Zaldibar

Manifestazioa eginen dute igandean Ermuan, Zaldibarko luiziaren bigarren urteurrenean

Eguerdian abiatuko dute mobilizazioa, herriko plazatik. Ondotik eginen dute dagoeneko iragarria zuten ekitaldia, 13:00etan.

jarraia209128.jpg
jone arruabarrena
2022ko otsailaren 2a
12:22
Entzun

Otsailaren 6an, igandearekin, bi urte beteko dira Zaldibarko (Bizkaia) zabortegia amildu zenetik. Urteurrena dela eta, Aldaketaldiak, Ekologistak Martxan elkarteak, Larreko Mahaiak eta Zaldibar Argitu plataformak prentsaurrekoa egin dute gaur. «Ez dugu zigorgabetasun gehiago nahi. Ekitzak nahi ditugu, eta ez soilik hitz hutsak», adierazi dute. Aldarriak ozentzeko, manifestaziora deitu dute iganderako: 12:00etan hasiko dute martxa, Ermuko plazan. Ondotik, 13:00etan, ekitaldi berezia eginen dute.

Ikusi gehiago: Zaldibarko zabortegiak itxita behar zuela ondorioztatu dute perituek

2020ko hondamendian gertatutakoa ekarri dute gogora prentsaurrekoan. Zaldibar Argitu plataformak zehaztapena egin du, enegarrenez: «Eitzagan hil ziren Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran. Eitzagan geratu zen Beltran, betirako. Ez zen istripua izan, hilketa baizik». Halaber, plataformak azpimarratu du Soraluze eta Beltran ez direla izan biktima bakarrak: «Eitzagako biztanleak izan ziren, hildakoen ostean, kaltetuenak», azaldu du Gaizka Zabarte Zaldibar Argitu plataformako bozeramaileak. Azaldu duenez, zabortegiaren amiltzeak eragindako kutsadura dela eta, osasun azterketak galdegin zituzten bizilagunek, baina Jaurlaritzak eta Zaldibarko Udalak ukatu egin zizkien eske horiek.

Bestalde, urtarrilaren 27an Europako Parlamentuko Eskaera Batzordeak hondamendia ikertzen jarraitzea erabaki zuen, eta, horretarako, informazio gehiago eskatu zien Eusko Jaurlaritzari eta Europako Batzordeari. Orduan Legebiltzarrak izandako jarrera ere salatu dute prentsaurrekoan: «Uko egin zion Eitzagako hondamendia ikertzeko batzordeari».

'Tapia legea'

Legeari ere egin diote so prentsaurrekoan: gogor gaitzetsi dute Tapia legea. «Esan genezake lege hori Zaldibarren probatu dutela onartu aurretik». Adierazi dute, gainera, Zaldibarko Udalak ez duela parte hartu zabortegiaren zigilatzean, ezta egin zaion handiagotzean eta hori gauzatzeko desjabetzeetan ere». Izan ere, salatu dute Zaldibarko Udala ere «morroi zintzoa» izan duela Eusko Jaurlaritzak.

Zaldibarko zabortegia amildu zenean Ingurumen Sailburu zen Iñaki Arriolaz eta haren lantaldeaz ere hitz egin dute prentsaurrekoan, eta azpimarratu dute ez direla argitu arduradun politikoek izan dituzten ardurak: «Zaldibarren ondoren, Arriola beste sail baten buru da; Ernesto Martinez de Cabredo Uraren Agentziatik ETS zuzentzera pasatu da, eta Elena Moreno, Ingurumen sailburuorde izatetik Merkataritza zuzendari izatera».

Bestalde, ez dute aipatu gabe utzi Espainiako Gobernuko Cedex esperimentu zentroko peritu txostena: «Zabortegiaren kudeaketan akatsak izan ziren, baita aurkeztutako proiektu teknikoetan eta zabortegiaren kontrol publikoan ere».

«Erroko aldaketak»

Prentsaurrekoan, Zaldibar Argitu plataformaz gain, Aldaketaldia plataformako Miren Basalduak ere hartu du hitza. Hain zuzen ere, «aldaketak» eragin beharra nabarmendu dute: «Hamarkada erabakigarria da norabidea errotik aldatzeko».

«Euskal Herriko desazkunde justurako 2030erako txoke plana» onartzeko eskaera egin dute: «Premiazkoa da hazkunde mugagabearen paradigmatik urrunduko gaituen erabateko aldaketa bat, bizitzaren babesa erdigunean jarriko duena eta iraunkortasunean, justizia sozialean eta demokrazia parte hartzailean oinarritutako trantsizio ekosozialak sustatuko dituena.

Era berean, Tapia legea ere gaitzetsi dute, eta gehiengo sozialaren interesak ziurtatzeko bermetzat jo dute «herritarren ahalduntzea». Horiek horrela, legea «udal autonomiaren eta herritarren erabakitzeko gaitasunaren aurkako eraso zuzena» dela adierazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.