Azokak

Iazko hutsunearen ondotik, San Blas azoka eginen dute Abadiñon

Guztira, 88 ekoizlek eta 150 abelburuk hartuko dute parte azokan. Izanen da berrikuntzarik: sariak emanen dizkiete fruta postu hoberenari eta hobekien apaindutako nekazaritza postuari.

2018ko San Blas azokako irudia. ARITZ LOIOLA, FOKU
2022ko urtarrilaren 31
16:28
Entzun

COVID-19aren pandemia tarteko, 2021an ez zen posible izan Abadiñon (Bizkaia) San Blas azoka antolatzea. Aurten, baina, azokak ez du hutsik eginen otsailaren 3an. San Blas eguna izaki, dozenaka postuk herriko plaza hartuko dute ostegunean. Abadiñoko Udalak gaur eman ditu aurtengo aldiaren zehaztapenak: 88 ekoizlek hartuko dute parte, eta 150 abelburuk. Argitu dute «garai bateko» azoken antzekoa izanen dela ostegunekoa. Ohartarazpena egin dute, halere: segurtasun neurriak «zorrotz» beteko dira.

Azoka lau eremutan zatituko dute, jende pilaketak saiheste aldera. Halaber, Udalak gogora ekarri du nahitaezkoa izanen dela maskara une oro jantzirik izatea, baita edukiera neurriak eta pertsonen arteko tartea gordetzea ere. Mugak muga, Abadiñoko alkate Mikel Garaizabalen esanetan, Udalak azokaren ospakizunari eustea erabaki du «hitzordua erreferentziazko eguna delako Durangaldeko eta Bizkaiko gainerako tokietako lehenbiziko sektorerako». Nabarmendu dutenez, azokak motor moduan funtzionatzen du inguruko garapenean, eta eredu da ekoizpen jasangarriari dagokionez.

Bi sariketa, nobedade gisan

Azokaren aurkezpenean jakinarazi dutenez, zenbait nobedade izanen ditu aurtengo San Blas azokak. Estreinako aldiz, saritu eginen dituzte fruta posturik hoberena eta hobekien apaindutako nekazaritza postua. Zehaztu dutenez, produktuen kalitatea, kantitatea eta aurkezteko era izanen dira kontuan garailea aukeratzeko. Irabazleek 250 euroko saria jasoko dute.

Abeltzaintzari dagokionez, 150 abelburu izanen dira etzi azokan. Kopuruaren %40 bertakoak dira, eta behi eta ardi aziendak dira nagusiki. Zaldiak, astoak eta txakurrak ere izanen dira, gainera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.