Osakidetza

Epaileak sei hilabetez luzatu du Osakidetzaren LEPen gaineko ikerketa

Ebazpenak bat egiten du LAB sindikatuak eginiko eskariarekin. 

Osakidetzaren LEPeko azterketa, 2018ko udan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2022ko urtarrilaren 31
19:49
Entzun

Gasteizko Instrukzioko 2. Epaitegiak sei hilabetez luzatu du Osakidetzaren 2016-2017ko LEP lan eskaintza publikoaren iruzurraren inguruko ikerketa, ESK sindikatuak jakinarazi duenez. Ebazpenak bat egiten du LAB sindikatuak aurreko astean egindako eskariarekin. Sindikatuak traumatologiako azterketetan hautagaien «anonimotasuna hausteko» erabili ziren hitzak aurkeztu zizkion epaileari.

Azterketa horien inguruko analisia eginda, LABek adierazi zuen «anonimotasuna hausteko beharrezkoak diren kontsignak edo gako hitzak» topatu zituztela kasu praktikoetan: «Lenke, Mason, Lichman edo Reagan Morrey hitzek, azpimarratuta eta letra larriz, puntuazio ona atera behar zuten pertsonak begiratu batean identifikatzeko balio zuten». Izan ere, azaldu dutenez, 70 puntu baino gehiago atera zituztenen %95ek erabili zituzten hitz horiek.

Gauzak hala, gainerako espezialitateetako azterketen inguruko ikerketa bat egiteko beharra nabarmendu zuen, eta, horretarako, instrukzio epea luzatzeko eskatu. Epaileak ondorioztatu du «ezinezkoa» dela instrukzioa amaitutzat jotzea, eta beharrezkoa dela frogak aztertzeko denbora epea luzatzea; uztailera arte behintzat. Arrazoien artean, eldiario.es-en arabera, gehitu du akusazioek hainbat helegite aurkeztu dituztela Arabako Probintzia Auzitegian, epaitegiak uko egin baitzion, besteak beste, orduko Osasun sailburu Jon Darpon, Osakidetzako zuzendari Maria Jesus Mugika eta beste hainbat goi kargudun inputatzeari.

Egun, hogei lagun daude inputatuta, lan eskaintza publikoan eginiko irregulartasunekin lotuta. Izatez, 2018ko ekainaren 4an egin zen iruzurra plazaratzeko lehen urratsa. Mediku espezialisten probak egin baino hiru egun lehenago notario aurrean idatzitako orri batean, salatzaileek hainbat postu lortuko zituzten lau medikuren izenak eman zituzten, eta baita asmatu ere. Aurrez, LABek, ELAk, Medikuen Sindikatuak eta Osakidetzako hainbat langilek ere adierazi zuten irregulartasunak atzeman zituztela.

Osakidetzako zuzendaritzak aurre egin zien salaketei, baina, barne ikerketa baten ostean, Darponek onartu zuen «zerbaitek huts egin» zuela. Ordurako, afera epaitegietan zegoen, EAEko fiskal nagusiak 11 arlotan «filtrazio zantzuak» zeudela ondorioztatu baitzuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.