Lehia hasi da Neguko Olinpiar Jokoetan

Hasiera ekitaldia bihar 13:00etan egingo duten arren, hainbat kiroletan hasiak dira probak. Lau euskal herritar ariko dira.

2022ko otsailaren 3a
17:16
Entzun

Bihar hasiko dira ofizialki Neguko Olinpiar Jokoak. Hasiera ekitaldia Euskal Herriko 13:00etan egingo da, baina lehia hasita dago Pekinen. Ez dute asko itxaron beharko Jokoetan izango diren euskal herritarrek, igandean ekingo baitiote horietako batzuek lehiari. Lau izango dira: Lucas Egibar snowboarderra eta Imanol Rojo, Adur Etxezarreta eta Manex Salsamendi eskiatzaileak.

Egibarrek otsailaren 10ean hartuko du parte, snowboard krosean. Rojo iraupen eskian ariko da, 15+15 eskiatloian igandean, estilo libreko 15 kilometrokoan otsailaren 11n, eta estilo libreko 50 kilometrokoan hilaren 19an. Etxezarreta, berriz, eski alpinoan lehiatuko da, jaitsieran igandean eta supererraldoiko probetan otsailaren 8an. Eta Salsamendi iraupen eskian ariko da, estilo libreko 15 kilometrokoan otsailaren 11n, eta estilo libreko 50 kilometrokoan masan egindako irteeran otsailaren 19an.

Pekin da urte berean udako eta neguko Olinpiar Jokoak antolatzen dituen lehen hiria. Guztira, 3.000 kirolari inguru ariko dira, hamabost diziplinatan. Txinako Gobernuak segurtasun eta osasun neurri oso zorrotzak ezarri ditu. Zenbait herrialdek ez du parte hartuko boikot diplomatikoa egiteko, gizadiaren aurkako krimenak direla-eta Txina salatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.