BERRIAk webgunean nabigatzeko tresna berri bat prestatu du irakurleentzat

Etiketen sistemaren bidez, BERRIAren webgunean argitaratzen diren artikulu guztiak sailkatuko dira, eta gai zehatzak errazago topatzeko modua izango dute irakurleek.

jarraia209142.jpg
mikel p ansa
2022ko otsailaren 2a
23:07
Entzun

Webgunean nabigatzeko sistema berria otsailaren 2tik dago martxan, erabilgarri dagoeneko. BERRIAko kazetariek eta dokumentazioko langileak etiketatu egiten dituzte albiste guztiak, artikulu hori zer gairi buruzkoa den eta zer protagonista dituzten zehaztuz. Etiketa horiek albiste bakoitzaren bukaeran topa daitezke, botoi karratuen formarekin. Albiste honen bukaeran bertan ikus litezke.

Botoi horietan klikatuz gero, orrialde berri bat zabaltzen zaio irakurleari, eta gai horri buruzko artikulu guztiak agertzen zaizkio zerrendatuta, goitik behera. Artikulu berrienak agertzen dira zerrendaren goiko aldean, eta denbora atzera egiten dute pantailan behera egin ahala. Gai, pertsonaia eta talde esanguratsuen artikulu guztiak esku-eskura izango dituzte horrela.

Zuzenean ere sartu liteke etiketen arabera sailkatutako orrialde horietara. Esate baterako, BERRIAn argitaratutako euskarari buruzko artikulu guztiak irakurri nahi izanez gero, aski da berria.eus/etiketak/euskara orrialdera zuzenean jotzea. Horiek bezala, bilduta geldituko dira ingurumen gaiak, hezkuntza gaiak, Palestinako gatazka, pilotako berriak, mendiko kirolei buruzkoak, euskal musikarenak... Eta beste dozenaka gai. Adibide batzuk baizik ez dira horiek.

Horiez gainera, gai zehatzagoen artikuluak ere bilduko dituzte etiketek. Esaterako, COVID-19ari buruzko albiste, erreportaje, iritzi eta elkarrizketa guztiak ere bilduta egongo dira hemendik aurrera. Gauza bera bestelako gaiekin ere; adibidez, egunotan eztabaidagai den Espainiako lan erreformarekin, edota lan istripuekin. Adibideekin jarraituz, Zaldibarko zabortegiari buruzko artikuluak ere bilduta daude. Ukrainako gatazkari buruz sortutako azken berriak ere jarraitu litezke, eta baita Donostiako Zinemaldikoak ere.

Pertsona edota talde jakinei buruzko artikuluak begiratzea ere errazagoa izango da orain, etiketek horiek ere bilduko baitituzte. Orrialde honetan, adibidez, Esther Ferrer artistari buruz BERRIAk argitaratutako artikulu guztiak ikus litezke. Kulturakoak ez ezik, kiroletako, politikako, gizarte arloetako eta beste askotako pertsonei buruzko artikuluak ere bildumatuko dituzte etiketek; esaterako, Joseba Ezkurdiari buruzkoak. Horiek bezala, Nafarroako Gobernuari buruzko artikuluak, eta beste zernahi talde eta erakunderenak. Herrialde jakinetako albisteak ere irakurri ahalko dira, Ukrainakoak, adibidez.

Adibide batzuk baizik ez dira horiek; BERRIAren etiketen datu baseak milaka etiketa ditu, aktualitatean gertatzen direnak sailkatu eta irakurleari horiek aiseago topatzeko aukera emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.