Jaurlaritzak ebatzi du bihartik aurrera inon ez eskatzea ziurtagiririk

Esan dute asteon ziurtagiriaren inguruan jasotako epaia aintzat hartuta hartu dutela erabakia, eta egoera epidemiologikoari ere erreparatuta

2022ko otsailaren 3a
17:43
Entzun

Bihar agindu bat argitaratuko du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik, eta hori aintzat hartuta, ez da inon eskatu beharko osasun ziurtagiririk. Azaroaren 17ko arau bat indarrean dago oraindik, eta horren arabera gaueko aisialdian eta 50 bezerorentzako baino gehiagoko tokia duten jatetxeetan eskatu egin behar da ziurtagiria, baina bertan behera uztea da asmoa.

Jaurlaritzak adierazi duenez, erabaki horren atzean dago asteon EAE Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ziurtagiriaren erabilera luzatzeko eta zabaltzeko egindako eskeari emandako ezezkoa. Halaber, esan dute egoera epidemiologikoari ere erreparatu diotela.

Osasun Saileko iturriek nabarmendu dute, arau hori bertan behera utzita ere, «zuhur» jokatu behar dela.

Asteartean eman zuen ebazpena EAEko Auzitegi Nagusiak: atzera bota zuen COVID ziurtagiriaren erabilera bi astez luzatzeko eta jarduera gehiagotara zabaltzeko gobernuak egindako eskaria. Jaurlaritzaren galdea oso-osorik bota zuten atzera epaileek; hau da, ez zuten baimendu tabernetan, kultur jardueretan, ospitaleetan eta egoitzetan COVID ziurtagiria otsailaren 13ra arte eskatzen jarraitzea, ez eta neurri hori esparru gehiagotara zabaltzea ere. Luis Angel Garrido magistratua buru duen administrazioarekiko auzien aretoak aho batez hartu du erabakia.

Ziurtagiria bi astez luzatzeko baimena ostiralean eskatu zion Eusko Jaurlaritzak auzitegiari, eta, orain arteko eremuetan ez ezik, beste establezimendu batzuetan ere dokumentua eskatzeko nahia agertu zuen: hain zuzen, hoteletan, turismo ostatuetan eta joko aretoetan. Eskaerei ezezkoa emateko auzitegiak eman duen arrazoi nagusia izan zen ez dagoela nahikoa «ebidentzia zientifikorik» halakorik justifikatzeko; are, estatuan ziurtagiria ezarri duten eta ezarri ez duten erkidegoen erabakiak aztertuta, adierazi du neurri horren «eraginkortasuna» ez dela argi eta garbi ikusten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.