utziko lukeela erabat: hori ere badaki. CEOEren betoa, ordea, dena baldintzatzen ari da, alderdien arteko negoziazioa ukatuz. Hainbeste, ezen PSOE prest agertu baita norabide aldaketa bat erabakitzeko gobernura eraman duen bazkideekiko aliantzetan.

Egoera ikusita, abisu argia eman du EAJko presidenteak: «Patronalak ezin ditu gobernua eta Kongresua bahitu». Ortuzarren ustez, «beharbada, norbaitek pixka bat bere lekuan jarri beharko du patronala». Oraingoz, CEOE patronala ari da Pedro Sanchez bere lekuan jartzen.

Eta Espainiako patronalaren posizioari indar eman dio azken orduetan Bizkaikoak. Cebekek EAJrentzako hitz batzuk helarazi ditu blokeo egoerari buruz galdetu diotenean: «Ulergaitza izango litzaiguke estatuan eta Euskadin elkarrizketa sozialaren alde egitea eta gero akordioak auzitan jartzea». Cebekeko idazkari nagusi Fran Azpiazuk alde batera utzi du Espainiako elkarrizketa sozialean badagoen edo ez dagoen euskal langileek erabakitako gehiengo sindikala, eta EAJ estu hartzeko mezuan sakondu du: «Egiaz sinesten badugu kontzertazio sozialean, balioa eman behar zaio akordioari».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.