Diru politika

Aldaketarik ez EBZren politikan; tonuan bai

Christine Lagardek ez du baztertu litekeena dela 2022an igoera izatea interes tasetan. Inflazioaren «ustekabeko» igoerarekin kezkatuta dago Europako Banku Zentrala: «egoera, egiaz, aldatu egin da».

Christine Lagarde EBZko presidentea, gaurko agerraldian. THOMAS LOHNES / EFE
Irune Lasa.
2022ko otsailaren 3a
17:07
Entzun

Euroguneko inflazioa urtarrilean %5,1era igo ostean (analista gehienek %4,4ko igoera espero zuten), Europako Banku Zentraleko kontseiluan, nola ez, inflazioa izan dute gaur hizpide nagusia. Eta kontseiluaren ondoko agirian ez bada aldaketarik antzeman —ez bankuaren jarreran ezta pizgarri politikan ere—, gero EBZko presidente Christine Lagardek egindako agerraldian argi gelditu da gauzak aldatu direla. Goranzko inflazioaren ondo-ondoan interes tasak igotzeko presioa hor dagoela, seinale.

Kontseiluan «inflazioari buruzko kezka ahobatezkoa izan da», azaldu du Lagardek: «egoera, egiaz, aldatu egin da». Aitortu du abendu-urtarrileko «ustekabeko» igoerarekin joera aldatu egin dela, eta inflazioa arrisku bihurtu dela, «bereziki luze gabe».

Azpimarratu du euroguneko inflazio igoera horren erdia energiaren prezioek eragin dutela, eta horren eragina hasia dela beste sektoreetara hedatzen. Ildo horretan, Lagardek abenduan ohartarazi zuen adi egongo zirela inflazioaren bigarren itzuliko eraginei, erran nahi baita soldaten igoerari. Eta hor garbi hitz egin du EBZko buruak: «Bankuko analistek ez dute igoera esanguratsurik ikusi euroguneko soldatetan, ezta ere abian diren negoziazio kolektiboetan».

Baina datu horri oso adi jarraituko dutela ere adierazi du Lagardek, iradokiz espero izatekoa dela soldatak igotzea, baina ez inflazioarengatik, baizik eta suspertze ekonomikoarengatik eta enplegu datu onengatik, langabezia txikiarengatik. Dena dela, prezioen igoeraren erritmoa %2aren inguruan izateko Banku Zentralaren helburua «hurbilago dago» Lagarderentzat. Ondorioz, martxoko eta ekaineko EBZko kontseiluak «bereziki inportanteak» izango direla aurreratu du, besteak beste, tasak igotzeko irizpideak betetzen diren edo ez argitzeko.

Interes tasen garaia

Izan ere, inflazioa baretzeko interes tasak dira momentuko gaia diru politikan. Gaur bertan, Ingalaterrako Bankuak (Erresuma Batuko banku zentralak) %0,5 garestitu du diruaren prezioa. AEBetan, berriz, pizgarriak uste baino bizkorrago kentzen ari da Erreserba Federala, eta martxoan tasak igotzen hasiko dela uste da.

Horri buruz, Lagardek esan du inflazioaren eragileak ez direla berak eurogunean, Erresuma Batuan eta AEBetan: energia shockak Europan eragin berezia izan duela; brexit-arekin langile eskasia nozitu duela Erresuma Batuak; AEBetako inflazioa itzelezko pizgarri fiskalak eragina dela, eta eurogunean neurritsuagoa izan dela. Beste argudio bat ere azaldu du: diru garestiagoak zenbateraino baretu ditzake Europaren esku ez dauden energia prezioak?

Hala ere, galdetuta, Christine Lagardek ez du baztertu nahi izan 2022an EBZk interes tasak igotzeko aukera. Are gehiago, gauzak «gradualki» egingo direla esan du, eta, adibidez, martxoan etengo dela pandemiari lotutako aktiboen erosketa programa, PEPP izenekoa. Eta zorra erosteko AAP programa oraindik indarrean dagoela.

Pizgarriak gutxitzea martxoko kontseiluan erabakiko du EBZk, uste baino bizkorrago, horrela hurrengo urratsari, interes tasen igoerari, bidea zabaltzeko? Apustuak gaur bertan hasi dira egiten bonu merkatuetan, eta burtsan, interes tasak noiz igoko erreguka dauden bankuen akzioetan. Hala ere, analista gehienek uste dute abendua izan daitekeela eurogunean interes tasen igoera bat ikusteko hilabetea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.